ATZEKOZ AURRERA. Nico Egibar. Hizlaria

«Orain hagitzez ere zoriontsuago naiz»

Bere bizitzako esperientziak oinarri hartuta, motibazio hitzaldiak ematen ditu Nico Egibarrek. Bizitzak jarritako traba denak gainditu, eta zoriontsu izaten jarraitu nahi du luzaroan.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Bera
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Bizitzeko grina. Horixe transmititzen du Nico Egibar gazteak (Donostia, 1991) bere hitzaldietan.2013an izandako motor istripu baten ondorioz, garun paralisia du Egibarrek, eta ondorio fisiko larriak ditu. Hala ere, bidaiatzen jarraitzen du. Joan den ortziralean Beran (Nafarroa) izan zen, bertako Toki Ona institutuko guraso elkarteak gonbidatuta, eta Nicoren bidaiak izeneko hitzaldia eman zuen.

Graduatu berria, gaztea, kirolaria.Bat-batean, 2013ko irailean bizitza aldatu zitzaizun. Zer gertatu zen?

Motor istripua izan nuen. Etxera bidean nindoala, Igeldora bidean,bihurgune batean auto bat ikusi nuen nire erreian. Kolpean frenatu, eta buruarekin autoa jo nuen. Ez nindoan hagitz agudo, 60 km/h-ko abiaduran edo. Nire burmuinak garezurra jo zuen. Horren ondorioz, orain kalteak ditut solastatzeko orduan, orekan, memorian. Koma naturalean egon nintzen bi hilabetez, eta gero errehabilitazioan bertze sei hilabetez.

Orain nola zaude?

Nahiz eta gaizki nagoela ematen duen, hagitz ongi nago. Artatu ninduten medikuak ere harrituta gelditzen dira zein ongi nagoen ikusita. Zorionez, nire kasuan salbuespenak erregela berresten du. Nire zailtasun guztiekin, motxila hartuta bakarrik bidaiatzen dut munduan barrena. Bidaietan ezagutzen dudan jendea harrituta gelditzen da. Baina bizi egin behar da; bizitza bakarra da, eta niri hau egokitu zait. Gorputz eta buru honekin ez dut etxean gelditu nahi; bizitza bizi nahi dut.

Nolakoa da orain zure egunerokoa?

Egia erran, anitz bidaiatzen dut. Lehengo bizitzarekin egingo ez nituzkeen gauza anitz egiten ditut orain. Lehen pentsaezinak ziren gauzetan ematen dut bizitza; dibulgazio zientifikoko eta bizitza filosofiako liburu zoragarriak irakurtzen ditut. Irakurtzean sekulako plazera sentitzen dut, eta, hain memoria txarra dudanez, liburuko datuekin laburpenak egiten ditut. Dokumental liluragarriak ere ikusten ditut: unibertsoari buruzkoak, bizitzari buruzkoak, bidaien ingurukoak... Orain, marrazten hasi naiz; ikasketaz ingeniaria naiz, eta marrazketan ongi moldatzen naiz. Marrazki horiek margotzen ere hasi naiz; ez naiz hain abila, baina, egia erran, berdin du, entretenitu egiten naizelako.

Ohiko bizimodua egiten duzu?

Ohiko bizitza langilearen bizitza da, eta nik ez dut lanik egiten; hala ere, hori kenduta, erran daiteke baietz.Istripuaren ondorioz dudan memoria txarrak eta bertzelako arrasto fisikoek lan egitea eragozten didate. Etorkizunean, memoria hobetzean,gustatutako litzaidake lan egitea; ez nuke nahi bizitza guztian erretiratu gisa bizi. Gizartearentzat baliagarria izan nahi nuke, eman didan guztia itzuli nahiko nioke, eta horretarako prestatzen ari naiz. Motibatzeko hitzaldiak ematen jarraitzea ere gustatuko litzaidake.

Institutuko ikasleekin egon zara.Zer sentitzen duzu jende talde baten aitzinean zure bizipenak kontatzen dituzunean?

Egun berean hiru hitzaldi eman ditut, eta tontakeria ematen du, baina nekatu egiten naiz. Berehala nabaritzen dut deskantsua behar dudala. Hala ere, jendearen erreakzioa ikusita, merezi du. Beti harritzen dira nire istorioak entzunda, eta beti eskatzen dute gehiago kontatzeko.

«Bizitzak proban jartzen zaitu batzuetan». Zuk errana da. Nola atera zara proba horietatik?

Bizitzak zangotraba batekin jarri zidan proba, eta hemen nago oraindik. Zorionez, onik atera nintzen. Eta nahiz eta hain ongi ez atera, aurpegi ona jarri behar duzu, jarrera ona izan, eta aitzinera segi. Jarrera ona eta umore ona badituzu eta positiboa bazara, hobeki ateratzen dira gauzak. Negatibo izanda ez da ezer lortzen, positibo izan eta gauzen alde onari erreparatu behar zaio.

Zure anaia Lucas Egibar swonboarder saritua da. Anitzek erran du haren inspirazio iturri izan zarela.

Nik beti erraten dut inspirazioa elkarrekikoa dela. Hark beti erraten du nik lehiarako eta irabazteko inspiratzen dudala. Ni anaia nagusia naiz, eta, anaia txikia irabazten ikusten dudanean, pentsatzen dut nik ere bizitzako oztopo guztiak gaindi ditzakedala.

Zerbaiten falta sumatzen duzu aurreko bizitzatik?

Bai; siesta hainbertze behar ez izatea. Lagunekin planak egiten ditudanean, beti hartu behar dute kontuan nik deskantsua behar dudala. Independentzia horren falta anitzetan sumatzen dut. Hala ere, lagun eta familia zoragarria ditut, eta beti oroitzen dira nirekin. Nik, ordainetan, irribarrea eta poztasuna ematen dizkiet.

Zoriontsu zara?

Nahiz eta nire aurreko bizitzan baino gauza gutxiago egin, orain hagitzez ere zoriontsuagoa naiz. Nire zailtasun guztiekin, bizitza gehiago aprobetxatzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.