Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Sara Agnetti. Fisioterapeuta

«Parmera ikasteko era bakarra belaunaldien arteko transmisioa zen»

Aitona-amonei esker ikasi zuen Agnettik parmeraz, etxean. Jaiotzez parmatarra da, baina Donostian bizi da gaur egun. Hizkuntzaren egoera izango du oinarri gaur egingo duen hitzaldian, Gasteizen.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2019ko martxoak 20 - Gasteiz

Hilero legez, hizkuntza gutxitu bat landuko dute Hitz adina mintzo zikloan. Parmera izango da bosgarren saioko protagonista, eta hizlaria, Sara Agnetti (Parma, Italia, 1984). Haren arabera, parmera dialekto bat da, «ez duelako ez hizkuntza baten garrantzi sozialik eta ez autonomiarik». Gaur egingo du hitzaldia, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, 19:00etan.

Parmerak urte asko ditu, baina izan al du inguruko hizkuntzen eragina?

Zeltak K.a. III. mendean iritsi ziren Parma aldera. Ordutik, zenbait hitz mantentzen dira, eta badira jatorri zelta duten hainbat. Dirudienez, hor dago jatorria. Halere, erromatarrak iritsi zirenean, latina ekarri zuten, eta parmerak baino indar handiagoa hartu zuen. Mende batzuk geroago, gutxi gorabehera XVI. eta XIX. mendeak bitartean, Parmako Dukerria zegoen. Estatu txiki eta erdi independentea bazen ere, eragin frantsesa eta espainiarra izan zuen.

Aipaturiko eraginez gain, italierak ere izango zuen eragina, ezta?

Bai. Italierak ez zuen jan parmera, baina, seguruenik, bigarren mailako hizkuntza bihurtu zuen. Gainera, parmerarekin ez ezik, beste dialekto batzuekin ere beste hainbeste gertatu zen. Dialekto ugari hitz egiten ziren, eta egun ere hitz egiten dira. Esan daiteke eskualde eta probintzia bakoitzean hainbat dialekto daudela.

Beraz, bigarren mailako hizkuntza bihurtu zen parmera. Nekazarien hizkuntzatzat jotzen zen?

Arlo ofizialean eta erakundeetan italiera nagusitu zen, nahiz eta batez ere hirietan hitz egiten zen. Ondorioz, parmera nekazarien hizkuntzatzat jotzen zen, eta oraindik ere hala gertatzen da. Azken batean, esan daiteke ezjakinen hizkuntzatzat zeukatela.

Garai haietan, italieraz hitz egiteak prestigioa bermatzen al zuen?

Bai. Italieraz ez zekitenak ezjakinak ziren, eskolara joan ez zirenak. Lotsatu egiten ziren, esaterako, medikuarengana edo bulego publiko batera joatean, ez zekitelako italieraz. Adibide bat jartzearren, nire aitona-amonak lotsatu egiten dira medikuarengana joaten direnean.

Halere, orain badirudi gora egiten ari dela hiztun kopurua. Zerk ekarri du gorakada?

Parmera galtzeko zorian ikusi zutenean, hainbat hasi ziren lanean hura berreskuratu eta normalizatu nahian. Halere, ez nuke esango hizkuntza garrantzi soziala hartzen ari denik.

Eta zein izan da horren bultzatzailea, eta zein helbururekin?

Lehenengo eta behin, herritarrak hasi ziren saiakera horretan. Baita zenbait elkarte eta erakunde ere. Azken batean, helburu zuten desagertzen ari zen hizkuntza hura ez galtzea eta egunerokoan normalizatzea.

Belaunaldien arteko transmisioa garrantzitsua izan al da hizkuntzak bizirik mantentzeko?

Bai, orain dela bost urte arte, belaunaldien arteko transmisioa zen parmera ikasteko era bakarra. Orain, berriz, ikastaro txiki batzuk eta beste zenbait ekitaldi antolatzen dira hizkuntzaren alde. Esango nuke ikasketa ofizialetan ez dagoela ikasteko aukerarik; bai, ordea, ikastaro boluntarioetan.

Zuk, berriz, etxean ikasi al duzu parmeraz?

Bai. Zortea izan nuen aitona-amonak gurekin bizi zirelako, eta parmeraz hazi ninduten. Halere, esaterako, duela gutxi ikasi nuen idazten. Interes pertsonalek bultzatuta ikasi nuen. Alfabetoa bera da, baina idazteko modua eta soinuak adierazteko modua ezberdina da.

Zer harreman duzu egunerokoan hizkuntzarekin?

Familiarekin parmeraz hitz egiten dut. Lagunen artean, berriz, hitz edo esaldi batzuk erabiltzen ditugu bakarrik parmeraz. Izan ere, txikitan esaten ziguten etxetik kanpo italieraz hitz egiteko; orduan, ohitura bat da. Eta, beti bezala, zaila da ohitura horiek aldatzea. Halere, Parmara joaten banaiz eta ezezagun batek parmeraz hitz egiten badit, asko pozten naiz. Asko eskertzen dut lehen harremana parmeraz izatea.

Eta, orain, euskara ikasten zabiltza. Nolatan erabaki zenuen?

Azkenean, orain dela hiru urte, Donostiara joan nintzen bizitzera. Normala iruditzen zait tokiko hizkuntza ikastea, garrantzitsua da. Gainera, gustatzen zait: oso hizkuntza polita da.

Gasteizen egingo duzun hitzaldian, aipatutakoak izango al dituzu oinarri?

Ni ez naiz hizkuntzalaria, fisioterapeuta naiz. Beraz, dakidana eta ikasi dudana azalduko diet, nire eskarmentutik abiatuta. Horrez gain, parmerazko hitz batzuk ikasteko aukera ere egongo da; ikastaro txiki bat emango diet.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

NUPeko antzerki taldeko kideak, Iruñeko Kondestablearen jauregian, hilketa bat antzezten. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Lau hilketa Iruñean

Iker Tubia

Nafar idazleen nobeletatik ateratako lau istorio antzeztu dituzte NUPeko antzerki taldeko kideek, Iruñea Beltza jaialdiaren azken egunean. Ikusleak batetik bestera ibili dira.
 ©GUILLAUME FAUVEAU

«Dantzari esker banaiz»

Ainize Madariaga

Dantzaren zirimolak oinak harrapatu zizkion lehenik, eta josteko makinak gero. Biekin, eta euskal dantza tradizionalaren kodeak errespetatuz, ase ezinezko sormen lana egin du berrogei urtez. Saritu berri dute.
Hiru kazetari, Bizkaiko irrati batean lanean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Profil digitalak garai berrietan

Urtzi Urkizu

EHUk 'EAEko kazetarien profil digitalak eta audientziekiko elkarrizketa' liburua plazaratu du. Ondorioztatu dute kazetariak prestakuntza jasotzen ari direla gaitasun digitaletan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.