Angel Erro.
JIRA

Susmagarriak

2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Kalean esaldi batek birarazi dit burua. Norbaitek galdetu dio beste bati non dagoen X kalea, nondik jo behar duen haraino iristeko. Harridurak geldiarazi nau. Hortik gutxira ulertu dut zergatik. Neuronaren batek inkongruente iritzi dio eszenari, eta erne jarri naiz. Dagoeneko inor gutxik egiten ditu horrelako galderak. Noiz da nik inori helbide bat galdetu diodan azken aldia, oinez nindoala edo autoa espaloi ondoan geldituta? Erantzunak zahar baino ez nau salatzen. Sakelan eraman ohi dugu duda guztien argibidea. Izatekotan, teknologiarekin moldatzen ez den adineko bat irudika dezaket horrelakoak galdetzen, ez, kasu honetan bezala, mutil ni baino gazteago bat. Horregatik, ohartu naiz, adi-adi nago, gelditu duen andre zaharraz inkontzienteki kezkatuta.

Nagoen tokitik ezin dut ezer entzun. Osasun neurriek agindutako distantzia soziala delakoak neurri batean lasaitzen nau. Beste gizon bat gerturatu da. Laguntza ematera ala konplize? Ni ere hurbiltzekotan egon naiz. Azkenean, baina, emakumea urrundu da, kontaktu fisikorik ez da egon, baina artegatuta sumatu uste dut. Ondoko kioskora hurbildu da, nire ustez babesleku bila, besteak urrundu bitartean. Nik ere alde egin dut azkenik, ongi baino gaizki sentituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.