Angel Erro.
JIRA

Zilborreko lohia

2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Iritzi kontrajarriak ditut George Floyden hilketak AEBetan piztu dituen manifestazioen oihartzun gisa Europako hainbat hiritan, gurean ere bai, egiten ari direnekin. Alde batetik, pozten nau erakusten duten elkartasunagatik eta konpontzetik urrun den arazo bat begien aurrean jartzen digulako. Baina, bestetik, koronabirusaldi betean egindako beste manifestazio batzuen kontra gogor mintzatu naiz, eta, oraingoetan pizgarria elkartasuna izan arren, ekar dezakeen arriskua bera da. Ez bakarrik hori, kontzientzia arantza bat ere bada zergatik ez dituzten hauek bezain protesta handiak eragin gurean lehenago izandako beste krimen arrazistek, gehiegikeria polizialek, pertsona beltz, ijito, etorkin eta abarren bizitzaren gutxiespen ugariek, itsasoan hiltzen utzitakoek. Neure buruari galdearazten dit ez ote gauden inpostura baten aurrean, Amerikatik datorrena hemengoa baino larriagotzat hartuta. Baina, nire iritziaren enegarren txiribueltan, hausnartzen dut, txinparta nondik datorren ere, garrantzitsuena dela ekar dezakeen ondorio positiboa. Baina gero pentsatzen dut (ETBk Espainiako errege ohiaz eta Corinna maitaleaz egindako saioa gogoan) kanpokoa salatzen maisuak garela, zilborreko lohiari ez ikusia eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.