Angel Erro.
JIRA

Lehen-geroa

2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Aitortuko dut inoiz hartu nauen susmo txar bat. Dieta miragarrien iragarkietan agertu ohi den lehenago eta geroagoko gizon edo emakumearen argazkiak alderantzizko hurrenkeran hartuta ez ote dauden. Hots, lagun argal bat hartu (hilabeteko kontratua egin) eta hogei bat kilo loditzera behartu, azkarragoa baita. Txarrerako bidea askoz erraz eta lauagoa izaten da ia kasu guztietan. Begiradan susmatu diot inoiz halako baten bati.

Venezuelara sartu nahian dabiltzan laguntza humanitarioarekin, honetan pentsatu dut. Gauzak ez ote diren erakutsi nahi digutenaz bestelako hurrenkeran gertatzen ari. Lehenago eta geroago txukun bat aurkezteko munduari. Blokeoaz itota mantendu izan duzun herrialde berberari janari eta sendagaiak eramanda. Zeuk hondatu duzuna (edo hondatzera lagundu duzuna) konpontzera zatozelako irudia emanda. Konponbide irudia edo aitzakia. Negozioaren bila, betiere. Munduan egon badago goseak hilda eta erailda zure laguntza dietetikoa eskertuko duen herrialderik, baina haiek ez dute izaten etekinik ateratzerik. Beharbada gauzak sinpletzen ari naiz, baina jateko kontuekin ez da jolastu behar. Txikitan ikasi ez duenak nekez irits daiteke handitan behar bezalako demokrata izatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.