Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Kolapsoa

2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Ia bete dut kurtso oso bat Ekografiak idazten, eta denetik izan da tarte honetan. Kritika hotz, epel eta bero samarrak idatzi ditut, baina, gaurko hau idazten hastean, konturatu naiz ez dudala sekula gaurkoa bezain irakiten dagoenik idatzi. Telesailen aro honetan bizitzen ari garen ekoizpen kopurua dela eta, zaila da zerbaitek barneak astindu edo txunditzea; hainbeste, behintzat; aspaldi ikusi duzun gauzarik hoberena ikusi duzula pentsatu arte.

Larunbatean, egun hauetan mundu guztiaren ahotan dabilen L'Effondrement telesail frantziarra ikusi nuen. Canal Plusek ekoiztutako jenialtasun hori El Colapso izenpean ikus daiteke Hego Euskal Herrian, Filminen eskutik. Esan bezala, egun bakarrean ikusi dut, eta uste dut horixe dela L'Effondrement ikusteko modurik egokiena. Hogei minutu inguruko eta sekuentzia plano bakarreko zortzi atalek osatzen dute telesaila. Bertan, ezagutzen dugun munduaren kolapsoa ikusi ahal izango dugu. Atal bakoitza leku batean gertatzen da, eta leku horren izena darama atalak. Supermerkatu batean hasi, eta gasolindegi, aerodromo eta zahar etxe batera eramango gaitu, istorio bakoitzean zaplazteko eder bat emanez. Horixe baita L'Effondrement: zortzi zaplazteko.

Telesail ausarta da, oso, eta meritua L'Effondrement-en atzean dagoen Les Parasites kolektiboak du. Guillaume Desjardinsek, Jeremy Bernardek eta Bastien Ughettok osatutako hirukoteak libreki aukeratzen du atal bakoitza plano bakarrean kontatzea, eta muga bat den hori ekoizpenaren indargune nagusi bilakatzen dute. Teknikoki, astakeria hutsa da telesaila, eta hain ondo egina dago, ezen uneoro zu ere protagonistekin zaudela sentiarazten baitzaitu. Ez dut jakin nahi zenbat entsegu ordu behar izan zituen grabaketa bakoitzak, baina imajinatzen dut ez zirela gutxi izango. Teknikoki ikaragarrizko lana da, bai, baina halako zerbait halako emaitzarekin egin ahal izateko, lehen mailako aktoreak ere beharrezkoak dira, eta hemen ez dira ezkutatzen. Horren adibide ditugu, besteak beste, Lubna Azabal, Samir Guesmi eta Bastien Ughetto.

Hori guztia gutxi balitz bezala, distopiak hain modan dauden honetan, eduki zein balio aldetik ere berritzailea da L'Effondrement. Zer gehiago esan maisulan horretaz... Ikusteko, mesedez, ez galtzeko. Niretzat, urteko telesaila, oraingoz, zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.