ATZEKOZ AURRERA. Mariana Pablo. Mixtec hiztuna

«Gure hizkuntza ahaztuz gero, nola mintzatuko gara gure historiaz?»

Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen II. Topaketetan parte hartu du Mariana Pablok, Mexikoko mixtec hizkuntzaren hiztunetako batek. Mixtecak 471.000 hiztun inguru ditu, eta 30 aldaeratik gora.
RAUL BOGAJO / FOKU

Eider Etxeberria -

2018ko uztailak 25
Mixtec hizkuntzan hitz egiten du Mariana Pablok (Tee Kua, Oaxaca, Mexiko, 1995). Iragan astean Gasteizen egon zen, Higan: Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen II. Topaketetan. 75 gaztek baino gehiagok parte hartu zuten EHUren Udako Ikastaroen programaren barruko ekinbide horretan. Horien artean, mixtec hizkuntzaren berri izan zuten parte hartzaileek, eta beste hizkuntzen hiztunekin esperientziak partekatu zituzten.

Zein da mixtec hizkuntzaren egoera gaur egun?

Mixtecak 30 aldaeratik gora eta 471.000 hiztun inguru ditu. Nahiz eta herriak gertu egon, askotan ez dugu elkar ulertzen. Galtzen ari da hizkuntza, ez dagoelako arau orokor bat. Konkistak, kolonizazioak, eta, orain, globalizazioak, eragina izan dute. Gazteenek ez dute hitz egin nahi, indigena izatea Mexikon lotsaren sinboloa baita, analfabetoa zarela esan nahi du, iraindu egiten zaituzte... Lehengo garaietan mixtecez hitz egiten zuten soilik; orain 50 urte, nire familiako kide bati amak ez zion uzten mixtecez hitz egiten, bazterkeria askoz handiagoa zelako, eta berak ezkutuan hitz egin behar izaten zuen.

Egon al da noizbait batasun bat lortzeko saiakerarik?

Ez, orain ari da INALI [Mexikoko Hizkuntza Indigenen Institutua] arau estandar baten bila. Hiztun gehien duen aldaerarekin dabil, baina lan handia dago oraindik. INALIk esaten duen horretan sinistu dezakegu bakarrik. Idatzizkorako eta ahozkorako behar dugu batasuna, gauza errazenak esateko ere modu asko ditugulako.

Badago kultur ekoizpenik mixtecez (musika, literatura, kazetaritza)?

Ez, literaturarik ez dago; norbaitek poema bat idazten duenean, bere aldaeran idazten du. Ez dugu egunkaririk, baina bai, ordea, musika tradizionala.

Egunerokoan hitz egiten duzue zuen hizkuntzan?

Bai, hitz egiten da, batez ere familia esparruan. Kalean, lotsarik ematen ez dienek baino ez dute hitz egiten mixtecez. Badira familiak beti mixtecez hitz egiten dutenak. Gainerako herri indigenekin elkartzean, hitzak partekatzen ditugu, baina, kasu horretan, oro har, gazteleraz hitz egiten dugu.

Zure hizkuntza jazarria izan da?

Ez, ez da jazarria izan zuzenean, baina haurrek ez dute hitz egin nahi. Askotan, amek haurrei hitz egiten diete, eta horiek ez dute mixtecez erantzun nahi izaten. Herri indigenen kontrako bazterkeria handia dago; horregatik, hizkuntza indigena erabiltzeak lotsa ematen du, analfabetoa zarela esan nahi du. Telebistan agertzen diren ereduak beti dira gazteleradunak. Gainera, beste kulturen eragin handia dugu: esaterako, AEBena.

Gobernuak nolako jarrera dauka hizkuntza indigenekin?

Lege asko aldarrikatu dira; esaterako, konstituzioan bilduta dago informazioa gure hizkuntzan jasotzeko eskubidea dugula, baina ez da betetzen. Oraindik lan izugarria dago egiteko.

Badituzue eskola elebidunak?

Eskolaren izena Eskola Elebiduna da, baina praktikan ez da horrela: klaseak gazteleraz ematen dira. Oso oinarrizko gauzak irakasten dira, ez dutenak elkarrizketa bat izateko aukera ere ematen. Arazo handienetako bat irakasleak bertakoak ez izatea iruditzen zait. Beste herri indigena batzuetako irakasleak daude gure eskoletan; zapotecak, kasurako. Horiek ez dakite mixtecez; beraz, klaseak gazteleraz ematen dituzte.

Emigrazio handia dago zure herrian? Eragiten al du horrek hizkuntzaren galeran?

Nire herritik joaten direnak hiriguneetara joan ohi dira, baina ondoko herrietatik asko AEBetara joaten dira. Askotan ez dute gaztelera menperatzen, eta ingelesa ikasi behar izaten dute. Hala ere, itzultzean berriz janzten dute jantzi tradizionala, eta beren identitatea eta hizkuntza berreskuratzen dituzte. Gehienbat, arrazoi ekonomikoengatik joaten dira. Ziur nago baldintza ekonomiko onak baleude hizkuntzaren egoera ere hobetuko litzakeela.

Zer uste duzu galduko lukeela munduak hizkuntza bat galduta?

Hizkuntzak zaporeak bezalakoak dira. Zapore bat faltako balitzaigu, dena izango litzateke gazia? Dena gozoa? Denek iraun behar lukete; bestela, denok izango ginateke berdinak, denok izango ginateke Mariana. Ez luke zentzurik izango leku bat ezagutzeak denak berdinak balira. Hizkuntzak garrantzitsuak dira: zerbaitek izen hori badu, atzean historia bat duelako da. Gure hizkuntza ahaztuz gero, nola mintzatuko gara gure historiaz? Kultura zerbait integrala da; osagai guztiak behar ditu: ezin da jateko ezer egin osagai guztiak izan gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria