Loraldia saiatuko da udazkenean emanaldi batzuk berreskuratzen

Jaialdi osoa bertan behera utzi behar izan dute antolatzaileek, baina baikor dira aurrera begira

Ainhoa Sarasola.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Hilaren 10ean zen hastekoa Bilbon Loraldia jaialdiaren seigarren aldia. Martxoaren 29ra bitarte, 29 emanaldi eskaini eta 120 sortzaile baino gehiago batu behar zituen, baina joan den astean egitarau osoa bertan behera utzi behar izan zuten antolatzaileek. Lantaldea «minduta» dagoela aitortu du Imanol Agirre jaialdiaren zuzendari artistikoak, baina era berean «zutik eta lanean, euskal kultura garaikidea loratu ahal izateko ahalik eta azkarren». Baikor daude: «Kulturan ohituak gara kolpe latzak jasotzen. Hauxe oso ezohikoa da, baina laster egunak argituko duelakoan gaude».

Urte eta erdiko lana geratu zaie, gutxi gorabehera, bertan behera. Ideia bat egiteko: 2021eko jaialdia «nahiko aurreraturik» dute jada, eta bi urte barrukoa zirriborratuta ere bai. «Denbora asko behar da kalitate handiko festibal bat plazaratzeko. Kontuan izan hainbat ekoizpen propio ere burutzen dugula, eta horrek ibilbide profesional luzea behar du».

Oraindik goiz da erabakiak alde ekonomikotik izan duen eraginaz balantze bat egiteko, Agirreren ustez, baina azaldu du ez dutela izango aurtengo emanaldietako sarreren diru-sarrerarik, eta festibalaren sustatzaile nagusien eskuetan daudela. «Gehienak erakunde publikoak dira, eta hitz onak eta itxaropentsuak jaso ditugu egun hauetan». Beraz, baikorrak dira alde horretatik ere.

Egoera aldatzean jaialdia egiteko, edo behintzat obra batzuk berreskuratzeko aukerarik ikusten duten galdetuta, «bide horretan lanean» ari direla jakinarazi du. «Udaberritik udazkenera saiatuko gara jauzia egiten. Festibal osoa ezin izango dugu plazaratu, baina bospasei emanaldi estreinatzeko lanean gabiltza». Aretoetan libre dauden datak topatzean ikusten du arazo nagusia. Itxaropenari eusten diote, dena den, baita egin beharreko lanari ere. «Loraldia saiatuko da, eta udazkeneko kultur loraldi txikia plazaratzen ahaleginduko gara».

Sortzaileen jarrera

Jaialdian parte hartzekoak ziren artistek erakutsi duten jarrera nabarmendu du, halaber, zuzendari artistikoak. «Egoera apokaliptiko honetan sortzaileek ez dute burua makurtu. Festibalarekin enpatia eta elkartasuna adierazi dute mezu eder batzuen bidez. Loraldiak ez ditu bazterrean utziko, eta jarraituko dugu lanean haiekin. Elkarlana da gure bidea, eta helburua, sormen garaikidea».

Sareetan egunotan zabaltzen ari den «sormen olatu erraldoia» goraipatu du, eta, aurrera begira, sortzaileen aldeko neurriak beharko direla aldarrikatu du. «Gure bizitzetan emozioa, grina eta edertasuna sortzen dituztenek babes handiagoa merezi dute, eta egoera latz honetatik irteteko duintasunezko plangintza eskatu beharrean gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.