ATZEKOZ AURRERA. Rosa Otxe eta Jexux Arrizabalaga. Xelebreak kofradiako kideak

«Adin batetik aurrera parranda ahazteko ideia puskatu nahi genuen»

Adineko donostiar kaskarinek osatzen dute Xelebreak kofradia, eta hainbat ekitaldi antolatzen dituzte Aste Nagusi alternatiboan. Herritarrek jaia berreskuratu behar dutela adierazi nahi dute.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Edu Lartzanguren -

2018ko abuztuak 15
Rosa Otxe (Donostia, 1940) eta Jexux Arrizabalaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1947) Xelebreak kofradiako kideak dira. Beteranoek Donostiako Aste Nagusia ikusteko duten modu bereziaren berri eman dute.

Zergatik Xelebreak izena? Zeuen burua xelebretzat duzue?

ROSA OTXE: Antzinako xelebreei eginiko omenaldia da, parrandazaleak zirelako. Horietako bat da Hernaniko Etxekalte [Gipuzkoa]. Sekulako parrandak egiten zituen Donostian, XIX. mendean, eta, azkenean, Hernanitik ateratzea debekatu zioten.

JEXUX ARRIZABALAGA: Adin batetik aurrera parranda ahazteko ideia puskatu nahi genuen. Oso sartuta egon da ideia hori hemen azken urteotan. Hautsi nahi dugu, besteak beste, ez delako erreala, eta ez delako inoiz izan. Ohiko bide horretatik ateratzera gonbidatu nahi dugu jendea; horregatik Xelebreak.

Jendea adinaren arabera diskriminatzea da adinkeria. Hori adibide bat da?

J. A.: Bai. Kofradia izan aurretik ere Kantujiran eta dantzan ibiltzen ginen, eta jende gazte eta progresistak esaten zigun: «Baina zuek adin horrekin dantzan ibiltzea ez al da apur bat lotsagarria?».

R. O.: Niretzat garrantzitsuena gazteekin egotea da. Asko dugu ikasteko gazteekin, eta geuk ere, gure esperientziarengatik, badugu zer irakatsi, beharbada.

Zer-nolako ekitaldiak antolatzen dituzue piraten egitarauan?

J. A.: Folk Eguna kofradia izan aurretik ere antolatzen genuen. Zaharren Eguna izena ez genuen onartu, eta, hasieran, Helduen Eguna jarri zioten. Orain hori ere ez dugu onartzen; beraz, Folk Eguna.

Iaz bihurtu zineten kofradia. Zer aldaketa ekarri dizue horrek?

J. A.: Urtean zehar maiz bildu behar izaten dugu aste hau antolatzeko, besteak beste.

R. O.: Konpromiso handia ekarri du, besteekiko harremanak, eta jaiaren barruan sentitzea. Lan asko egin behar da, baina nik, lehen, su-festak ikusten nituen —oso gustuko ditut—, besterik gabe. Baina, orain, jaiaren barruan sentitzen naiz. Begira egotea oso aspergarria da. Lau hasi ginen abesten kalean, Kantujiran, eta, azkenean, jendea bildu zen. Mutxikoak dantzatzen hasi ginen, eta berdin. Nik jendeari eskatuko nioke honetan ere sartzeko gurekin. Beldurra kentzeko.

Barran ere lana egiten duzue?

J. A.: Lehenengo eguna Xelebreen txanda izan zen barran. Garrantzitsua da hasieratik errespetua ezartzea, eta, gure moduko jendea lehen egunean jarrita, jendeak errespetatzen du. Gure arteko boluntarioak egoten dira.

Urteak izan dituzue Donostiako Aste Nagusiaren eboluzioa ikusteko. Zer gehiago aldatu nahiko zenukete?

R. O.: Jende gehiago elkartu beharko ginateke, giroa hobetu egiten delako, eta ideia gehiago sortzen direlako. Bakoitzak bere kabuz zeozer egitea nahiko nuke. Parte hartzea, alegia. Edonola ere, nik ikusten dut ETB, eta, antza, hemen ez da ezer gertatzen. Bakarrik abordatzea ematen dute.

Pio Barojak nobeletan kontatzen zuen donostiar asko egoten zela hotelaren hesiaz bestealdera begira, aristokratak nola dibertitzen ziren ikusten. Hori aldatu da?

R. O.: Amak kontatzen zidan langileek umeei arropa berria janzten zietela erregina etortzen zenean, eta hura ikustera joaten zirela.

J. A.: Zuk Pio Baroja aipatu duzu, baina nik haren aita aipatuko nuke: Serafin Baroja. Jendearentzat abestiak sortu zituen hark, abesti alaiak, eta Jai Alai eratu zuen. Ez aristokratentzat, baizik eta hemengo jendearentzat. Belle Epoque delakoa gehiegi idealizatu dute, eta, azken batean, hamabost bat urte baino ez zuen iraun. Batzuek hemengo gauza garrantzitsuena balitz bezala saldu nahi dute. Garrantzi handiegia ematen zaio. Danborradarekin berdin gertatzen da: jatorrizko edukia galdu du. Inauteriak ziren, jendeak sortutakoak, ez oraingo militar kuadrillak. Kaldereroak ere espontaneoak izan ziren. Inauteriak ospetsuak ziren, jendearen parte hartzeagatik. Orain Tolosara [Gipuzkoa] joaten da jendea. Herriak berea berreskuratu behar du.

R. O.: Horrez gain, jaia hirira zabaldu behar dugu. Kofradia batzuk ez dira Parte Zaharrekoak, eta jaia Donostian hedatzea garrantzitsua da.

Bihar da zuen egun nagusia. Zer egingo duzue?

R. O.: Duela bi urte hasi ginen gure eguna antolatzen. Kantujira pirata dugu 12:00etan; gero, bazkaria; eta 18:30ean, mutxiko erromeria. Ostiralean Dultzemeneoa dugu, antzinako berbena.

Noiz arte izango zarete piratak?

J. A.: Hil arte.

R. O.: Ehun urtez, bai.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Edu Lartzanguren

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna