Angel Erro.
JIRA

Oposizioan egoteaz

2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Albistegi batean, Maria Txibite presidentea eta Ione Belarra ministroa bilduta ikusi ditut Madrilgo bulego dotore batean. Lehenagotik elkar ezagutuko zuten, biak nafarrak izaki. Bisita instituzionala zen. Hots, biek bere buruaz haragoko zerbait ordezkatzen zuten. Berez, Nafarroa eta Espainiar Estatua bilduta zeuden. Pentsakor utzi ninduten irudiok. Berehala ulertu dut zerk egiten zidan kirrinka.

Hurrengo notizian Navarra Sumako Javier Esparza agertu da, ez dut gogoan zertaz hizketan, arranguran, oposizioan daudenek bere duten tonu aldarrikatzailean. Aurreko berriarekin zerikusirik ez, baina irudipena hartu dut gaitziturik dagoela bera ez izateagatik Nafarroa (edo Espainia) ordezkatzen duena. Neurri batean ulertu dut. Nik ere nolabaiteko anomaliatzat bizi dut egoera. Eskuina oposizioan egotea arraroa da, arraroa zaigu. Eta haiek badakite. Mundua bere horretan ongi dagoela uste dutenak, ezer aldatzera ez datozenak (atzera egiteko ez bada), nola egon daitezke oposizioan? Politikan sartu dira agintzeko, ez kexaka egoteko.

Eskuin faktikoa beti dabil agintean, karguetan egonda, bere burua zaharberrituta (gattopardismoa) edo, beste atarramenturik ez badago, indarrez kenduta. Beste guztia salbuespena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.