Angel Erro.
JIRA

Zerbero

2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Paradoxa galantak bizi du Espainiako eskuin politikoa. Klasikoak esanen lukeen moduan, «omnis est divisa in partes tres», hots, hiru partetan partitua eta berezia da, baina sustrai beretik datoz hirurak, hirurek dute edo izan dute Jose Maria Aznar mentore, aitaponteko edo erreferente. Espainiako eskuinaren bateratzailea izandakoak hiru alderdi ezberdin babestu ditu une batean edobestean. Atzo eta gaur Madrilgo kongresuan izaten ari den zentsura mozioaren bitartez, segmentu politiko horren lidergoa nork eskuratuko lehiatzen ari dira. Horregatik, aztertzaile guztiek bat egin dute: Voxen iniziatibak kalte handiagoa egiten dio Alderdi Popularrari kargutik kendu nahi duen Sanchez presidenteari edo bere gobernuari baino, zeinak inbestiduraren babesa berretsiko baitu.

Aznar aita espiritual hirukoitzak beharbada amets eginen du hirurak berriz batzearekin, hirutasun sustantziakidearen inguruko eztabaida teologikoak alde batera utzita, oraingoz ez baitu arrakasta handirik izan bezeroei ideologia bereko hiru markak eskaintzeak, beren beldurren arabera haiek aukeratzearen sentsazio lasaigarria izan dezaten: eskuin paktista, eskuin tradizionala edo zuzenean eskuin faxista. Denboraren kontua da buru batek beste biak irenstea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.