Angel Erro.
JIRA

Erdal tema

2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Barajaseko aireportuan, atzo egiaztatu ahal izan nuenez, langile laguntzaile bat paratu du autobusen udal enpresa publikoak, bus geltokiaren ondoan, behar duenari informazioa emateko. Logikoa denez, zerbitzua gehien baliatuko dutenak atzerritarrak izan arren, atzo arratsaldeko langileak ez daki ingelesez. Tipo jatorra ematen du. Niri irribarre batez argitu zidan, errotuluan Cibeles jarri arren, Atocha tren geltokiraino iristekoa zela busa. Baina ez zuen irudipen bera hartuko galdera erraz bat behin eta berriz egiten saiatzen ari zitzaion gizon itxuraz indiarrak. Langilea keinuka ahalegindu zen, motelago hitz egiten, jokatu gabeko aditzak erabiltzen gaztelaniaz; alferrik.

Berehala gogoratu nintzen euskal lerroko ikastetxeetan eskolazain postuetan euskarazko eskakizuna egiteagatik sortzen den iskanbila. Neure ondoan irudikatu dut premia hori ulertzera iristen ez den erdaldunen bat, halako toki batean autobusei buruzko informazioan lan egiten duen norbaitek ingelesa ongi jakin behar lukeela iradoki eta, zain gaudela, solasaldi bat hasteko. Nire irudimenean ere, non aski hizlari dirdiratsua izaten bainaiz, ezin izan dut alegiazko solaskidea euskara exijitzearena oso bestelako kasua delako tematik atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.