Bilboko Aste Nagusia

Ospakizunaren saltsa

Txipiroiak tintan kozinatu dituzte lehiaketa gastronomikoaren bigarren egunean. Denera, 58 plater aurkeztu dituzte, eta Tintigorri konpartsak lortu du saria.

Moskotarrak konpartsako kide bat, txipiroiak epaimahaiko kideei eramaten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Nerea Ibarzabal
Bilbo
2014ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Janari usain gozoak hartu zuen atzo eguerdian ere Areatza. Hainbat konpartsakide eta kuadrilla elkartu ziren goizean goizetik, Aste Nagusian urtero antolatzen den sukaldaritza lehiaketan parte hartzeko. Jaiak amaitu arte iraungo du lehiaketak, eta egunero plater ezberdin bat kozinatu beharko dute partaideek; atzoko erronka: txipiroiak tintan.

Zenbait txokotako kideak eta Bilbo nahiz inguruko jatetxeetako sukaldariak osatzen dute epaimahaia, eta, guztira, 58 txipiroi plater probatu behar izan zituzten atzo. «Asteartean, patata tortila izan zen plater nagusia, eta 427 tortila aurkeztu zituzten. Gaur [atzo], jende gutxiago aurkeztu da, txipiroia garesti egoteaz gain, kozinatzen zailagoa delako», azaldu zuen Iker Uriguenek. Bilboko Konpartsetako kidea da Uriguen, eta Makilaren kofradiarekin batera antolatzen dute lehiaketa. Urtez urte, geroz eta arrakastatsuagoa bilakatzen ari da. «Sukaldaritza lehiaketa jaien erdigunea da. Ekintzarik garrantzitsuenetarikoa da guretzat».

Eguraldiak txipiroien saltsaren kolorea hartu zuen arren, kuadrillak fin jardun zuten sutondoetan, norbera bere estalpe txikiaren azpian babestuta. Txori Barrote konpartsakoek, esaterako, egunero aurkeztuko dute plateren bat lehiaketan. «Parte hartzea da guretzat garrantzitsua. Txandak egiten ditugu, egun bakoitzean batzuk arduratzen dira kozinatzeaz», azaldu zuen Lurdes Abaitua konpartsakideak. Txipiroiaren beraren kalitatean eta jatorrian datza txipiroi plater gozo baten sekretua, haren ustez: «Hemengo txipiroia izatea komeni da, baina une honetan ez dago askorik. Merkatuetan hemengoak direla esaten digute, baina sekula ez da jakiten». Iritzi berekoa da Josu Respaldiza orozkoarra ere. Hamar urtean dabil lehiaketa gastronomikoan parte hartzen, eta berak argi dauka: «Txipiroi onak egiteko sekretua, txipiroi onak edukitzea da».

Goizak aurrera egin ahala, jende gehiago bildu zen aterkipean,hainbat talderen kazolak kuxkuxeatzera. Lagunarteko apustuak entzun zitezkeen, hango haien saltsak usain hobea zeukala, beste hark iaz ere irabazi zuela, gaztetxo haiek ez zeukatela zer eginik... Kalean kozinatzearen gatza eta piperra. Pedro Prieto, Makilaren kofradiako lehendakariaren ustez, Bilbokoa kasu berezia da: «Ohitura hau bezalakorik ez dago beste herrialdetan. Hemen aritzen direnak bi hilabete aurretik egoten dira zer eta nola prestatu erabakitzen; hamabost lagun mugi ditzake kazola bakar batek. Prozesu hori da polita, bizitzeko beste modu bat da». Bizkaiko Slow Food mugimenduko kidea ere bada Prieto, eta filosofia hori sustatu nahi dute, hain zuzen, honelako ekintza gastronomikoekin: «Produktu guztiak maitatzea da oinarria, hazia ereiten denetik, jakia ahoratzen duguneraino. Hemengo lehengaiak kontsumitu, ondo kozinatu eta astiro jan behar dira. Gure elikadura desglobalizatzea dugu helburu».

Mezu hori hedatzea da orain antolatzaileen erronka, eta horretarako aurkeztu dute aurten Arrain Fish Festival egitasmoa, lehiaketaren barnean. Bilboko hotel eta aterpetxe batzuetan dauden atzerritarrak gonbidatu dituzte tokikoekin sukaldean aritzera, eta orain arte eman gabeko sariak prestatu dituzte: Bakailaoaren Jauna saria edo Arrain Fish Festival Makila, besteak beste.

Txef txikiak

Sukaldea nagusientzat bakarrik dela dioenak, gezurra dio. Aste Nagusian sukaldaritza lehiaketako hiru egun umeei eskainiko dizkiete, epaituko diren platerak nola egiten diren ikas dezaten. Atzo, gainerakoak txipiroiekin borrokan zebiltzan bitartean, hogei haur inguruk marmitakoa prestatzen ikasi zuten karpa nagusian.

Haientzat egokitutako labanekin patatak zatitzen eta tipula txikitzen igaro zuten goiza. Lantzean-lantzean hurbiltzen ziren barandaren bestaldetik begira zeuden gurasoengana, egindako lana harro erakustera. «Etxean aitak askotan egiten du marmitakoa, eta orain nik ere lagundu egingo diot», esan zuen Sandra Zubiagak, pozik. Marmitakoa ondo eginda zegoela ziurtatu ostean, norberak bere etxera eraman ahal izan zuen mimoz prestaturiko bazkaria. Nahi dutenek ostiralean izango dute hurrengo aukera plater gozo bat egiten ikasteko.

Epaimahaia 13:15ean hasi zen txipiroi platerak dastatzen, baina ez da zaporea kontuan hartzen duten bakarra. «Txipiroiaren puntu egokia eta plateraren aurkezpena ere baloratzen ditugu; hori zainduta badago, gainerakoa ere zainduko zuela adierazten du», azaldu zuen Javier Martinek, lehiaketako epaileak. Tintigorri eta Uribarrirenak izan ziren platerik onenak epaimahaiaren iritziz.

Gaurko lehiaketara aurkezten direnek, ordea, bakailaoa prestatu beharko dute. Nola ez, bizkaitar erara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.