ATZEKOZ AURRERA. Daniel Sanz. Irakaslea

«Egun, edozeinek du aukera liburu bat argitaratzeko; lehen, ez»

Iruñean euskaldundutako Madrilgo euskaltzalea da Sanz. Eleberri bat argitaratu berri du, bere kabuz, eta hura aurkezteko lanetan ari da. Esan du bitxia dela bera bezalako madrildarrik aurkitzea.
IDOIA ZABALETA / FOKU

Iker Tubia -

2019ko martxoak 19
Txirrina jo ondoren izan da elkarrizketa, lanetik aterata. Daniel Sanz (Madril, 1978) 26 urterekin etorri zen Iruñera bizitzera, eta euskaldundu egin zen. Egun, D ereduko irakaslea da; euskaraz kantatzen du Egurre taldean, eta eleberri bat idatzi du, euskaraz: Dena zekien gizona. Joan den astean aurkeztu zuen, Iruñean.

Zerk eraman zaitu liburu hau argitaratzera?

Nik betidanik idatzi dut, gaztea nintzenetik. Oraingo honetan, inoiz eman ez nuen pausoa ematera ausartu naiz: argitaratzera.

Zergatik egin duzu autoedizioaren alde?

Lauzpabost argitaletxetara bidali nuen, eta ezezkoak jaso nituen. Orduz geroztik, istorioa tiraderan zegoen. Autoedizioari buruzko zientzia bat badago jada. Ez da duela 30 urte izango litzatekeen prozesua. Gaur egun, edozeinek du aukera liburu bat argitaratzeko; lehen, ez.

Droga dezente ageri da eleberrian. Mezurik eman nahi zenuen?

Sexua, droga, bortizkeria, bakardadea, adiskidetasuna, osasun mentala... emozioak muturrera eramaten dituen istorioa da. Imanoli gauza arruntak gertatzen zaizkio: kontua da berak nola kudeatzen dituen. Bere bizitzan kontsumoak berebiziko garrantzia hartzen du, baina ez dago arazo bat mahai gainean jartzeko asmorik.

Imanol ez da bakarrik bizi, baina bakarrik dago. Zer esan nahi izan duzu pertsonaia horrekin?

Ni harekin identifikatzen naiz horretan. Imanolek edozertarako prest dauden lagunak ditu, baina bakarrik sentitzen da. Bere burua bakartzeko prozesu hori nik ere sentitu dut. Denborarekin, arintzen eta lasaitzen joaten da.

Arroztasun sentimendu horrek ekarri zintuen Iruñera?

Ez, Iruñera nekeak ekarri ninduen, itomenak, estresak eta asperdurak. Madril oso hiri maitakorra izan liteke, interesgarria, bitxia, bizia eta gertakariz beterikoa. Anonimotasuna eskaintzen du, eta hori polita da. Baina ezin nintzen han bizi: estresagarria, zikina, arriskutsua da.

Solasaldi batzuk gazteleraz idatzi dituzu. Zergatik euskarazko eleberri batean erdara?

Eztabaida asko izan ditut horrekin. Nik hori egin nuen, naturalki atera zitzaidalako. Iruñean ikastolero batzuen arteko elkarrizketa euskara hutsez idaztea arrotza egiten zitzaidan. Imanolen aitak, Astorgakoa izanda, nola egingo du euskaraz? Orain ari naiz hurrengo eleberria prestatzen, eta ez dakit nola konpondu. Aniztasunari trataera egokia emateko, esango nuke pertsona batzuek erdaraz egin behar dutela.

Hizkuntza normalizaturik ez egoteak dakatzan arazoak?

Bai, Sorian edo Madrilen gaztelerarekin ez genuke izango elkarrizketa hau. Baina Iruñean girotu nahi badut, soziologikoki, agian gazteleraz idatzi beharko nuke.

Baztango euskalkia sartu duzu. Zer harreman duzu Baztanekin?

Irakaskuntzan hasi nintzenean, lehenbiziko bi urteak Sunbilan eman nituen; gero, Elizondon urte bat. Pila bat gustatu zitzaidan hango irakasle eta ikasleen hizkera, eta plazer handia izan zen nafarreran murgiltzea.

Non ikusi zenuen euskara ikasteko beharra?

Madrilgo euskaltzalea nintzen. Arrasateko lagun bat nuen txikitan, eta horri esker hasi nintzen euskarari buruz entzuten. Gero, gaztetan, Donostiara etortzen ginen. Interesa eta atxikimendua nituen Euskal Herriarekin. Ez nuen sinesten onen eta gaiztoen diskurtso ofiziala. Hona etorrita pentsatu nuen lehen gauza: «Euskara ikasi behar diat».

Zer uste duzu hemengoak izanda euskara ikasten ez dutenei buruz?

Nik ez dut inor epaitzen. Euskaraz ez dakienak jakingo du zergatik ez dakien. Hau Espainia dela pentsatzen duenak euskaraz jakiteko interesik ez izatea ulertzen dut, halabeharrez. Ulertzen ez dudana da Euskal Herriaren alde daudenek ez ikastea. Zergatik ez ditu bultzatzen Korrikak, Nafarroa Oinez-ek...

Zuk kantatu ere euskaraz egiten duzu. Euskaraz bizi nahi duzu?

Bai, bai. Ez dakit noizbait posible izango den. Euskaldun ororekin euskaraz egin behar da; hori egiten dut nik. Agian denok txapa edo tatuaje bat eraman beharko genuke.

Madrildar euskalduna izanda, bitxia sentitu zara?

Bai, bitxia da, eta jakin-min handia sortzen du. Elementu bitxi sentitu naiz, baina ez euskaltegira joateagatik, hori ez da hain bitxia. Bitxi ikusten dute euskaraz ongi egiten dudala: hain ongi euskaldundu izana, eta jendearekin hitanoz hitz egiten dudala.

Hori ezerosoa edo gogaikarria izan zaizu batzuetan?

Ez, ez. Oso harro nago, eta pozik. Nik ez nekien euskalduntzerik izanen nuen, baina euskaldun osoa naiz. Gainera, oso berritsua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna