Angel Erro.
JIRA

Itzultzaile neuronala

2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Atzo, goizeko 12:15ean, egunkari honetan gehien irakurritako zazpigarren berriak honako goiburu hau zeraman: Itzultzaile neuronal bat sareratu du Jaurlaritzak, Garikoitz Goikoetxeak sinatuta. Barkatuko dit Garikoitzek, baina erabaki dut esteka ez ireki eta barruko testua ez irakurtzea, goiburuak iradoki dizkidan aukera infinituak ez aienatzeagatik. Ordu berean gehien irakurritako seigarren berriak gehitzen duen informazioarekin aski dut: Pentsatu egiten du itzultzaile automatikoak. Gehiago irakurtzeak fantasia amatatzen duten kontu tekniko etsigarrietara eramanen ninduen. Ezinen nuke itzultzaile neuronal hori neure onurarako adimenen irakurgailu moduan irudikatu, eguneroko nire lan hau ikaragarri erraztuko litzaidakeena: goizeko albisteak ikusi (lan istripuak, kaleratzeak, Riverak eta Casadok zer esan duten...) eta neuronek elkarren artean egiten duten konexio harridurazkoak hitzetara, nik baino trebeago, pasaraziko lituzkeen trepeta. Jaurlaritzak plazaratu izanak atzean gibelasmoren bat egon daitekeela susmarazi ere egiten dit: nire pentsuak merkaturatu, hirugarrenei saldu, berez dagoeneko egiten dudana, alegia, baina musu truk. Hobe dut artikulua ireki eta lasaitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.