ATZEKOZ AURRERA. Metig Jakez-Vargas. Kazetaria

«Bretoieraren transmisioa falta da»

Bretoiera izango du gaia Jakez-Vargas kazetariak gaur emango duen hitzaldian, Gasteizen. Hizkuntzak bizi duen egoera eta horretan eragin duten faktoreak izango ditu hizpide, baita etorkizuna ere.

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Hitz Adina Mintzo zikloaren barruan, sasoiko hirugarren hizkuntza landuko dute: bretoiera. Bretainian hitz egiten den hizkuntza da, zeltikoa. Metig Jakez-Vargas (Karaez, Bretainia, 1993) izango da hizlaria. Bretoieraren aldeko ekintzailea ez ezik, kazetaria ere bada; besteak beste, hizkuntza horretan sortu nahi duten proiektu komunikatibo bateko partaide da. Bretoieraren nondik norakoez mintzatuko da gaur, 19:00etan, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.

Frantziako Estatuaren kolonizazioa jasan du bretoierak. Noiz ekin zioten hizkuntzaren alde borrokatzeari?

Frantziako Estatuak bretoiera debekatu egin zuen eskolan, eta poliki-poliki jendea bretoiera ahazten hasi zen; gainera, ez zen transmititzen belaunaldiz belaunaldi. Gizartean presioa ere bazegoen, eta asko ziren seme-alabei hizkuntza irakasten ez zieten familiak. Uste zuten ez zela baliagarria izango etorkizunerako. 1970eko hamarkadan, ordea, bretoieraren aldeko borrokari ekin zioten. Hizkuntza oso zaharra da, frantsesa baino zaharragoa. Herritar batzuk konturatu ziren hizkuntzaren alde borrokatu beharra zegoela, mantendu egin behar zela. Ingurukoak kontzientziatu nahi zituzten.

Debekuaren aurka, Diwan eskolak sortu ziren.

Lehen Diwan eskola 1977an sortu zen, Lambaol-Gwitalmeze herrian. Ikastolen eredua zuten oinarri, eta bretoieraz irakastea zuten helburu. Egoera prekarioa zen: eskolak etxeetan ematen zituzten, eta ikasleentzako janaria ere amek prestatzen zuten norberak bere etxean. Irakasleei ordaintzeko ere arazoak izaten ziren. Esan daiteke gaur egun ere egoera prekarioa dela. Sistema publikoan ikasle gehiago daude, eta bertan ere irakasten da bretoieraz. Diwan eskoletan, egun, 4.600 ikasle inguru daude.

Eta ikasleak ere altxatu dira lizeoaren osteko proban. Zein da gazteen jarrera hizkuntzarekiko?

Bak e Brezhoneg ikasleen kolektiboko hamabost gaztek bretoieraz erantzun zuten lizeo osteko matematikako azterketan iazko ekainaren 22an, Baxoa probaren barruan.Arriskua zegoen azterketa ez zuzentzeko bretoieraz egiteagatik, baina, azkenean, frantsesez zuzendu zieten. Ekintzarekin, hizkuntzaren aldeko aldarria egin zuten. Gazte horiek, Diwan eskoletan ikasten dutenak, ohituta daude bretoieraz hitz egiten; finean, egunerokoan bretoieraz bizi dira. Eskola horietatik harago ere, gazte batzuentzat garrantzitsua da bretoiera.

Zein egoera dago gizartean hizkuntzari dagokionez?

Ai'ta taldea dugu, helburu nagusitzat bretoieraren alde egitea duena. Euskarazko itzulpena bagoaz izango litzateke. Taldeko kideak saiatzen dira hizkuntza leku guztietara zabaltzen eta hitz egiten. Ar Redadeg egitasmoa ere badugu, Euskal Herriko Korrika bezalakoa. Lehendabizikoz 2008an egin zen, eta azkena 2018an egin da. Lekukoa bretoieraren alde egiten dutenen artean eramaten da, eta hainbat kolektibo zein proiektu omentzen dituzte egindako lanarengatik. Adibidez, aurten, bretoieraz emitituko den irrati bat jarriko da martxan: Radio Naoned. Bretoiera irratian lehen aldiz entzuteko aukera egongo da Naoneden (Nantes).

Parekatzeko modukoak al dira euskararen eta bretoieraren egoerak?

Euskararekin alderatuta, bretoierak hiztun gutxiago ditu. Bretoieraz hitz egiten dutenen ehunekoa %5,5 da Bretainian, Naoned barne. Inkesta bat egin zen orain urtebete, eta ondorioztatu zen gazteek zaharrek baino gehiago hitz egiten dutela. Egoera tristea da. Adineko gehienek badakite hizkuntza, baina ez dute hitz egiten.

Badirudi gutxiengoa borrokatzen dela hizkuntzaren alde. Zergatik?

Asko dira arrazoiak. Frantzian bretoierak ez du estatus ofizialik, eta, beraz, zaila da politikariek horren alde egitea. Militanteek indarra jarri zuten dantzak, kantak eta hizkuntza mantentzeko. Borrokak ez dira orain urte batzuetako berberak. Bretoieraren transmisioa falta da belaunaldien artean.

Politikariak aipatu dituzu. Zein jarrera dute haiek?

Teorian, hizkuntzaren alde egiten dute politikariek, baina, praktikan, ez da hala. Nahiz eta Bretainiako talde politikoak izan, handienen aurrean ez dira ahaltsuak. Gutxiengoa dira.

Hitzaldian guztia azaltzeko aukera izango duzu; gainera, euskaraz egingo duzu.

Bretoieraren erroak, egungo egoera eta etorkizuna azaltzeaz gain, hizkuntza ikasteko moduak ere aipatuko ditut. Hitz batzuk ikasteko aukera ere egongo da. Hitzaldia, gainera, euskaraz ematen saiatuko naiz. Bilbon bizi izan nintzen bi urtez, eta euskaltegian ikasi nuen. Euskara hizkuntza gutxitua izanik, garrantzitsua da ikastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.