ATZEKOZ AURRERA. Maria Torrellas. Dokumental egilea

«Kubatik at, uste dute gizonak izan direla nagusi iraultzan: Fidel, Raul...»

'Cubanas, mujeres en Revolución' dokumentala egin du Torrellasek: emakumeek iraultzan izandako rola eta garrantzia bildu ditu, ezezagunak direlakoan, egungo emakume kubatarrek kontatuta.
MONIKA DEL VALLE / FOKU

Maialen Unanue Irureta -

2018ko irailak 6
Euskalduntzat du bere burua Maria Torrellasek (Asturias, Espainia, 1955); hala aldarrikatzen du doan lekura doala. Euskal Herrian bizi zenean, AEKn ikasi zuen, eta hortik datorkio. Argentinan bizi da egun, baina egunotan Euskal Herrian da, Cubanas, mujeres en Revolución lana aurkezten (Kubatarrak: emakumeak iraultzan). Resumen Latinoamericano hedabide alternatiboan dihardu: horren 30. urteurrena izan da dokumentala egiteko aitzakia. Getxoko (Bizkaia) Itzubaltzeta auzoko kultur etxean emango dute bihar, 19:00etan; hilaren 15ean, berriz, Bilboko Hika Ateneon.

1993an joan zinen lehen aldiz Kubara: zergatik eragin zizuten halako zirrara hango emakumeek?

Aro berezi betean zegoela joan nintzen Kubara, kazetari gisa. Hango familia batekin bizi izan nintzen; blokeoaren eraginak sentitu nituen, eta, gainera, SESB desagertua zen: bizitza oso gogorra zen. Haatik, emakume haiek eginahalak egiten zituzten; umore onez egin ere. Izugarrizko imajinazioa zuten otorduak prestatzeko osagai oso gutxirekin. Orduan hasi nintzen emakume haiek miresten.

Garai ezberdinetako emakumeak elkarrizketatu dituzu: zergatik?

Hainbesteko zentsura egon da Kubako iraultzaren aurka, parte hartu zuten andreez ezer gutxi ezagutzen baita. Jendeak ez daki nor zen Celia Sanchez. Ezagunena Vilma Espin izan zen, Kubako Emakumeen Federazioko presidentea zelako. Andre askok egin zuten historia: horregatik nahi nuen egungo emakumeek azaltzea zergatik diren euren erreferente. Kubatik at, uste dute gizonak izan direla nagusi iraultzan: Fidel [Castro], Raul [Castro], Camilo Cienfuegos, Che Guevara...

Zer izan da iraultza haientzat?

Denek gauza bera esan digute: «Iraultzak dena eman digu». Gogoratze hutsarekin hunkitu egiten naiz: grabatzen ari ginela ere maiz hunkitu ginen, izugarria iruditzen zitzaigulako norbaitek hori esatea. Iraultza iritsi arte, emakumeak ez ziren alfabetatzen, ez ziren pertsona gisa existitu ere egin; horixe esan ziguten. Oso jende gutxik daki Kubakoa munduko bigarren legebiltzarra dela andre kopuruan; lehena Afrikakoa da, eta ez Europakoa.

Zeintzuk dira haien gaur egungo borrokak?

Familietako rolak dira horietako bat. Hango emakumeek kontatu didate lanetik etxera iritsi eta askotan kideak ez direla han egoten. Batzuek zerbait egiten dute, baina ez dute sentitzen etxeko lanak beren ardura ere badirenik, ezta haurren hezkuntza eta zaintza ere. Haiek nabarmentzen dute aldatzen zailena kultura dela. Honela esan zuen Isabel Moyak: «Legea aldatzea baino askoz zailagoa da kultura aldatzea». Borroka oso bat daukate egiteko sinbolo kulturalen aurka.

Zer hartuko duzu beti gogoan? Zer ikasi duzu hango emakumeekin?

Gustatuko litzaidake Kubako emakumeak nire baitan bizitzea, nire barruan egotea. Gauza bat nabarmenduko nuke: emakumeen borrokak mantsoak dira: pausoz pauso egin behar dira; ez dira egun bakarrean gertatzen. Elkartasun handia behar dugu geure artean, ulertze gaitasuna: gizarte osoa konbentzitu behar dugu, alda dadin. Lan egin behar dugu gure eskubideak exijitzeko, baina ez dugu ahaztu behar gure inguruko gizonak konbentzitu behar ditugula gizarte askoz ere justuago bat lortzeko, benetan parekidea izateko. Elkarrekin lan egin behar dugu andreok, eta antolatuta egon, baina gizonek ere euren maskulinitatea landu behar dute, dituzten pribilegioak alboratzeko.

Ezkontza «igualitarioak» eztabaidatzen ari dira orain Kuban: uste duzu aurrera aterako dela?

Asko kritikatu izan zaio Kubari homosexualitatea gaixotasuntzat jo izana, baina, Mariela Castrok dioen bezala, hori horrelaxe zen Mendebaldeko herrialde guztietan. Sexu Hezkuntzarako Kubako Institutuaren [Cenesex] arduraduna da, eta lan handia egin dute herrialde guztian. Ezin dizut esan zer aterako den, baina esango nuke prest dagoela Kuba. Beste herrialde batzuetan alderantziz egin dute prozesua: Argentinan, adibidez, legea egin dute, baina jendea ez dago prest: auzoetan, oraindik ere, lesbiana bat ikusten badute, astindu egiten dute. Homofobia eta transfobia kasu oso larriak daude Argentinan.

Zer moduzko garaiak dira hauek emakumeentzat?

Lekuaren arabera. Argentinan sortu zen lehenengo mundu mailako deialdia, 2015ean, Ni una menos leloarekin; oso egoera larria da, egunero hiltzen baitute emakume bat. Horrek batu egin gintuen, eta, alde horretatik, uste dut garai ona dela emakumeok indarra har dezagun eta bat egin dezagun. Kubako emakumeak bat eginda daude federazio bakarrean, eta hori ere bada haiengandik ikasi beharreko gauza oso garrantzitsu bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Maialen Unanue Irureta

Informazio osagarria