JIRA

Eskuineko sindikatuak

Angel Erro -

2018ko urriak 12
Bitxia da begirunea diozun hitz bati guztiz higuingarriak zaizkizun jarrerak lotuta ikustea. Jakin badakigu badaudela ezkerreko gutxi duten sindikatuak, bertikaltasunaren oroiminaz bizi direnak, langileriaren ikuspegi orokor eta elkartasunezkoaren ordez alor txiki eta askotan pribilegiatuen interes zehatzak baino defendatzen ez dituztenak. Jakin badakigu, baina, halere, min ematen du, higuina ere bai, UAGN nekazari sindikatuaren presidentea eta AFAPNA funtzionarioen sindikatuarena, hurrenez hurren, errenta bermatuak nekazaritzan aritu nahi duten langileak (merke esplotagarriak) aurkitzea zailtzen duela edo hezkuntza sistema publikoaren arazoetako bat pateratik zuzenean ikasgelara salto egindako eta basaren basaz arkatz bat eman eta hura jaten hasten diren etorkinak direla.

Adierazpenok ez lukete gaizki emanen Le Pen eta Salvinik Unione Generale del Lavoro sindikatuan egindako agerraldian. Azken hamarkadetan sindikatuen lana zikintzeko ahalegina egon da, langile klasea desmobilizatze aldera. Nago orain beste fase batean gaudela. Eskuin muturrak sindikatuek oraindik eusten dioten prestigioa aprobetxatu nahi du bere tesi korrosiboek sarbide errazagoa izan dezaten langile klasean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna