ATZEKOZ AURRERA. Nerea Balda. Iruñeko udal literatur lehiaketaren irabazlea

«Lehenbizi, nire buruan idazten dut»

Iruñean egile berrientzat antolaturiko narrazio eta poesia sari nagusiak jasota, kontent da Balda. Uste du aukera berriak sor diezazkioketela aurten lortutako sariek. «Beti ondoan izan dudan tresna da literatura».
GORKA RUBIO / FOKU

Iker Tubia -

2018ko abenduak 26
Aurretik ere aurkeztu den arren, lehenbiziko aldiz irabazi du. Ez nolanahi ere. Iruñeko Udalak antolatzen duen Egile Berrientzako Literatur Lehiaketako narrazio eta poesia sariak eskuratu ditu Nerea Baldak (Irurtzun, Nafarroa, 1975). Euskal hizkuntza eta literatura irakaslea da Altsasuko (Nafarroa) institutuan, eta idaztea maite du.

Sari batekin aski ez, eta bi jaso dituzu Iruñean.

Oso pozik nago. Egia esan, lanak bukatu nituenean, nahiko konforme nengoen egindakoarekin; batez ere, narrazioan lortu nuen buruan neukana paperean jasotzea. Hori ez da beti gertatzen, eta gustura gelditu nintzen. Poesiak ibilbide luzeagoa du, hamabost poema baitira, eta urtean zehar idatziak. Bi poema sortu nituen hasiera eta bukaerarako, izenburuarekin lotuta [Patriketan gordeak], eta horren bitartez lortu nuen poema bildumari batasuna ematea. Patriketan denetarik sartzen dugu: galdu nahi ez duguna, zaborra... Gauza asko pilatzen zaizkigu, eta, batzuetan, hori hustu egin behar da.

Literatur zaletasuna antzematen da zure lanean?

Saiatzen naiz ikasgelara eramaten, baina zaila da. Gaur egun, ikasleak ikus-entzunezkoen zaleagoak dira, askoz erakargarriagoak zaizkie.

Gaur egun zailago da hori lortzea, edo beti horrela izan da?

Adin bakoitzak baditu gauzak egiteko garaia. Ez dut uste bigarren hezkuntza garairik onena denik horretarako. Beste interes batzuk dituzte. Aldi berean, gaur egun teknologien, Interneten eta ikus-entzunezkoen aukera hain handia da, askoz errazagoa da hori jasotzea.

Zer ematen dizu idazketak?

Balio dit pentsamendua antolatzeko, eta barruan ditudan kezkak beste modu batera adierazteko. Garai batean egunerokoa idazten nuen, orain ez, baina beti izan dut ohitura gertatzen zitzaidana edo egiten nuena idatziz jasotzekoa. Beti ondoan izan dudan tresna da.

Denbora bat zeneraman idatzi gabe. Ez zaizu herdoildu luma?

Ez dakit. Izan ditut bolada batzuk gehiago idaztekoak, eta beste batzuk gehiago irakurtzekoak. Uste dut irakurtzeak ere laguntzen duela. Dena den, egia da hau korrika egitea bezala dela. Entrenamendua behar da, eta, egunero egiten bada, askoz ere gutxiago kostatzen da.

Irakurtzea eta idaztea, biak dira elkarren osagarri?

Bai, zalantzarik gabe. Irakurtzen dut gustuko dudalako, baina horrela ikusten dituzu gauza ezberdinak, eta asko jasotzen duzu.

Iruñeko talde bortxaketa da narrazioaren gai nagusia. Ekilibristen antzera ibili zara, edo lasai?

Lasai idatzi dut, talde bortxaketa testuinguru gisa erabili baitut. Ez dut bortxaketa hori kontatu. Lau kontakizun dira, bakoitzean emakume bat da protagonista, eta guztiak dira epaiketan parte hartu duten gizonezkoen hurbilekoak. Gertatutakoak emakume horiengan duen eragina bilatu dut: zer sentitzen eta pentsatzen dute?

Nola sartu zara haien buruetan? Nola eratu dituzu pertsonaiak?

Joera hori izaten dut: norbaiten larruan jarri, eta ikusi zein kontraesan dituen. Ez zait zaila egiten.

Zer ondorio atera dituzu haiengandik?

Kanpotik esan dezakezu honen kontra zaudela oso garbi, baina, agian, gertuago beste gauza batzuk daude, eta kontraesanak. Zerbaitengatik, heziketagatik edo, zenbait gauza barneratuak dituzu, eta onartu egiten dituzu. Orduan, hori zergatik pasatzen den ikusi nahi nuen.

Idatzitakoak balio izan dizu gaiarekiko iritzia sendotzeko?

Bai. Gauzak garbi ditut, baina erabili ditut sare sozialetan irakurritakoak. Horko astakeriek eta kontraesanek pentsarazi didate.

Auziak amorru handia piztu du gizartean. Zuk ere behar zenuen haserrea nolabait bideratu?

Bai. Bakoitzak gure gaiak ditugu, eta egia da gai honek asko arduratzen nauela. Iazko sariketan ere genero indarkeriaren gaia landu nuen. Dena den, pertsonaien sentimenduak ere garrantzitsuak dira.

Poesian ere irabazi duzu. Zertan aritzen zara erosoen?

Garai batean, poesia askoz gehiago idazten nuen, baina, orain, joera handiagoa dut narraziorako. Agian, orain, erosoago nago narrazioan. Poesian gehiago kostatzen zait nahi dudana esatea.

Noiz edo nola lortzen duzu inspirazioa poesiarako?

Lehen, paseatzen nintzenean, musika eramaten nuen, baina halako batean esan nuen: «Ez, giroa entzungo dut». Ibiltzen burua mugitzen da, eta ideia asko ateratzen zaizkit. Lehenbizi, nire buruan idazten dut.

Getxon, Ramiro Pinilla saria jaso zenuen irailean. Aurrera begira beste ate batzuk ireki daitezke?

Idaztea gustatzen zait, eta, gainera, ikusten dut egiten dudana ez dela txarra. Ikusiko dugu. Orain zain nago ea Getxokoa argitaratzen duten; agian horrekin ni ezagutzen hasiko dira, eta egin dezaket bidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria