Angel Erro.
JIRA

Zer egin dugu gaizki?

2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Eibarreko erasoaren irudiei ez ikusia egin nahi baina ezin izan diet. Berez, notizia leituta, irudiek morboa baino eransten ez diotela pentsatu izan dut. Azkenean ezin izan dut saihestu. Orduan jakin dut polemikaren bat piztu dela irudi gogorrak (emakume baten kontra jipoika ari da mutil bat, lehenengoaren semearen (ezintasunaren) aurrean) grabatu dituena grabatzeari utzi eta emakumearen defentsan atera ez delako. Ez dakit zer pentsatu. Zinemagintzak utzitako arrastoagatik, niri kostatu zait irudiok ez zituela ikusle orojakile batek eskaintzen ulertzea, hor ez zegoela fikziorik, eszena grabatzea baliozkoa izan zitekeela uste zuen pertsona bat baizik. Eta hala da (nik neuk ohartu ondoren zalantza egin arren), irudi horiek gabe ez nengoke zutabe hau idazten eta inork ez zukeen kasu hau aintzat hartuko, estatistika abstraktu batean baizik.

Dena den, notiziaren beste datu batek, erasotzailearen adinak, adin txikikoa baita, 17 urtekoa, beraz, ezin gutxiago, kalkulatu dudanez, arreta deitu dit eta nago aurrekoa baino galdera interesgarriagoak planteatzen dituela. Mende honetan jaiotako gizon batek horrelako eraso bat burutu ahal izatea noren errua, noren akatsa, ari da salatzen? Zer egin dugu gaizki?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.