Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Ima Zestau. Euskarabideko euskara teknikaria

«Barrukoaren isla da hizkuntzaren forma»

Gizarteko jarrera eta oinarri sexistak hizkuntzetan ere badaudenez gero, horiek aldatzeko tailerrak ematen ditu Zestauk. Nork bere hizkera aztertzeko beharra azpimarratu du, eta aholku batzuk eman.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2019ko martxoak 28 - Iruñea

Usteak erdia ustel izaten dira, eta inguruko hizkuntzak ez bezala euskara sexista ez dela pentsatzen duena oker dabil. Hala ere, hizkera aldatzen ari da, eta batzuek horretan indar egiten dute. Atzo, UEUk antolatuta, Euskara ez sexista ikastaroa eman zuen Ima Zestau (Leitza, Nafarroa, 1964) Euskarabideko euskara teknikariak.

Euskaraz generiko maskulinorik ez denez, sexismorik ez dela pentsatzen dute hiztunek?

Zama gutxiago du euskarak alde horretatik. Teoria batzuek diote ez dela hizkuntza sexistez hitz egin behar, baizik eta erabilera sexistaz. Agerikoa da erabileran arazo handiagoak sortzen dituztela albo hizkuntzek [gaztelaniak eta frantsesak] euskarak baino, baina horrek ez du esan nahi gurea beti inklusiboa eta errespetuzkoa denik.

Ikastaro horietan zer da ikasleak gehien harritzen dituena?

Aipatutako uste horretan, gauza txikietan guztiok sartzen dugula hanka. Berri batean alkate jaun guziak jartzen badu, ez diogu garrantzirik ematen. Bestalde, esaera zaharretan nolakoa den emakumeen trataera, edo nola desagertzen diren emakumeak. Gaztelaniaz askoz ere agerikoagoa da: los/las jarrita, bisualki, testuaren zati bat hartzen baitu. Edo, esaterako, gizon generikotzat erabiltzea. Geroz eta gutxiago, baina erabiltzen da. -sa atzizkia, euskararentzat ez da oso ohikoa, Iparraldean agian gehiago. Beraz, adibide mordoa ditugu.

Hitz deskriptiboetan karga sexista nabarmenagoa da?

Bai, ikaragarria da. Esaterako, asimetria; hiztegiak alua deskribatzen duenean eta horren erabilera genero bati edo besteari aplikatzerakoan. Pertxenta zer da neskentzat edo mutilentzat? Baina nola erabiltzen dugu? Mutilei, batez ere haurrei, esaten diegu ausartak, argiak eta azkarrak direla. Neskei, guapa, pertxenta, polita.

Ohikoa bihurtzen ari da plazandre aditzea, baina etxekoandre bezala etxeko gizon aditzea?

Batzuetan, hizkuntzak kontzeptu batzuk aurreratu behar ditu, eta, beste batzuetan, errealitate batetik abiatzen da, adibidez, plazandrea. Maialen Lujanbioren kasua dago; karga sinbolikoak eta errealitateak bat egiten dute.

Horrelakoetan zer da hobeki, gizona eta andrea agertzea, edo markarik ez duen hitz bat bilatzea?

Hitz batek biak biltzen dituenean, ez dugu besterik behar, baina izenaren generoa gizona edo emakumea den argi ez dugunean, uste dut biak markatu behar ditugula. Komunetan mutila, neska eta hirugarren aukera bezala, beste errealitateak islatzeko hitzak bilatu behar ditugu. Denak adierazi behar dira, argi utzi, eta ez eman ezer jakintzat.

Ikastaroan hitanoaz aritzen zara?

Batzuetan ez da egoki erabiltzen, ezagutza faltagatik. Taldean ez genuke hitanoz egin behar. Bestalde, ETBko programetatik kontzientzia hartu ahala, forma berriak asmatzeko joera egon da. Wazemank-ek inklusiorako formak eman ditu.

Hizkuntza akademiei atzerakoi izatea leporatzen zaie maiz. Euskaltzaindia ere bada?

Gauza bat da akademiaren araua; hori makineria pisua da, eta gizartea baino askoz ere atzerago ibiltzen da. Baina gero, eskumena duten erakundeek egundoko lana egiten dute: mankomunitateek, unibertsitateek... Irizpideak zehazten dituzte, Emakundek egin zuen bezala. Udal txiki askok beren dekalogoak sortu dituzte. Horiek konbentzio modukoak dira, eta herritarrengandik hurbilago daude.

Erdaraz erresistentziak daude hizkera inklusiboarekin. Euskaraz halakorik gertatzen da?

Esanen nuke ezetz, gehiago dela debatea erresistentzia baino. Gizarte/ jendarte horrekin ere, antzera gertatzen da. Eztabaida horiek oso aberasgarriak dira, mugimendua adierazten baitute. Erresistentzia adierazkorrak diren hitzekin egon daiteke, oso barneratuak ditugulako. Esaterako: «Hori da hori putakumea». Ba, hori kendu behar da.

Aldaketak izan dira hizkuntza sexistari dagokionez?

Bai, bai. Gurean eta albo hizkuntzetan ere bai. Askotan inklusioaren prismatik pasatzen da. Esanen nuke aldaketa handiena hezkuntzan eta komunikabideetan gertatu dela. Hezkuntzan, besteak beste, sexistak ez diren ipuinekin.

Hizkera berrikusteko zer aholku ematen duzu ikastaroetan?

Bi galdera gako aplikatu behar ditugu: guztiok gaude esan nahi dudan edo irakurri dudan horretan? Nola tratatu dut aipatu dudana eta aipatu gabe utzi dudana? Bi galdera horien bidez analisi bat egin dezakegu.

Egonen da aldatzeko asmorik ez duenik. Horiekin zer egin?

Inbertsioaren araua. Esaten badugu Mieltxo Saralegi dotore jantzita eta ezin apainago atera zela, tenislari bati esaten zaion bezala, inbertsioaren bidez ikusaraz diezaiokegu zer gertatzen den alderantziz denean. Azkenean, barruan dugunaren isla dira hizkuntzaren formak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©AITOR KARASATORRE / FOKU

«'Bollera' izaera bat da, bizitzeko modu bat»

Iker Tubia

Haur literaturaren alde egin du Jakak, adin horretan «dena jaten» dutelako «gose handiz». Letretan dagoen sexu disidentziaz mintzatu da, eta euskarak LGTBI mugimenduan behar duen presentziaz.
 ©BERRIA

Tiktok: algoritmoaren kolore grisak

Naroa Torralba Rodriguez

Hamar gaztetik lauk nahiago dute bilaketak Tiktok aplikazioan egin Google erako bilatzaileetan baino. Aldatu egin da paradigma. Informazioa eta aisialdia bateratzeak eragina dauka norberaren eta munduaren ikuskeran.

Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

Zarauzko Arraio irrati librea gaztetxe berritik ari da emititzen

Urtzi Urkizu

Irratiak baimena eskatu du legezko frekuentzia lortzeko. Aurreko gaztetxean baino baldintza hobeagoetan ari dira irratsaioak egiten

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.