Angel Erro.
JIRA

Gihar puztuak

2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Bertan behera gelditu behar izan da kulturismo lehiaketa bat, Santzurtzin, dopinaren kontrako analisiak eginen zirela iragarri eta gero, lehiakide gehienek txapelketa hasia abandonatuta. Giharrezko diruditen konkorrak airezko gertatu ziren, kimikoki puztuak. Gogoa joan zait, nirea ere ihesean, Espainiako Lan Ikuskaritzak hainbat enpresari langileen lan egoerari buruzko ikuskapen bat abiatuko zutela abisatu ondoren, 46.500 langileren kontratu behin-behinekoak, sorginkeriaz bezala, iraunkor bilakatu ziren. Enpresa horiek ere gihar faltsuaz ari zirela ikusgarriki. Dopatuta. Etekinaren erakuskeria lan harremanaren alde ahulenaren kaltean makurraraziz.

Gihar puztua ere erakutsi ohi dute segurtasun indarrek (Cabacasen heriotzaren kasua, orain epaitzen ari dena, dugu horren adibide gertukoena), ez halabeharrez dopatuta jarduten dutelako, metaforikoki ez bada, egiten dutenaren gaineko inpunitate sentsazioagatik baizik; bidegabekeriak estalita, izenik gabetuta, urtuta, geroratuta izanen direla jakinki. Epaiketara irits daitezke, ez gehienetan, baina gehienok beldur gara giharraren puztasuna honaino iritsiko ote den. Itxaropen izpia gordetzen dut ez dezala inork txapelketa zigorgabe abandona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.