Angel Erro.
JIRA

Apo hankak

2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Ez du erraza izan behar, cheerleader suhar eta buruarina izan ezean, alderdi baten kide xehea izateak, apo, muskerrak eta sugeak oinarri dituen dieta ez-elikagarriegira ohituta egon beharko baitu. Suposatzen dut toki guztietan antzeratsu ibiliko direla. Apojanaren bekatutik libre den militanteak bota dezala lehen harria. Baina, guztiarekin ere, beti miretsi izan dut PSNren alderdikideen pairamenak. Deigarriago suertatzen da, noski, planto egiten dutenean, egunotan Lizarrako udal taldean bezala. Bertako militanteek urtarrilean bozkatu eta erabakitakoa, alegia, Navarra Sumako alkateari zentsura mozioa aurkeztea, gauzatzea erabaki dute, kosta ahala kosta, PSNren zuzendaritza kontra egon eta, are, zinegotziak (hiruretatik bi) alderditik kanporatu arren. Alzorrizek dioenez, «PSN-PSOEri, udal taldeari, boto emaileei eta Lizarrako gizarteari iruzur egin diete», nola eta Alzorrizek berak sinatutako gobernu hitzarmenaren partaide eta Chivite lagunaren gobernua ahalbidetu duten alderdiekin ituna eginez, hau da, erkidegoarentzat ona omen den akordioa udalera ere aldatuta. Ulergarria da kaleko militante sozialistek estrategiok ez ulertzea. Paradoxak politak dira Borgesen ipuin batean, ez hainbeste politikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.