Angel Erro.
JIRA

Analogikoki

2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Tarteka irakurtzen dugu Silicon Valley-ko langileek seme-alabak teknologiarik gabeko ikastetxeetara igortzen dituztela. Eskolan orria eta arkatza. Horrelako kontraesanak sinesgarri suertatzen dira, eta galdetu beharko genuke zergatik. Egiazkoak izan daitezke, noski. Gertatzen dira horrelakoak. Konparazioa zilegi bazait, gure aitak haragi-fabrika batean lan egiten zuen, eta ez zuen etxean saltxitxak jaterik nahi. Bazekien nola zeuden eginak. Arrebak eta biok, gaur egun, jaten ditugu arazorik gabe. Oraintxe beste kontraesan batean erortzen ari naiz, hau idatzita, berez ikastetxeak teknologiaz hornitzearen aldekoa naizelako. Uste dut horren aldeko txio bat zabaldu nuela behin. Irri egiten diet guraso teknofoboei, batez ere iritziak aurrez aurre beharrean sare sozialen bidez helarazten dizkidatenei, baina, guztiok bezala, deskonexio digitalarekin amets egiten dut. Inoiz gai izanen ahal naiz.

Hong Kongeko protesten ostean, manifestariek ilara luzeak osatu dituzte, metroa hartzerako, bono txartela erabili beharrean, billete bat txanponez erostean. Analogikoki manifestatu eta gero, ez zuten arrasto digitalik utzi nahi. Digitalaren ondorioak beti baitira analogiko. Hori behintzat argi behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.