Albistea entzun

Mendiko eskia

Oroimenean jarraituko dute

Elurra eta COVID-19 gaitza tarteko, azken bi urteetan ez da jokatu Bandres-Karoloren omenezko mendi-eski proba. Aurten, berriz, eskiatzaileak hilaren 19an eta 20an lehiatuko dira. Ohi bezala, bi proba izango dira: banakakoa eta kronoigoera. Banakakoan 1.900 metroko desnibel positibokoa eta 1.000koa jokatuko dira.

Bandres-Karoloren omenezko proba.
Bandres-Karoloren omenezko proba. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko otsailak 8

Azken bi urteak ez dira onak izan Bandres-Karoloren omenezkoa antolatzen aritzen direnentzat. 2020an, proba otsailetik martxora atzeratu behar izan zuten, elur faltarengatik. Baina martxoan ere ezin izan zen egin. Iaz,berriz, COVID-19a izan zen lasterketa ez jokatzearen arrazoia. Aurten, berriz, indarberrituta dator berriro ere mendi eskiko Euskal Herriko festa eta topaketa nagusia.

Antxon Bandres tolosarrak eta Karlos Imirizaldu Karolo noaindarrak, beste gauzen artean, mendia eta mendiko eskia maite zituzten. Oraindik ere ez zen kirol ezaguna garai haietan, diziplina horren bultzatzaile sutsuak izan ziren Euskal Herrian. 2011n hil zen Bandres, etxe ondoan izandako istripu batean, eta haren omenez egin zen lehen lasterketa, 2012ko urtarrilaren 8an. Antxon Bandresen omenezkoa hartu zuen izena lasterketa hark Mendi Eskiko Euskal Herriko Txapelketa ere izan zen. Antolatzaileetako bat izan zen, hain zuzen, Imirizaldu.

2013an ere, hura izan zen omenaldiarekin aurrera jarraitzea eta lasterketari indarra ematea bultzatu zuenetako bat. Baina zorigaiztoko beste istripu batean hil zen Karolo bera ere. Uztailaren 5ean izan zen, mendian eskalatzen ari zela izandako eroriko batean. Geroztik, Bandres-Karoloren omenezkoa izena hartu du otsailean Izaba (Nafarroa) inguruan egiten den Euskal Herriko mendi eskiko probak.

Azken bi urteetako etenaldiaren ondoren, aurten otsailaren 19an eta 20an jokatuko dituzte, betiko moduan, banakako lasterketa eta kronoigoera. Biak Euskal Herriko Txapelketak izango dira. Bi egunetarako dortsalak azkar batean agortu ziren. Banakako proban, eskiatzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeratzeko; 1.900 metroko desnibel positiboa duen lasterketa eta 1.000koa duena.

Lasterketa luzekoek Kartxela, Lakhura eta Txamantxoia mendiak izango dituzte ikusgai une oro. Elurraren egoera kontuan hartu beharrekoa izaten da Izaban, eta oraindik ere zehaztu gabe dauden arren, larunbatean jokatuko litzake banakakoa eta, igandean, berriz, kronoigoera.

1. Zure zenbatgarren aldia da Bandres-Karoloren omenezkoan?
2. Zer distantziatan lehiatuko zara?
3. Aurretik beste lasterketaren bat egin duzu prestatzeko?
4. Zenbat denbora daramazu Bandres-Karolo proba prestatzen?
5. Zeri diozu beldur handien?
6. Zerekin konformatuko zinateke?
7. Bandres-Karoloren ondoren beste lasterketaren bat egiteko asmoa duzu?

LUR BASTERRETXEA (Elorrio, Bizkaia, 1979)
«Eguraldiari eta elurraren baldintzei diet beldur handien»

1. Uste dut proba honetan parte hartuko dudan hirugarren aldia izango dela. Hala ere, azken urteetan egon diren arazoekin ez nago erabat ziur.
2. A ibilbidean, luzean (+1.900 metro ).
3. Otsailaren 12an jokatu den Causiat Extrem lasterketan parte hartuko dut, Candanchun (Aragoi, Espainia).
4. Egia esan, oso gutxi. Gabonetan ez nintzen batere ibili, eta ondoren, aste pare bat gaixorik egon naizenez, ezin entrenatu egon naiz. Beraz, urtarrilaren bukaeran zer edo zer egiten hasi nintzen.
5. Eguraldiari eta elur baldintzei, gehienbat. Azken asteetan antizikloi batean murgilduta gaude, eta, horrekin batera, izotz handia egin du; beraz, mendia arriskutsu dago. Beharbada, eguraldia aldatu egingo da, baina auskalo! Ez dakit zer den onena! Hotzerako eta eurirako gogo gutxi daukat.
6. Lasterketan disfrutatzen saiatuko naiz. Esan bezala, ez naiz asko entrenatu, eta lasterketa «osorik» amaitzen badut, gustura geratuko nintzateke. Ahalik eta hoberen egiten eta sentsazio onekin amaitzen saiatuko naiz.
7. Bai, Altitoy-Ternuako A ibilbidera (Pirinioak, Okzitania) apuntatuta nago.

ION UBIDE (Tolosa, Gipuzkoa, 1981)
«Ondo pasatzeko eta proba amaitzeko helburuarekin noa»

1. Bigarren urtea izango da Bandres-Karolo proban,
2. A ibilbidea egingo dut (+1.900 metro).
3. Ez, hau izango da lehenengoa.
4. Egia esan, oraingoz, behin bakarrik joan naiz elurretara aurtengo neguan. Ez naiz nahi adina joan, koronabirusa tarteko, eta lesio bat ere izan dut denbora honetan.
5. Ez diot ezeri beldurrik, oraingoz. Ondo pasatzera noa lasterketara, eta helburu bakarra da bukatzea eta ondo pasatzea, besterik gabe. Min hartzeak ematen dit beldur handien, bai nik, baita beste guztiek ere.
6. Helmuga zeharkatzearekin eta disfrutatzearekin gustura egongo naiz. Bide batez, bertan lagun batzuk ikustearekin ere konformatuko nintzateke. Ea pixkanaka normaltasunera bueltatzen garen!
7. Bai, ondoren Altitoy-Ternua proba jokatuko dut, eta Iñaki Perez Tauschke izango da nire bikotekidea. Horretan ere proba bukatzea eta gozatzea izango da helburu nagusia.

MADDI ARRAZOLA (Donostia, 1979)
«Aurten hiru aldiz baino ez dut eskiatu pistetan, oso gutxi»

1. Ziur ez nago, baina uste dut laugarren aldia izango dela.
2. A ibilbidean (+1.900 metro) hartuko dut parte.
3. Bakarra egingo dut. Candanchun jokatuko den Causiat Extrem lasterketan lehiatuko dut hurrengo asteburuan.
4. Abenduaren erdialdetik urtarrilaren erdialdera arte, konfinaturik edo erdi konfinaturik egon gara etxean, eta ezin izan dugu Pirinioetara joan. Aurten, hiru egun bakarrik eskiatu dut pistetan. Gehiago ibili nahi nuen, batez ere mendian, baina ezin izan dut. Gainera, belaunean tendinitis bat dut, eta mendian ere nahi adina ezin izan naiz entrenatu.
5. Gehientsuenek bezala, lesioren bat izateari.
6. Lasterketa denbora barruan bukatzearekin konformatuko nintzateke.
7. Bai. Nire kasuan, Altitoy-Ternua izango da aurtengo neguko helburu nagusia. Zazpi aldiz saiatu naiz amaitzen, baina bitan bakarrik lortu dut bukatzea. Ez dut etsiko, eta berriz saiatuko naiz! Aurten, Janire Agirrerekin parte hartuko dut.

AXIER ALONSO (Oñati, Gipuzkoa, 1988)
«Helburua da Euskal Herriko Mendi Eskiko Txapelketako podiumean egotea»

1. Aurtengoa nire laugarren aldia izango da Bandres-Karoloren omenezkoan.
2. A ibilbidea egingo dut (+1.900 metro).
3. Orain arte bi lasterketa jokatu ditut; abenduan Peyragudesekoa (Pirinioak, Okzitania) eta urtarrilean Panticosakoa (Aragoi, Espainia). Asteburuan, Candanchuko Causiat Extreme proba ere jokatuko dut Bandres-Karoloren aurretik.
4. Aurtengo eski denboraldia urrian hasi nintzen prestatzen. Egutegiko helburuetako bat izango da Bandres-Karolo ere, lehen aipatutako gainontzeko lasterketekin batera.
5. Beldurra ez diot ezeri, baina beti ematen du errespetua jaitsieratan arriskatzeak, batez ere elurraren baldintzak onenak ez direnean.
6. Helburua da Euskal Herriko Mendi Eskiko Txapelketako podiumean egotea. Halere, egun horretan gorputzak ondo erantzun, nire onena eman eta helburua ez badut lortzen, hobeak izan direnak zoriondu, eta pozik egongo naiz egindako lanarekin.
7. Bai, badut asmoa lasterketa gehiagotan parte hartzeko hurrengo asteetan. Otsailaren 26an Open Vall Fosca (Pirinioak, Lleida, Herrialde Katalanak) jokatuko dut jarraian. Martxoan, berriz, Altitoy- Ternua, Pierra Menta (Alpeak, Frantzia) eta Tour de Rutor (Alpeak, Italia) jokatuko ditut, besteak beste.

IGONE CAMPOS (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991)
«Bandres-Karoloren ostean lasterketa mordoa egingo dut»

1. Aurtengoa laugarrena izango dela uste dut.
2. A ibilbidean hartu dut parte (+1.900 metro).
3. Ez bereziki. Lasterketa ezberdinak egin ditut dagoeneko, denboraldia hasi aurretik neguko helburuetan sartu nituelako. Bandres-Karoloren omenezko lasterketa ere nire beste helburuetako bat da. Baina, egia esateko, badu berezitik puntu bat, besteek ez dutena.
4. Ez nabil bereziki proba hau prestatzen, baina aurtengo mendi eskiko lasterketak elur gaineko entrenamenduekin prestatzen, azaroan hasi nintzen Tignesen (Alpeak, Frantzia).
5. Proba jokatzeko egunean izan dezakegun elur eskasiari .
6. Ibilbideaz gozatzearekin eta daukadan guztia ematearekin.
7. Bai, mordoxka bat egiteko asmoa daukat oraindik! Vall Fosca, Espainiako Mendi Eskiko Txapelketak (Sierra Nevada, Andaluzia, Espainia), Altitoy-Ternua, Cursa Bassiero (Pirinioak, Lleida, Herrialde Katalanak), Tour de Rutour...

XUBAN EUGI  (Elizondo, Nafarroa, 1992)
«A ibilbidea gogorragoa da, baina oso polita aldi berean»

1. Aurtengoa lehenengo aldia izango da Bandres-Karolon. Duela bi urte izena eman nuen, baina elur faltagatik hasieran atzeratu egin zen, eta gero bertan behera gelditu zen. Aurreko urtean ere COVID-19aren pandemiarengatik ezin izan zen jokatu.
2. Zalantza nuen, baina azkenean A ibilbidea egitea erabaki nuen. Nire lagun batzuek aurreko urteetan parte hartu dute, eta parte hartu nahi nuela esatean, luzea egiteko aholkatu zidaten. Gogorragoa da, baina oso polita aldi berean.
3. Ez. Eskiko lasterketarik ez dut egin. Mendiko lasterketetan ibili izan naiz, eta oraindik ere batzuk egiten ditut. Horrek, nolabait, fisikoki, gutxieneko mantenimendu bat izatea ahalbidetzen dit. Agian, horregatik ere animatu naiz bi ibilbideetatik luzeena egitera.
4. Izena eman eta bertan behera gelditu zen lehen urte horretatik aurrera daramat prestatzen (barrezka). Halere, asteburuetako eskiko ateraldiak, entrenamenduak baino gehiago, mendi ateraldiak dira, eta erritmo aldaketak, serieak edo trantsizioak ez ditut batere prestatu.
5. Gaur-gaurkoz, elur faltagatik aurten ere bertan behera gelditzea da beldurrik handiena. Lesiorik eragingo didan erorikorik ez izatea espero dut. Modu batera edo bestera, mendiaz gozatzeari ez diot utzi nahi, eta lesioek eta hausturek ez dute laguntzen horretan.
6. Amaitzearekin bakarrik konformatuko nintzela esango banizu, ez nizuke egia osoa esango. Nire lehenengo aldia da proba horretan,eta motibatuta nago. Ahalik eta hoberen egin nahi dut. Sentsazio onekin bukatu nahi dut. Argi dago lasterketak asko eskatuko didala, eta sufritu egingo dudala. Baina gozatzen ere saiatuko naiz.
7. Ez dakit oraindik zer egingo dudan. Aurten ez dut beste izen ematerik egin, baina badakit Altitoy-Ternua lasterketa martxoan dela, eta beste proba batzuk ere begiz jota dauzkat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta, garaipena ospatzen, txapelketan jokatutako aurreko lehia batean. ©O. MATXIN EDESA / FOKU

Bikain biribildu dute

Julen Etxeberria

Elordik eta Zabaletak nagusitasunez irabazi diete Peñari eta Eskirozi, eta finalerdietako ligaxkarako sailkatu dira. Jakak eta Arangurenek bigarren garaipena lortu dute, Peio Etxeberriari eta Rezustari gailenduta

Unai Garcia Osasunako erdiko atzelaria, baloia bereganatu nahian, atzo, Cornella-Praten. ©ALEJANDRO GARCIA / EFE

Osasunak txinparta falta du

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak puntu gazi-gozoa lortu du Espanyolen aurka. Partidako lehen gola sartu du, baina itzali egin da gero.

Robin Le Normand, Igor Zubeldia eta Martin Zubimendi, sasoi honetako entrenamendu batean. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Moxalen jauzi handia

Jon Ander De la Hoz

Realaren garai onean izarrak soilik ez, harrobiko jokalariak ere ari dira taldea hauspotzen. Zubietan ondutako jokalariak gako bilakatu dira azken boladako emaitza onak lortzeko. Gaur, Valladolid jasoko dute.

Athleticek eta Alavesek galdu egin dute etxean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.