Estatu propioa zertarako?

Beñi Agirre - Irakasle ohia

2018ko abenduak 4
Etxeko bestelako lanak egiten ari nintzela, irratiaren zarra-zarra etxelagun, Donostian turismoak sortzen dituen trabaz ari zirela sumatu nituen. Kanpotarren masifikazioak sortzen duen ohitura aldaketa eta bertakoen bazterketaz ariko zirela uste dut. Halako batean, danba!, tiro baten moduan sentitu nuen elkarrizketatuaren esaldi bat. Horrelako zerbait: herritarrak lasai egon daitezke, zeren, ostalariak eta hoteletakoak derrigortuta daude informazioa gutxienez gazteleraz izatera. Danba! Berriro ere. Segundo batzuk itxaron... baina, ez. Ez zuen esan euskaraz ere ematera derrigortuta zeudenik.

Hori da, gaur egungo Europan estatu propioa izatearen edo ez izatearen aldea. Alegia, estatua duenak hizkuntza inposa dezake, ez duenak ez. Euskal Herria nazioa izan daiteke, baina ez da estatu, ezin du deus derrigortu Euskal Herrian. Espainiak eta Frantziak, bai.

Bai Euskal Herriak bai eta euskarak bizirauteko estatu propioa behar dutela esaten dugunok eta euskara estaturik gabe ere salba daitekeela uste duten euskaldunen arteko talka ez da oraingoa. Hala ere, satorren moduan, gaia sartu eta atera egiten da noizbehinka. Berriki, Julen Zabalori egozten zaion esaldia atera da prentsan «[...] ezin dugu esan euskara denik herri baten [...] muina, eta hortik jarraituta ezin dugu esan duela berrehun urte Euskal Herria Euskal Herriagoa zenik». Zertaz ari da Euskal Herria esaten duenean?

Euskal Herria eremu geografiko baten kontzeptuan ari bada Euskaltzaindiak Axularren definizioari jarraituz egiten duen bezala, arrazoia du; Araba, Bizkaia (...) batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena baitio arauak. Azken berrehun urte hauetan Euskal Herri geografikoaren mugak ez dira aldatu; beraz, ez da ez Euskal Herriago ez gutxiago. Aldiz, «[...] ezin dugu esan euskara denik herri baten [...] muina...» esaten duenean Euskal Herri euskaldunago edo ez euskaldunago den neurtu beharko litzateke. Horretarako, estatistikara jo beharko genuke, eta kito. Nire ustean, baloratu beharko litzateke orain berrehun urte euskara hegemonikoagoa zela gaur baino, eta gaur, euskarak orain berrehun urte baino garapen tresna eta zabalkunde gehiago dituela; baina, ez dela hegemonikoa inon.

Hortaz, gaiak, azpigai eta mami gehiago ditu azalean ikusten direnak baino. Adibidez, Maddi Ane Txoperenari irakurri diot Benedict Anderson antropologoa aipatuz: «Eta, beraz, nazio bateko herritarrek elkarren artean duten partaidetza sentimenduak irudikatua izan behar du, nahitaez. Horregatik irudikatua ez haatik gezurrezkoa edo asmatua». Ados. Hala ere, Carod Rovira filologo eta politikari katalanaren definizioa kontuan hartzeko da labur esaten duenean «nazio bat, kontakizun (errelato) bat da».

Estatua, ordea, ez da nazioaren sinonimoa. Max Weberren esanetan «Lurralde jakin batean legezko indarkeria menderatze-tresna gisa monopolizatzea lortzen duen erakundea (erakunde multzoa) da. Instituzio forma hartzen du». Alegia, estatua lurralde jakin baten muga-marren barruan egikaritutako boterea da, eta nazioa jende multzo batek irudikatutako eta partekatutako kontakizuna.

Euskal Herria nazio bat da?

Euskal Herria nazio bat da? Ez dakit bat ala hiru diren. Eneko Bidegainek bere Lurraldea eta herria liburuan maisutasunez aztertzen du gaia. Hirurak bat, laurak bat eta zazpiak bat leloen hurrenkera eta erabilpena garbi azaltzen digu historiaren argitan. Zalantza handia dut, ordea, besteek gaur egun herri bakarreko (subjektu sozial, historiko eta politiko bakarreko) kontakizuna bultzatzen ari diren ala, ezjakintasunez edo ondorioak neurtu gabe, hiru kontakizun bultzatzen ari diren gaurko Euskal Herrian (Hirurak bat berria: Euskadi, Nafarroa Garaia eta Iparraldeko euskal Elkargoa); kontuan hartu gabe, hiru narrazioek hiru nazio izango luketela ondorio. Alabaina, Euskal Herria ez da estatu bat. Argi dago.

Maddi Ane Txoperenari jarraituz, «Nazioaren ideia ez litzateke, beraz, iragan komun batean soilik oinarrituko: hori ondotik egindako interpretazioa edo kontakizuna litzateke, nazioari nolabaiteko oinarria jartzeko asmoz egindakoa». Enric Calpena kazetari kataluniarraren iritziz, ordea, «identitate krisia duten gizarteetan historiari buruzko interesa handiagotu egiten da». Kataluniari begira bizi gara azken bolada honetan euskal herritarrok, eta asko haiena kopiatzen saiatzen dira. Ez legoke gaizki, kataluniarrek euren 1714koaz egin duten narrazioa gure oroimen historikoaren mugarriekin (ez soilik 1936tik gaurdainokoekin) egingo bagenu.

Errelatoa (nazioari identitatea ematen dion kontakizuna, hegemoniaren bila) ez da historiaren narrazioa soilik. Eta «soilik» horretan egon daiteke gakoa, Txoperenak «iragan komun batean soilik oinarrituko» esaten duenean. Historiak kokatu egiten gaitu gu. Izan garenatik abiatuta, garenaz hausnartuz irabaziko dugu etorkizuna (errelatoaren hegemonia). Nazioa izateko (herritarrek elkarren artean duten partaidetza sentimenduak irudikatzeko) ez da behar iragan komuna, baina, erabat kezkagarria litzateke Euskal Herria nazio bat bezala irudikatzeko eskura dugun historia komun oparoa ez baliatzea. Agian, hiru nazioen Euskal Herri berriaren errelatoa egin nahi dutenei oztopo zaie. Ez dut ezetz esango.

Estatua izateko, berriz, beharrezkoa al da hizkuntza (euskara gure kasuan) bakarra? Ez nuke baietz esango. Ivan Iztuetaren iritzi artikulu batean Julen Zabaloren hizpideen aurrean dio: «Zabalok tesi 'antiesentzialista' klasikoa formulatzen digu, [...] koiuntura edo 'moda' kontua dela pentsatzea Euskal Herria eta euskararen erabilera txanpon beraren bi aldeak direla». Kasu honetan, zer da Euskal Herria? Estatua ala kontzeptu geografiko-kulturala? Eta euskara? Hizkuntza nazionala edo normalizatua? Ingelesarekin batera, adibidez.

Euskal Herriaren subjektutasun historiko (inola ere bazter uztekoa), sozial eta politiko subirano eta independentearen aitortzatik abiatzen gara? Euskal Herria Estatua da abiapuntua? Horretan ados egonik, marko horretan ados egonik, marraztuko dugu hizkuntzei buruzko normalizazioa, Nafarroa-Euskadi-Euskal Herria izena, ikur eta bandera, eta oro har, behar den guztia; baita horretara iristeko estrategia ere. Gainerakoan, nahiko antzuak izateaz gain, nahasgarriak ere izango dira errelato edo kontakizunak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna