ATZEKOZ AURRERA. Jose Maria Ordovas. Nutrigenetikan aditua

«Denetik jan, baina postreko platerean»

Genomaren araberako nutrizioaren aldekoa da Ordovas: hau da, pertsona bakoitzaren geneen araberako dietak defendatzen ditu, eta, haren esanetan, uste baino lehenago heda daitezke.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Maialen Unanue Irureta -

2018ko irailak 14
Nutrigenetikan aditua da Jose Maria Ordovas (Zaragoza, Espainia, 1956), eta Bostongo (AEB) Tufts unibertsitatean irakasle eta laborategiko zuzendari dabil. Project Gastronomia: gastronomia pertsonalizaturantz 2050 jardunaldietan parte hartu du Basque Culinary Centerren, Donostian. Plater bete urdaiazpiko du parean; 1982az geroztik bizi da Bostonen, eta aukera gutxi omen du urdaiazpikoa jateko: «Dieta mediterraneoa egin dezakezu han, zenbait salbuespenekin».

Ez dago mundu guztiari baliagarri litzaiokeen dieta edo irizpiderik?

Bakarra: sen ona. Nire mentore Paco Grandek zioen bezala, denetik jan behar da, baina postreko platerean. Hori, adibidez, baliagarria litzateke biztanleriaren zati handi batentzat. Noski, egongo da jendea batetik edo bestetik gehiago edo gutxiago beharko duena, eta hor sartzen da zientzia; nutrizio pertsonalizatuak esango dio bakoitzari: «Jan ezazu dena postreko platerean, baina bete ezazu gehiago plater hau eta gutxiago beste hura».

Bada bizi guztia dietan pasatzen duen jendea, edo dieta ugari probatzen dituena egokiena topatu nahian. Nutrigenetikarekin, lehen kolpean asmatuko lukete?

Baiki: bilatze prozesu hori ez litzateke beharrezkoa izango. Arazoa da dieta egokia topatu bitartean bidean geldi daitezkeela: huts eginez gero, dieta bat kaltegarria izan daiteke osasunarentzat. Bati on egiten dion horrek kalte egin diezaioke beste bati: batzuetan, okerragoa izaten da erremedioa gaixotasuna baino, eta bestelako nutrizio arazo edo gabezia batzuk sor daitezke.

Osasuntsu egotea, hein batean, buru osasunak bermatzen duela diozu: animoak hainbeste eragiten du osasunean?

Etengabe. Eguneroko gorabehera txikiak oso garrantzitsuak dira gure osasunarentzat. Ez dugu gure urdaila soilik elikatu behar, baita burmuina ere. Gero eta gehiago ari gara ezagutzen hestearen eta burmuinaren arteko konexioa, mikrobiomaren bidez. Nola sentitzen garen baldintza dezakete bakterio batzuek. Pentsa, sistema gastrikoa ez badaukagu ondo, ez gara umoreko egoten, eta, alderantziz, kezkaren bat badaukagu, zuzenean eragiten digu sistema gastrointestinalean. Halakoetan, batzuek ezin izaten dute jan, eta beste batzuek, aldiz, pila bat jaten dute, animatuko direlakoan.

Hitzaldian esan duzu osasunarentzat erabakigarriak direla ingurumena, jarrera, bizitza estiloa eta emozioak.

Pentsa, bizi garen lekuak elikadura mota batera edo bestera bideratzen gaitu. Harreman sozialek ere baldintzatzen gaituzte: AEBetan, adibidez, bulegoan ordenagailu aurrean bazkaltzea da arruntena, eta beste leku batzuetan bazkalordua sakratua da; eserita egiten da, jendearekin, lasai... Hain desberdinak dira bi kasuek gure gorputzean sortzen dituzten erreakzio kimikoak! Gure geneei eragiten dieten heinean, osasunari ere eragiten diete.

Dieta pertsonalizatuak 2050. urtea baino lehen iristea espero duzula diozu. Nork hartu beharko luke horren ardura?

Denok. Batetik, ikerlariek lan egin beharko lukete zientzia solidoa izan dadin, eta lortzen dituzten emaitzak benetakoak izan daitezen. Bestetik, gobernuek funtsak bideratu beharko lituzkete ikerketa horiek egin ahal izateko. Kontsumitzaileek, noski, arduraz jokatu eta hezi egin beharko lukete, urrea eta pirita bereizten jakin dezaten. Horrela, negozioetan bide okerra hartu dutenak eta benetan osasuntsuak ez diren produktuak eskaintzen dituztenak desagertu egingo lirateke, jendeak ez lituzkeelako erosiko. Enpresek arduraz jokatu beharko lukete, etikoak izan, eta ikerketa bultzatu. Beraz, denok egin behar dugu ekarpena honek aurrera egin dezan.

Zenbat dieta mirarizko ez ote dituzten iragartzen...

Gal ditzakezu kiloak horrela, agian, baina, agian, osasuna ere galduko duzu. Eta, ziurrenik, galdutako kilo horiek berriz hartu eta gehiago gizen zaitezke denbora gutxian: horixe gertatu ohi da. Ez dakit mirari asko ikusiko zenituen zure bizitzan, baina, nutrizioaren alorrean, nik ez dut bat ere ikusi.

Dieta hitza argaltzearekin lotu ohi da, baina, izatez, denentzat litzateke egokia osasuntsu egoteko?

Denok behar dugu dieta bat; lehenago edo geroago, arazoa pisua ez bada, bestelakoak izan daitezke: arazo kardiobaskularrak, sistema kognitiboa martxan izateko arazoak...

Jaten dena bezain garrantzitsua da noiz jaten den, zure esanetan: komeni da otorduen ordutegia egunero antzekoa izatea?

Gutxi gorabehera, bai. Pertsona bakoitzak bere kronotipoa dauka, eta kronotipo horretara moldatu behar dugu. Batzuek hobeto ikasten dute egunez, eta beste batzuek, gauez; okurritu ere ez hori aldarazten saiatzea. Bakoitzak ondoen datorkion ordutegia bilatu behar du, horiek errespetatzen saiatu, erotu gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Maialen Unanue Irureta

Informazio osagarria