Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Nahi nuke

2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Inoiz ez da beranduegi hasi den urteari gauza berriak eskatzeko. Ez dago entrega data edo ordurik. Ez dago inprentarik zain. Ez dago gutun gisako hori irakurri behar duen Olentzero edo Erregerik. Eskatzea libre da, izan ere, nork bere buruari erronkak jartzea bezainbeste. Eskatutakoa jaso edo ez, agindutakoa bete edo ez; bost axola. Hau desiren zerrenda bat da, eta emaitzak excel batean pilatzea ez dagokio genero literario honi. Utzi diezaiogun hori psikologoari edo administrariari.

Begiratu diezaiodan, bada, 2023ari buffet libre bateko sarreran dagoenak nola. Nahi nuke, adibidez, plataforma handietako euskarazko bikoizketak edukiak atera bezain pronto izatea eskura, beste hizkuntza gehienetan daudenen pare. ETBko buruak deseroso sentitzea (beste) late night bat erosi dutelako gaztelaniaz, eta ondorioztatzea euskarazko eredu propio bat garatu behar dutela lehenbailehen. Eta ahal dela, egin dezatela bertako umoregile amateurrei tokia eginez, zuzenkeria eta kontrol gehiegizkorik gabe. Nahi nuke telebista ikusle datuez gutxiago hitz egin, eta datu argiagoak izan streaming (plataformetan zein telebisten atarietan) zer eta zenbat ikusten den jakiteko. Nahi nuke ETBk gehiago arriskatzea, egitea publiko orokorrarentzat ez diren edukiak ere. Nahi nuke gazteak ez izatea xede talde edo merkatu kuota soil bat. Izan ditzatela —ditzagula?— aukerak eta baliabideak gauzak desberdin egiteko. Nahi nuke telebista koloretsu bat, ez dena ez zuriegia, ez arrosa, ez horitua. Desio nuke telebistarako edo sarerako edukiak sortzen lan egitea ez izatea prekaritatera eta lehiakeriara kondenatutako ofizio bat (gehiago).

Nork bere zilborrari begiratzea ere komeniko da. Bada, ondo legoke aurten Hamaika Telebistan, Kanalduden edo tokiko telebistetan egiten denari gehiago begiratzea. Ez errepikatzea aurrez ere errepikatutakoak enegarren aldiz. Ez autozentsuratzea, eta hitz ez horren politak ere erabiltzea, ikusi dudanak hala eskatzen badu.

Eta buelta, berriz, eskatzera: nahi nituzke alderdi politiko kontzientziatuagoak: ETBren bueltan hartutako erabakietan boz edo botere jolasa baino gehiago ikusten dutenak. Badakitenak, ETBren euskarazko edukien erreferentzialtasuna (edo eza) partida garrantzitsuagoa dela unean uneko inkestak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.