Angel Erro.
JIRA

Telebistari itsatsita

2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Goiza telebistari itsatsita eman dut, alferrik, ziazerba krema goxoa nola egin baino ez dut ikasi, eta Isabel Pantojaren kontuen berri. Ez dakit asteguneko goiz hotz bati askoz gehiago eskatzerik dagoen. Berez (lotsa ematen dit orain aitortzeak, nire inozoaren neurria ematen baitu) telebistako ohiko programazioa eten eginen lukeen albistegi berezi baten zain egon naiz. Azken unera arte sinetsita egon naiz Espainiako erregea uniformez jantzita agertuko zitzaidala pantailan, bere babesa bildu nahi zuen militarren jazarraldiaren kontra zerbait esateko, ohiko mintzaldi demokrazia zale hanpatuan. Aitari ongi atera zitzaion. Eta aitak erregealdian izandako zilegitasunaren premian egon zitekeen semea ere. Beharbada isildu nahi luke kolpe militarrarekin amets egiten duten militarrek bere babesa jaso ahal lezaketen susmoa. Nori bururatuko? Aitari ongi atera zitzaion bi karta sortarekin jolastearena. Pentsa, demokraziaren salbatzaile moduan Historiara igaroko zelakoan zegoen, harik eta paradisu fiskaletan kontuak ateratzen hasi arte. Agian militarrek semeari antzeko mesedea egin nahi izan diote, olentzerorako, baina alferrik, Felipek ez dio eskaintzari eutsi. Alferrik pasatu dut goiza telebistari itsatsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.