Angel Erro.
JIRA

Urpeko hiria

2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Inoiz ez naiz Venezian egon. Italiara egin ditudan bidaia gutxietan (bietan) saihestu dut ia oharkabean, errudunago ez sentitzeagatik, turismoaren horroreen hiri ikurra den heinean (Erromara ere ez naiz joan; bestelako arrazoiengatik, baina). Venezia beste zerbaiten ikur ere bihurtzeko bidean da aspaldidanik, naturak (edo denborak), gizakiaren ezaxolaren aurrean, gizakiaren lanarekin egin dezakeenaren suntsiketa orohartzailearena.

Inoiz ez naiz Venezian egon, musikaren bidez ez bada. Bertara joan diren lagunek, ni lasaitu nahian, esaten didatenez, leporaino dauden kale nagusietatik pixka bat atera eta plazatxo eta zubitxo jendegabeetan gal zaitezke. Turismoa beste itsasgora klase bat da. Hari izkin egiten ahal diogula sinesteak ez du arazoa konpontzen.

Inoiz ez naiz Venezian egon, eta eguraldi krisiak irents dezakeelako iragarpen apokaliptiko bezain egiantzekoek ez naute horrenbeste presatzen. Arduragabetasun puntu batekin ari gara denok honetan. Hala izan da urteetan. Edertasuna betierekoa delako ustekizun erratuaren mendean. Edo edertasuna garraiagarria eta arazoak geroragarriak direlako uste ustelean.

Inoiz ez naiz Venezian egon. Uste baino erritmo azkarragoan ari gara amiltzen biok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.