JIRA

Zeu kazetari

Angel Erro -

2018ko urriak 23
Nire ezkonanaiaren alaba txikienak kazetaria naizela uste du, egunkari batean, honetan, idazten dudalako. Saiatu naiz burutik kentzen, baina, kontrara, niri beste burutazio bat, oraindik handinahiagoa, sartu zait: ez ote garen denok kazetari. Alegia, bitarteko teknikoek (egun guztian prezisio handiko argazki eta bideo kamera bat gainean eramatea, sakelako telefonoaren barruan) gehi sare sozialak bezalako plataforma hedatzaileek ez ote gaituzten denok kazetari bihurtu. Gutxienez, notiziak sortu eta handiagotzeko ahalmenaz hornitu. Batek grabatu du Bartzelonatik Londreserako hegazkin batean sinetsezina dirudien jarrera arrazista. Beste batek, edo batek baino gehiagok, lekukotasun grafikoa eskaini diote segurtasunekoek nola tratatu duten billetea erakutsi nahi ez duen gizon beltza Madrilgo metroan. Oso denbora gutxian inguruko jendea sakelakoa ateratzen ikusi dut gertatzen ari zitzaion bidegabekeria bat salatzeko. Irudi horietako batzuk hedabide orokortzaileetara iristen dira (batzuetan benetako kazetari soldatapekoei lana kenduta), baina beste asko hor geldituko dira, haserrearen balbula, gizartearen hezigarri, manipulazioaren arriskuan. Kazetari ez gaitu eginen, beharbada herritar engaiatuago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna