ATZEKOZ AURRERA. Suku Maya. Nepaldarra

«Bisitan zetozenean, ez nuen ulertzen»

Bizitza asko aldatu zituen Pumori mendiak 2001ean. Haren magalean jaio zen Maya, eta dagoeneko urte eta erdi baino gehiago darama Euskal Herrian. Gaixotasunak ekarri zuen, baina «oso pozik» dago.

GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
Zestoa
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Bizitzak buelta asko eman ditzake hemezortzi urtean, baina zaila da sinesten Suku Maya (Thamo, Nepal, 1997) gaztearenak izandako aldaketa. Argazki batek aldatu zion bizitza: Beñat Arrue gaztearekin ageri zen. Mendiak eraman zuen Arrue, eta menditik jaitsi zen Maya. Urte eta erdi baino gehiago darama Aizarnan, Zestoan (Gipuzkoa), Arrueren gurasoen etxean, datorren astean egingo dioten ebakuntzaren zain. Oso ondo aritzen da euskaraz, baina Arantxa Gurrutxagak, «amak», laguntzen dio. Mayaren istorioa da Pumori, mendiaren alaba dokumentalaren hari nagusia, eta herriz herri erakutsi ondoren, ETB1en emango dute datorren astean.

Zer ekartzen dizu gogora dagoeneko ezaguna den argazkiak?

Oso aldatuta nago! Dena aldatu da ordutik, 4 bat urte nituen. Gero taldean etortzen hasi ziren, bisita egiten zidaten, eta ez nuen ulertzen. «Hello, Suku! How are you?», esaten zidaten ingeles traketsean. Zain egoten nintzen, october noiz iritsiko, gutxi gorabehera garai berean etortzen zirelako. Hasi ziren esaten: «Handia egiten zarenean, Basque Country-ra etorriko zara». Nik nahi nuen jakin zer zen, non zegoen.

Noiz eta nola iritsi zen Basque Country-ra etortzeko unea?

Gaixo-gaixo nengoen. Etortzeko gogo handia nuen, nolakoa zen ikusteko. Nahi, baina ezin: ohean nengoen, ezin mugitu. 15 urterekin gaixotu nintzen, eta bi urte baino gehiago pasatu nituen mugitu gabe. 18rekin, Katmandura joan nintzen, anaiaren etxera, eta 19rekin ekarri ninduten Euskal Herrira.

Han ez zinen sendatzen?

Gaixotu nintzenean, inguruko ospitalera oinez joan behar nintzen, eta, azkenerako, ezin nuen. Pneumoniarekin ezin nuen ia arnasarik hartu. Botika ematen zidaten, baina ez ninduen sendatzen, mina kendu besterik ez.

Nolakoa izan zen Euskal Herrira etortzeko bidaia?

Lehenengo, aireportuan gelditu ninduten, gela batean sartu eta galderak egiteko. Zunda erakutsi nien, gaixo nengoela, ospitaleko txostenak. Azkenean, hartu genuen hegazkina. Jaitsi ginenean, Madrilen, galdetzen nuen: «Non dago etxea?». Segi eta segi... Pentsatzen nuen segituan egongo ginela etxean. Hurrengo goizean, jaiki, eta dena berde-berde ikusi nuenean, inpresio ona egin zidan.

Hona iristean, sorpresa?

Hemen dena da desberdina: bizimodua, janaria, hizkuntza. Aita-rekin, ene, zer barreak! Egunkariak atera zituen hizkuntza guztietako agurrak euskarara itzulita, eta fotokopiak egin zituzten euskara-nepalerarekin. Aita paperekin bueltaka ibiltzen zen egun osoan, baina ez nion ezer ulertzen!

Zerk harritu zintuen gehien?

Hortzek! [Barreak]. Ama ikusi nuen ordezko hortzak garbitzen! «Zer da hori? Gezurrezko hortzak!». Eta gero aita ere harrapatu nuen! Zer pasatzen da hemengo jendearekin? Hortzak kendu eta jarri [barrez].

Etxekoekin hitz egiten duzu?

Etxekoekin larunbatetan hitz egiten dut, eta anaiarekin ostiraletan. Zer moduz nagoen galdetzen didate, eguraldia nolakoa den esan, eta beti eskerrak ematen ari dira. Orain pixka bat kezkatuta daude ebakuntzarekin, baina pozik ere bai.

Zer da kopetako puntu hori?

Tika dauka izena, zorte ona ematen du. Normalean, gorria ibiltzen dut, nahiz eta berez ezkondutakoan erabiltzen den kolore hori. Jartzen dut gorria, zuria, urdina... Denak.

Itzuliko zinateke etxera?

Etxera bueltatzeko gogorik ez daukat, baina bisitan joatekoa bai. Hango festen falta sumatzen dut. Urri edo azaro inguruan, festival egiten da han, hemengo Gabonen antzekoa. Denak elkartzen gara, eta egun horietan asko gogoratzen naiz etxeaz. Bestela, oso pozik nago hemen, lagun onak ere baditut. Eskolan ere oso gustura nabil AEKn.

Oso ondo egiten duzu euskaraz!

Orain, nahi dut euskara perfektua ikasi, eta, ondoren, gaztelania. Gainera, datorren astean hasiko naiz ikasten... Nola da? Panderoa!Oraindik ez dakit nola ikasi ere, eskua mugitzen bakarrik. Aizarnan ikastaroa jarriko dute astelehen arratsaldez. Astean hiru egunean dialisia egin behar dut, eta beste batean gimnasia; beraz, astelehena libre daukat.

Gustatzen zaizu trikitia?

Gehienbat, Nepalgo musika entzuten dut Youtuben, eta pelikulak ere hangoak ikusten ditut. Musikazalea naiz, eta dantza egitea ere asko gustatzen zait. Euskaraz, eskolan entzundako abestiak bakarrik dakizkit: Txiki txiki txikia, Xalala riki riki... Eta Ze guapa zauden [Gure kaiola]! Hori asko gustatzen zait.

Nola ikusten duzu zeure burua Pumori, mendiaren alaba dokumentalean?

Bukaerarako urduri jarri naiz! Baina oso gustura. Ez naiz lotsatzen! Txikitan bai, jende berriarekin, batez ere. Orain, aldrebes. Burua aldrebeska dut 20 urterekin! [Barrez].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.