Angel Erro.
JIRA

Sasoilariak

2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Albistegian eman dute Aragoiko eskualde batean egon den COVID-19 agerraldiaren berri. Ez dut gogoan zehazki non. Bai gogoan dut adituren bat lasai azaldu dela, piztaldia lokalizatuta eta mugatuta dagoelako. Soroetan (oker ez banago, fruituak jasotzen) lan egitera doazen sasoilari atzerritarren artean izan da. Ez du inork esan, baina lerro artean ulertu dut haien bazterkeria bera dela lasaigarria; ez dira bertakoekin nahastuko. Halere, eritasun honek maila sozialez ulertzen ez duelako sasi gezur maiz berrituak badu badaezpadarako bide eskergarria.

Ez zait argi gelditu albistegiaren hurrengo bideoa notizia berari zegokion ala ez. Herriren batean sasoilarientzat egokitutako kiroldegi baten prestaketez ari ziren. Gozatuko zituzten erosotasun bestetik aski arruntez ziharduten harro. Lanetik etorritakoan dutxa gunean freskatu ahalko ziren. Ez zuten trumoilkagela bakar egurastu gabean lo egin beharko. Aisialdirako aretotxoa. Balizko gaixoak isolatzeko gela. Albistegiak ez zekartzan jarraian nekazari sindikatu baten lider nafarraren adierazpenak, oinarrizko errentaren desmasaz kexaka. Ez zuten ordura arteko egoera (toki gehienetan oraindik ohikoa) esklabotzarekin lotu. Gutxieneko giza eskubideak notizia izatea ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.