ATZEKOZ AURRERA. Aritz Azparren. Musikaria eta musika irakaslea

«Banda baten egitura kooperatiboa da»

Bost urte dira Azparrenek Moyoko (Uganda) musika eskola martxan jarri zuenetik. Kontent agertu da aurten bertako irakasleak izanen dituztelako, eta batzuek Iruñera etortzeko aukera izan dezaketelako.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Iker Tubia -

2019ko urtarrilak 10
Oraindik Nafarroan bada ere, otsailean Ugandara itzuliko da Aritz Azparren (Uharte, Nafarroa, 1982). Burlatako Arua Elkartasuna GKEarekin batera Vura musika proiektua martxan jarri zuen 2014an: musika eskola sortu zuten. Ordutik, eskolak ematen dituzte Moyo eta Adjumani herrietan. Orain, hango Maduga banda Iruñera ekartzeko diru bilketa abiatu dute Interneten. Pamplonesa bandaren 100. urteurreneko banda topaketan Iruñean nahi dituzte ugandarrak.

Zer doinu du Ugandak?

Jendeak asko abesten du oraindik ere, eta musikak garrantzi handia du kalean. 30 urte pasatu zituzten hainbat gerratan. Mendebaldeko Nilon nago, eta nire sentsazioa da gerraosteko gizarte bat dela zona horretan. Dena lasai dago, ez dago tentsiorik, baina badago zerbait azpian. Agian, beldurra. Jende harreratsua eta positiboa da, eta erritmo handia dute. Oso garrantzitsua da perkusioa, bizitasuna dute.

Musikak garrantzi handia du, baina musika hezkuntzarik ez zen?

Batzuek esaten didate: «Baina ez da hobe medikuntza, adibidez?». Ez dut uste. Musika tresna bat da, eta musikak bere baliabide espezifikoak ditu diru sarrerak lortzeko. Baina, batez ere, norberaren barnean gertatzen diren gauza askoren indartzea lortu nahi dugu proiektuaren bidez. Batetik, sistema bat sortu, maila teknikoan aurrera egiteko. Lehendik ere bazen banda bat, baina ez zegoen musika irakaslerik. Banda batean jotzea oso positiboa da, egitura hori, berez, kooperatiboa delako. Beste gauza positibo bat da, arlo sozialean, neskak eta mutilak maila berean aritzen direla.

Genero ezberdintasunak oso nabariak dira?

Uganda rol gizarte bat da: gizonek gauza batzuk egin behar dituzte, eta emakumeek beste batzuk. Aukera bat da 12 urte dituztenetik bandan elkarrekin aritzea. Generoen arteko integrazioa da helburua.

Neskei bestelako aukerak ematen dizkie programa horrek?

Bertako irakasleak mutilak dira, hasieran soilik gizonak zeudelako. Nire ardura da neskek eta mutilek lekua duten egitura bat sortzea. Pixkanaka aukerak izanen dituzte emakumeek, eta nahiko genuke ardurak hartzea. Gu joan aurretik, Adjumanin ez zegoen bandarik. Orain, neskak gehiago dira bandan.

Kolonialtzat jo dezake norbaitek zuen proiektua?

Haiek laguntza eskatu ziguten, eta boluntario asko pasatu dira ordutik. Haien ereduari jarraituta eta hura indartuta egin dugu proiektua; beraz, alde horretatik, ez dut uste akulturazio edo inkulturazio bat egon denik. Bestalde, helburua beti izan da pixkanaka haiek ardura hartzea. Aurten, lehenbizikoz, hangoak izanen dira lau irakasleak. Pixkanaka gaindituko dugu kanpoko dependentzia; prozesu horretan gaude.

Zer esan nahiko luke haientzat Iruñera etortzea?

Etortzea bera esperientzia interesgarria da, ugandarrentzat ez baita erraza hona etortzea. Horrekin batera, aukera izango dute formakuntza jasotzeko. Gainera, mundu osoko bandak egonen dira, beraz, beste eredu batzuk ikusiko dituzte.

Maduga bandak zer musika jotzen du? Bertakoa, denetarikoa?

Hemen bezala, badago musika tradizionala, baina oro har oso gutxi erabiltzen dute. Normalean martxak jotzen dituzte. Irratian gustuko duten abesti bat entzun, eta ikasi egiten dute, eta etengabe jotzen dute martxetan. Bestalde, ereserkiak oso garrantzitsuak dira, eta guk emandako obrak dituzte.

Zer prestakuntza du bandak?

Moyon aldez aurretik egiten zutenari jarraitu diogu: haize metalezko instrumentuak. Adjumanin erabaki genuen musika tresna konplementarioak sartzea: flauta, klarinetea eta saxofoia. Banda militarrak dira, hori kolonialismoaren arrastoa da. Etorriko balira, interesgarriena martxak ikustea litzateke.

Hemen ere martxak egiten dira.

Asko ari gara galtzen, baina sanferminetan, kalean, edozein tokitan, ez badago txarangarik edo fanfarrerik, zertarako? Bai, garrantzitsua da.

Musikarekiko zaletasuna handitu da proiektuari esker?

Haiek oso argi dute: bandan jo nahi dute. Baina bandara iristeko ibilbide bat egin behar dute. Hemen bezala, hango ikasleek berehala iritsi nahi dute helburura. Orain, maila igo da, eta gehiago kostatzen da iristea. Baina grina dute, eta gustua hartzen diote hasieratik.

Aurrera begira, proiektuak zer helburu ditu?

Esan bezala, aurten urrats handia egin dugu, haiek izanen direlako irakasleak. Nik lagunduko diet. Bestalde, nahiko genuke guretzako eraikin bat egin Moyon, dirua lortuz gero. Horrez gain, normalean ez dugu haien folklorea lantzen. Gutxitua dago, eta herri musikaren esparrua landu nahi dugu. Horretarako, aurrekontua behar dugu. Alor teknikoa eta tradizioa lotuko dituen espazio bat sortu nahiko genuke, eta emaitza ikusi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna