Angel Erro.
JIRA

Xumea

2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Lekualdatze xumea da, diruz ezin neurtua. Xumea, baina orain arte beste inork egin gabea, merezi ez zuelakoan, edo itxi beharreko zauriak irekiko zituelakoan, edo (gero eta argiago susmatzekoa denez) galtzaileak eta galtzaileen ondorengoak baino ez zirelako. 46 biktima, orain 80 urte hilak, erailak, baina ez horregatik ahaztuak, edo ez horregatik guztiz ahaztuak (memoria eta duintasuna nork gorde eduki dutelako urteotan), zulo izengabeetan lurperatuak, kale bazterretan, 46 hezurdura huts, Iruñeko udal hilerrian ehortziak izan dira, luze ukatutako lurrean, luze ukatutako ohore eta aitortza instituzionala lagun. Beti da une ona, baina orain beharbada pixka bat hobea, gogoratzeko hau bezalako zehaztasun txiki bat (aldarrikapenen arrandian oharkabean igaro daitekeena, edo lortutakoan txikiesteko tentazioa eduki dezakeguna) zenbat kostatu zaigun berez, zenbat diktadura eta zenbat demokrazia urte ere, eta nork ahalbidetu duen; hezur izengabe horien ehorzketan Nafarroako presidentea eta Iruñeko alkatea egotea posible izanen zen beste edozein egoeratan, eta batez ere beste edozein egoera horretara itzultzeko prest gauden, eta saihesteko zer egin behar dugun. Lehengo egunekoa, bere xumean, salbuespen izan ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.