ATZEKOZ AURRERA. Nayat Aduh. Sahararen aldeko ekintzailea

«Hizkuntzaren alde egin behar da borroka, herria mantendu ahal izateko»

Barakaldon jaio arren, Aduhek betidanik izan du gertu saharar herriaren aldeko borroka. Kultura eta hizkuntza ditu hizpide; horiek oinarri, eta gazte ikuspegia eskainiz, hitzaldia emango du, Gasteizen.
IHANA IRIONDO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2019ko otsailak 20

Saharar herriaren aldeko defendatzailea da Nayat Aduh (Barakaldo, Bizkaia, 1999). Horretarako, hizkuntzaren eta kulturaren iraupena beharrezkotzat jotzen ditu. Batxilergoko ikasketak amaitzen ari da, eta datorren ikasturtean Zientzia Politikoak ikasi nahi ditu. Garazi Hach-Embarekekin batera, hitzaldia emango du gaur, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Hassania hizkuntza izango dute aipagai, Hitz Adina Mintzo zikloan.

Ofiziala ez den hizkuntza da hassania. Zein da haren egoera?

Herrialde askotan hitz egiten den hizkuntza da hassania; baina, gehienbat, Mauritanian eta errefuxiatuen kanpalekuetan hitz egiten den ahozko hizkuntza da. Jatorri arabiarra du. Halere, hizkuntza ez da ofiziala, eta soilik ahoz mantentzen da; ondorioz, hiztunen datuak lortzea zailagoa da. Zapalkuntzak ere badaude: Mendebaldeko Saharan, okupatuta dagoenez, Marokoko Gobernua saiatzen da hassania guztiz kentzen.

Marokoren zapalkuntza aipatu duzu. Hassania, hizkuntza, esparru politikorako arma izan al daiteke?

Bai, noski. Herrialde guztietan da hizkuntza arma bat. Hizkuntzaren alde egin behar da borroka, herria mantendu ahal izateko. Izan ere, gure herriaren historia aldatu nahi dute; lurrak okupatzeaz gain, gure ohiturak aldatu nahi dituzte. Nolabait, gure historia koloniala ezabatu nahi dute. Gurea, saharar herriarena dena, zapaldu nahi dute. Bide horretan, hizkuntza mantentzea beharrezkoa da. Hala, saiatzen naiz, lagunekin hassaniaz hitz egiten, haiek gazteleraz hitz egin arren.

Hizkuntzarekin batera, kultura ere garrantzitsua al da?

Dudarik gabe. Kultura ere mantendu beharra dago, desagertu aurretik. Esaterako, etxean melfa janzten dut, baita leku zenbaitetara joateko ere. Emakumeek erabiltzen duten oihal luze bat da; halere, nire ustez, identitatearen sinbolo bat ere bada, gure kulturaren garrantzia adierazten duena. Alde okupatuetan hura jantziz gero, agian, ez dizute ezer esaten; halere, begiradak antzematen dituzu. Tratua ere ezberdina izaten da. Hori kulturalki eraso bat da, zapaldu egiten gaituzte, gurea dena ezabatzen dute.

Beraz, okupazioari aurre egiteko, kultura eta hizkuntza batu behar dira.

Bai. Badaude kulturalki garrantzi handia duten ohiturak, baina debekatuta daudenak. Esaterako, nida musika generoa. Saharako mugimendu politikoa oinarri duen generoa da, abestiek egoerak azaltzen dituzte. Nire amak abesten ditu. Halere, musika hori ezin da entzun alde okupatuetan, debekatuta dago. Ondorioz, gazteek ezin badute musika hori entzun, ez dakite zer gertatzen den. Borrokaren transmisioa eteten da, eta zentsura ezarri.

Transmisioa oinarri, txikitatik alboan izan al duzu saharar herria?

Bai. Hizkuntza etxean ikasi dut. Hasieran, hizkuntzarekiko kontzientzia ez da handia izaten, eta nahiago duzu beste hizkuntza batean hitz egin. Halere, adinez nagusiago egin ahala, hasten zara gehiago lantzen. Aldi berean, zaila ere bada. Gehienetan, lagunekin ez da hassaniaz hitz egiten. Beraz, batik bat, familiarekin hitz egiten da. Hizkuntzaz gain, gure herriaren aldeko borroka ere alboan izan dut betidanik. Esaterako, nire amonak idatzitako eta nire amak abestutako poema bat izan zen Fronte Polisarioaren [Mendebaldeko Sahara askatzeko erakundea] erreboluzioari buruzko lehen abestia.

Beraz, saharar herriarekin harremana ere mantentzen duzu.

Saiatzen naiz bi urtean behin joaten, ahal dudan heinean. Eta joaten naizenean, nire lehengusu txikiei politikari buruz hitz egiten diet, transmisioa bermatzeko. Udaldian etortzen diren umeekin egoten ere saiatzen naiz; gainera, umeak hartzen dituzten familia batzuk ere ezagutzen ditut. Ume horiek ez dute ia ezer ezagutzen, eta eskertzen dute babesa. Haiengana hurbiltzen saiatzen naiz, txokea ere arinagoa izateko. Hala, hassaniaz ere hitz egin dezakete nirekin.

Halere, hitzaldia gazte ikuspuntutik egingo duzu. Zer azalduko duzue?

Hasieran, Garazik hizkuntza izango du oinarri, eta, ostean, politikaz hitz egingo du. Hor sartuko naiz ni, gazte ikuspegia azalduta. Hizkuntzari garrantzia emango diot. Izan ere, gazteen artean ez da asko hitz egiten, baina garrantzitsua da mantentzea. Gaztelera hizkuntza koofiziala bada ere, gureari eutsi behar diogu. Gainera, datorren ikasturtean Zientzia Politikoak ikasi nahiko nuke. Gustatuko litzaidake herriaren alde borrokatzea, errefuxiatu esparruetara joatea. Haren alde borrokan aritu nahiko nuke, hizkuntza eta kultura batuta.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bi erizain, Galdakaoko ospitalean (Bizkaia) maiatzaren 6an, 55 egun gaixorik zeramatzan gizon bat sendatu zela ospatzen. ©ANDONI LUBAKI / FOKU

Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean

Mikel P. Ansa

Martxoaren 1etik ekainaren 30era, lau hilabete. Neguaren azken hondarra, eta udaberri guztia. Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du Euskal Herria, eta bizimoduak astindu ditu. Pandemiaren lehen olatuaren balantzea egin du BERRIAk, hamazazpi grafiko eta hamazazpi galdera hauekin.

Beste 11 positibo zenbatu dituzte Ordiziako agerraldiarekin zerikusia dutenak

Beste 11 positibo zenbatu dituzte Ordiziako agerraldiarekin zerikusia dutenak

Arantxa Iraola

Denera 69 kasu dagozkio positibo multzo horri, eta 31 Tuterakoari.

Gasteizko Mendizorrotza igerilekuak pandemia garaiko udarako prestatzen. Irudian, langile bat belardian markak egiten. ©Raul Bogajo / Foku

Positibo bat Gasteizko gimnasio batean, eta beste bat Baionako erietxe batean

Edu Lartzanguren

Baionako Belharra erietxean kasu bat topatu dute, eta ikerketa zabal bat jarri dute martxan jatorria argitzeko. Zirujau bat kanpoan kutsatu dela uste dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna