ATZEKOZ AURRERA. Paula Huenumilla. Mapudungun irakaslea

«Lehen, 'mozkorrak eta txiroak' ginen; orain, 'terroristak'»

Maputxeen estigmak gainetik kendu eta euren hizkuntza zabaltzeko lanean dihardu Huenumillak. Euskal Herrian dago egun hauetan, euskara ikasten, Euskal Herriko eredua euren herrira eramateko.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Zornotza
2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Zornotzako Barnetegira (Bizkaia) etorri da Paula Huenumilla (Arauco, Wallmapu, 1991), euskara ikasle hasiberri baten azalean jartzeko. Mapudungun hizkuntza irakasten dihardu, eta Mapuzungulezuaiñ elkarteko kide ere bada. Hizkuntza berri bat ikasterakoan ikasleek zer sentitzen duten jakiteko ari da euskara ikasten, eta hilaren 25era arte egongo da Euskal Herrian. Maputxeen lurraldean mapudungun hizkuntza indartzen jarraitzeko estrategia berriak ikasi eta bertan nola txertatu ikastera ere etorri da.

Mapudungun hiztun berria zara. Nolakoa izan da ikasketa?

Duela 100 urte inguru utzi zioten nire familian mapudunguna hitz egiteari. Nire lurraldean ere aspaldi galdu zen. Maputxeon jatorrizko hizkuntza ikastera bueltatzen den familiako lehena naiz, eta nirekin batera ahizpa gaztea etorri da. 2015ean eduki nuen lehen kontaktua mapudungunarekin, eta orduan ez nintzen kaixo esateko gai ere. Inoiz ez nuen mapudungun hiztunik entzun, eta ez nuen entzundako ezer ulertzen. Metodologia eta materialak ere oso eskasak dira, eta, irakasleak hiztunak badira ere, ez daukate pedagogiarik ez irakasteko baliabiderik. Hala ere, jendeak ikasi nahi du nolabait, eta, hala denean, azkenean ikasten duzu.

Eta ikastetik irakasle izatera. Osagarriak dira?

Eskolak emateak irakasten laguntzen dizu. Nik dakidana irakasten dut, eta, irakatsi nahi badut, gehiago ikasi behar dut. Irakasle izateak gehiago ikasteko motibatzen zaitu: eskolak prestatu behar dituzu, eta ikasleek gero eta zalantza gehiago dituzte. Jaso duzuna emateko prozesu bat da, eta hori oso polita da. Hala ere, konturatu ginen pedagogiaz oso eskas genbiltzala.

Eta hortik euskara ikastera?

Bai. Joan den urtera arte, fokua gramatikan jarrita geneukan: aditz taulak eta jokaerak irakasten genituen. Hizkuntzari buruz zekiten ikasleak hezten ari ginen, baina ez hiztunak. Eta orduan hasi ginenpentsatzen zer egin genezakeen jendeak hitz egin zezan, oso oinarrizkoa izanda ere. Euskal Herrira egindako lehen bidaian, euskara eskoletan parte hartu nuen, eta hor konturatu nintzen ikasleek hizkuntza hitz egitea zela helburua. Orduan proposatu nien gutako hiru etor gintezkeela eta euskara ikasle hasiberri baten azalean jarri. Helburua da ikustea metodoak geuregan zer eragin duen. Ez dakizu ezer,eta norbait heltzen da euskara irakasten dizuna. Zure burua islatuta ikusten duzu beste batengan; kasu honetan, euskara irakaslearengan.

Idatzizko ondarea oso urria duzue. Transmisioa zaildu du horrek?

Jesuitak eta ikertzaileak ziren mapudunguna idazten hasi ziren lehenak. Mapudungunez idatzitako lehen liburua 1556koa da, eta1910ean argitaratu zen maputxe batek idatzitako lehen liburua. 1980an, elizak alfabetizazio prozesu bat jarri zuen martxan. Ideia Biblia itzultzea bazen ere, mapudungun hiztunak idazten ikasten hasi ziren, eta, prozesu horri esker, irakurtzeko eta irakasteko materiala lortu zen. Idatzitakoa irakurtzeak hizkuntza mantentzen laguntzen du. Hala ere, denbora eta energia gehiegi galtzen da material elebiduna sortzen. Gaztelaniaz baldin badago, ez du ezertarako balio. Mapudungunez sortu behar da materiala.

Idazten bakarrik ez, maputxe gehienek ez dakite mapudunguna hitz egiten. Zer dela eta?

Herri maputxeak asko sufritu du. Maputxeak «txiroak eta mozkorrak» ginen lehen; orain berriz, «terroristak». Askok ez dute maputxeen berririk izan nahi, baina beste batzuk herria maitatzen hasi dira. Diktadura ostean jaiotako belaunaldiak haustura egin du: ez gara txiletarrak, ez dugu nahi. Asimilazio handia izan dugu, eta hori bukatu nahi dugu.

Euskal Herrian ere sufrimendu hori nabaritzen duzu?

Euskal Herriarekin lotura eginez, antzera gaude, batez ere Ipar Euskal Herriarekin. Gauza askotan oso urruti gaude hemen lortutakotik, baina Iparraldean duten egoera eta gurea oso antzekoak dira: ez dago ofizialtasunik, eta ez dago aitortzarik. Hemengo gazte asko ez da konturatzen aurreko belaunaldiak oraingo egoera lortzeko zenbat borrokatu behar izan diren. Euskaldunekin hitz egitean ikusten dut 40-50 urteko jendearen pentsaera eta nirea bat datozela.

Irakasteko metodologiez gain, zer daramazu Euskal Herritik zuen herrialdera?

Itxaropena. Oso gaizki gaude, baina hemen ikusi dut lan handia eginda gauza asko lor daitezkeela. Sentsazioa daukat lor dezakegula. Jende askorengana heltzea lortzen badugu, beharbada lortuko dugu hizkuntza ez galtzea. Lan hau ez da inoiz bukatzen, baina ez da ezinezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.