ATZEKOZ AURRERA. Miel A. Elustondo. Kazetaria

«Josi dudan bidean barna egitea dut lana»

'Izaskun Arrueren urratsen atzetik' liburua idatzi du Elustondok. Gasteizko «euskara jendearen» irudia osatu du, Arrue abiapuntutzat hartuta. Jasotakoarekin dokumental bat ere egitea badarabil buruan.
ENDIKA PORTILLO / FOKU

Jon Rejado -

2019ko urtarrilak 2
Arabako lehen andereñoa izendatu zuten Izaskun Arrue. Zenbait gurasoren nahiari erantzun, eta eskolak euskaraz ematen hasi zen, 1963an. Etxean, hasieran. Beste hainbat lekutan, gero: Olabide ikastolan, Irakasle Eskolan... 2016an zendu zen. Miel A. Elustondok (Azpeitia, Gipuzkoa, 1958) Arrue ardatz hartu du gerra aurretik 1975.era arte Gasteizko «euskara jendeak» josi zituen sareak biltzeko, liburu batean.

Izaskun Arrueren urratsen atzetik da liburuaren izenburua. Nora eraman zaituzte urrats horiek?

Batetik, 1963ko abenduaren 4an haur eder haiek Izaskun Arrueren etxera eraman zituzten gurasoetara. Bestetik, guraso horien peskizan, 1933ko Euskal Eskolara heldu naiz, lehen ikastola hartara. Hango bi ikasle bizirik ditugu oraindik: Andoni Perez Cuadrado eta Peli Romarategi. Haien lekukotasuna abiapuntu hartu, eta gerra ondora zubia egin dut, Andoni Urrestarazu Umandi-ren eskoletara. Umandiren ikasle Jose Antonio Arriolak, berriz, 1941etik 1963ra bitarteko aldia entenditzen lagundu dit.

Izaskun Arruek Olabide Ikastola utzi arteko garaira iritsi zara.

Bai. Tartean, Peli Martinen familiak eskura jarritako idatzi urregorrizkoa eta Pakita Abaituak emandako testigantza izan ditut. Horrekin batera, Izaskuni egindako elkarrizketak. 2000. urtean izan nintzen berarekin estreinakoz, eta, harrezkero, bi elkarrizketa formal egin nizkion. Kalean fortunatu eta hitz egin, berriz, behin baino gehiagotan. Izaskunen lehen ikasle izandakoak ere hortxe izan ditut, berriemaile eskuzabal. 1967an, bestalde, Gasteizen dugu Eusebio Osa, Teologia ikasle gazte kuadrillarekin. Osaren alargun Arantxa Uribarrik eta ikasle gazte haiek emandako informazioa ere zinez baliagarria izan zait.

Liburuan jaso duzu zergatik utzi zion Arruek Olabide ikastolan irakasteari.

Merezi ez zuen amaiera, berak aukeratu zuena. Garai hartako alaba izan zen, garai hartako seme-alabak zituen ondoko hurrenak. Euskara batu harekin, gure oraingo estandarrarekin, zalantzak zituen. Manuel Lekuonari, euskaltzainburu izandakoari, galdezka joan zitzaion Andoainera! Elizarekin bat eginda zegoen, eta haren giroko eliztarrek ez zuten euskara batu hura nahi. Izaskunek ere ezetz erabaki zuen, eta Olabide Ikastolak batzar gorabehera handikoan euskara batuaren alde egin zuenean, Izaskunek, bere buruarekin zintzo jokatu, eta ikastola utzi zuen. Eta bi semeak ere ikastolatik atera zituen.

Gogorra Izaskun Arrueren erabakia.

Oso gogorra ere! Jose Antonio Arriolak kontatu zidan: «Hatxea da erreboluzioaren sinbolo plastikoa», esaten omen zuten batuaren alde lainezatuta zebiltzanak. Belaunaldien arteko etena ere izan zen. Oraintxe ere, ez pentsa euskaraz jaio garenok gazteago zaituztegunen euskara besterik gabe ontzat ematen dugunik. Bi eta hiru aldiz ere leitu behar izaten ditugu zuen zenbait esaldi! Hala eta ere, «bekatutik libre dagoenak bota beza lehen harria!», irakatsi ziguten moduan esanda.

Nola hasi zinen liburua idazteko proiektuan?

Izaskun hil, orain dela bi urtetsu, eta berehala zabaldu zen omenaldi hotsa. Hortik aurrerago joan behar genuela iritzi nion, Izaskunen hitzak beti gogoan: «Ni ez nintzen hona etorri ikastola bat irekitzeko asmotan. Ez. Hemen baziren guraso batzuk euskaraz ez zekitenak, baina beren umeek euskaraz jakitea nahi zutenak. Haiena izan zen meritua!». Horrekin batera, gerraurreko ikastolako Pilar Landaburu andereñoaren arrastoan ere jarri ninduen Izaskunek. «Guraso haiek», eta Pilar Landaburu. Horiek gabe, Izaskun ez genuela behar bezala omenduko iruditu zitzaidan. Eta horrelaxe ekarri ditut bistara direnak eta ez direnak.

Andereñoaren urratsen atzetik abiatu zinen. Heldu zara helmugara?

Bai, zera! Orain berri ona zabaltzea dagokit. Gerraurretik 1975era bitartean euskara jendeak Gasteizen egin duen bidea josi dut, bai, baina orain, berriz, bide horretan barna sakontzea dut lana. Aitzurra eta pala hartu, eta sakonagora jo behar dut, sistematikoki lan egin: lekukoen zerrenda osatu, material grafikoa arakatu, 60ko hamarkadako ikastolako ikasleen ikasmaterialak bildu, Izaskun Arruek utzitakoa aztertu…

Hamaika lan duzu aurretik, Izaskun Arrueren urratsen atzetik abiatuta ere.

Dokumentala ere egin beharko dugu, leitzen ez duen jendea euskara jendearen historia honetaz jabe dadin. Baina ez dakit dokumentala eginda ere jabetuko den. Izaskunen biografia idatzi dudala uste dute batzuek. Ez da hori. Hau euskararen historia sozialaren zirriborroa da, gerraurretik 1975era, Gasteizen. Inoiz ez dut lan hobea egingo! Hauxe da nire ondasun guztia!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon Rejado

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna