ATZEKOZ AURRERA. Blas Castellon. Ikerlaria

«Oinarrizko elementua izan da gatza munduko kultura askorentzat»

Gatzaren erabilera eta ekoizteko moduak nabarmen aldatu dira denboraren joanarekin. Hala eta guztiz ere, Castellonek azpimarratu du elementu garrantzitsua dela oraindik ere.

BERRIA.
aitor biain
Gasteiz
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Jangarria den harri bakarra da gatza gizakiarentzat, baina beste hamaika erabilera izan ditu historian. Horiek guztiak ikertzeaz arduratzen da Blas Castellon (Mexiko Hiria, 1956). Gasteizen izan da egunotan, Gatzaren Antropologiaren Nazioarteko kongresuan.

Urre zuria gisa ere izendatu dute askok. Gatza garrantzitsua izan da gizakiarentzat? Zergatik?

Arrazoi historikoak daude izen horren atzean: XIX. mendea baino lehen, baliabide urria zen gatza; leku jakin batzuetan bilatu behar izaten zen, horrek dituen ondorio guztiekin. Izan ere, gatza garrantzitsua izan da gizakiarentzat, bai elikadurarako baina bai komertziorako. Hortik dator izena, noski. XIX. mendetik aurrera, kimika modernoak hori guztia amaitu zuen: edozein tokitan aurki daiteke gatza egun.

Zein beste erabilera izan du historian?

Asko eta oso desberdinak izan ditu. Elikadurarako eta komertziorako erabili izan da, batez ere, baina jakien kontserbaziorako zein elementu sendagarri gisa ere erabili izan da gatza, baita erritualetarako ere. Munduko kultura askorentzat, oinarrizko elementua izan da gatza; hein handi batean, naturaren eta kulturaren arteko trantsizioa ulertzeko, modu orokor batean esanda. Lehengaien purutasuna edo ezpurutasuna neurtzeko elementu bat izan da; bekatuarekin harreman estua izan du, esaterako. Gatza elementu beroa da hainbat kulturatan, lurretik datozen barazki hotzekin alderatuta.

Edozein txokotan aurki daiteke eta edozein eratan. Bada, hura ekoizteko ere forma ugari daude. Badago loturarik horien guztien artean?

Bai, noski. Gatza ekoizteko formulak oso antzekoak dira munduko edozein txokotan, eta hala izan dira gainera edozein garaitan. Asian, Ameriketan eta Afrikan nola ekoitzi izan den aztertuz gero, antzekotasun interesgarri asko aurki daitezke. Gatza ekoizteko, batez ere, naturaren prozesu kimikoak imitatu izan dira, nahiz eta kultura bakoitzak bere ezaugarriak erantsi.

Zein da gatza ekoizteko gehien erabili izan den metodoa?

Gatza egoera likidotik solidora bilakatzea izan da gehien erabilitako metodoa. Eguzki izpiekin lurruntzen den uretatik ekoitzi izan da gatz gehien gaurdaino; denbora tarte laburrean kantitate handia ekoitzi daitekeelako.

Gatzak ere badu kutsu kulturala, beraz. Hori ikertzen da egun gatzaren antropologiaren bitartez?

Bai, hala da. Marius Alexianu antropologo errumaniarrak proposatutako kontzeptua da, eta gatza ikuspuntu guztietatik aztertzen duten ikerketa guztiak biltzea du xede. Urtez urte,joan baitira gatzari buruzko ikerketak; Europan, batez ere, asko ugaritu dira.

Zuk zeuk gatzak Mexikoko historian izan duen garrantzia ikertu duzu. Zein ondorio atera dituzu?

Mexikon, munduko beste txoko guztietan bezala, hainbat kulturaren garapenarekin izan du lotura gatzak, eta, nola ez, baita elikadurarekin ere. Gatz iturburu gehien dituen herrialdeetako bat da Mexiko, eta, egun, gatza tradizionalki ekoizten den toki gehien duen lurraldea da. Horrek izan du eta badu bere pisua oraindik ere. Izan ere, gatz asko ekoizten da munduan modu industrialean egun. Baina ustiapen tradizionalen beharra dago oraindik ere, jendeak tokian tokiko ezaugarriak bereizten baititu. Eta ezaugarri horiek ez daude industrialki ekoitzitakoan: usaina, kolorea, zaporea… «Zergatik jarraitu behar dugu gatza modu tradizionalean ekoizten kantitate handian ekoitz badezakegu eta edozein tokitan aurki badezakegu?», galdetzen dute askok. Hori da erantzuna.

Gatzaren arlo kulturala galdu egin da ekoizpen handiekin?

Kuriosoa da hori, eta horretarako egiten ditugu kongresuak, besteak beste: ez da desagertu, mantentzen da oraindik ere, nahiz eta egun eskala handian ekoizten den. Industrialki ekoizten den gatzaren gehiengoa industria kimikorako bideratzen da; oso urria da gizakion kontsumorako erabiltzen dena. Hala eta guztiz ere, ekoizpen tradizionalek iraun dute, ez dira desagertu, eta horrek gatzaren arlo kulturalari eusteko bidea eman du.

Eta nola eutsi zaio gaur arte kultura horri?

Modu askotara; toponimia da horietako bat. Errumanian, esaterako, badira toki izen asko gatzari erreferentzia egiten diotenak, baita Ingalaterran ere. Gasteizko kongresuan ezagutu dut kasu bat: Ingalaterrako Northwich herriak lotura estua izan du gatzarekin, iturburu ugari izan baitira bertan historian. Kuriosoa da nola herriaren izenean gatza bera ageri den: kontatu zutenez, wich horrek gatzari egiten dio erreferentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.