ATZEKOZ AURRERA. Ursula Lansman eta Tuuni Partti. Joik inprobisatzaileak

«Samiok lau estatutan zatikatuta gaude: joikak guztiok elkartzen gaitu»

Lansman eta Partti Euskal Herrian izan dira Laponiako kultura ezagutarazten. 'Joik' hitzak samien abesteko erari egiten dio erreferentzia: haien esanetan, sami odola behar da joikak abesteko.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Villabona
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Finlandiaren, Norvegiaren, Errusiaren eta Suediaren artean zatitutako herrialdea da Laponia: Ursula Lansman (1971) eta Tuuni Partti (1975) ahizpak Finlandiako zatian jaioak dira, Angeli herrian. Lehenengo aldiz izan dira Euskal Herrian, Arrastoan dokumentalaren egileek eta haien inguruko zenbait lagunek gonbidatuta, Laponiako kultura eta kantu inprobisatua ezagutarazteko: orain alboratuago duten arren, kontzertuak ematetik bizi izan ziren hamabost urtez, Angelit taldearekin.

Etxetik datorkizue kanturako afizioa?

URSULA LANSMAN: Eskolatik: irakasleak joikak jartzen zizkigun eskolan, txikitatik. Sami gazteen arte ekitaldi moduko bat egin zen 1982an: ordutik aurrera hasi ziren joikak eskoletan irakasten. Etxean jaso dugu musikarako afizioa, baina eskolan derrigortu gintuzten jende aurrean kantatzera.

Behartua izan bazen, ez zitzaizuen zaila egin jende aurrean aritzeko pauso hori ematea?

TUUNI PARTTI: Ni txikia nintzen, eta ez dut ondo gogoratzen.

U. L.: Niretzat zaila izan zen. Irakasleak behartu egin gintuen, eta ez zen batere erosoa izan. Pare bat urte pasatu ziren gustura sentitu nintzen arte: eskolatik ateratzeko aitzakia bat izan zitekeela konturatu nintzen [barreak], diru pixka bat lor genezakeela... Bidaiatzen hasi ginen gero, Finlandia hegoaldera, Suediara, Norvegiara, eta mundua ezagutzen hasi ginen. Basoan bizi gara, eta kilometro askotara daude hurrengo etxeak: hortik mundura ateratzea izugarria izan zen.

Zeintzuk dira joikaren berezitasunak?

U. L.: Gaur egun, edozer izan daiteke joika, baita heavy talde bat ere.

T. P.: Dena den, tradizionalki, pertsona bakar batek a cappella abestutakoa izan da joika.

U. L.: Jatorrian, bakardadeak eraginda abesten zen: zerbait bakarrik egitean, janari bila joatean edo basoan, denbora-pasa gisa edo nor bere irratia izatea bezala. Demagun bikotekide bat duzula, baina basoan zaudela, bakarrik: hari abestuz, harekin ez zauden arren, hura espiritualki presente balego bezala da.

T. P.: Badago desberdintasun bat abestearen eta joika egitearen artean: maitasunari buruz abes dezakezu, baina joika egitea maitasuna abestea da.

Badu araurik?

U. L.: Ez dago arau berezirik, baina bada arautzat har daitekeen zerbait: samiek soilik egin dezaketela. Hau da, teknikoki edonork egin dezake, baina espiritualki sami odola duen jendeak soilik egin dezake.

1982a mugarritzat duzue: zer- nolako bilakaera izan du ordutik?

T. P.: Aldaketa nagusiena izan da ordutik ez dela bekatutzat hartu. Izan ere, eliza luteranoak bekatutzat zuen joika: orain, normaltasun handiagoz dugu.

Zer leku du joikak Laponiako kulturan?

U. L.: Gure kulturaren elementurik ikusgarriena eta ezagunena da, kanpora begira.

T. P.: Komunitate barruan esangura gehien duena ere bada.

U. L.: Samiok lau estatutan zatikatuta gaude: joikak guztiok elkartzen gaitu. Muga administratiboen gainetik, sami herria batzeko balio du.

Zer eman dizue joikak?

U. L.: Ez da erantzuten erraza. Zer kendu didan datorkit burura niri: gaztaroko urteak albo batera utzi behar izan nituen musikagatik eta joikagatik; samiontzako hain garrantzitsua den bizitza primarioa ere alboratu egin behar izan nuen: ez neukan denborarik elur oreinak zaintzeko, adibidez.

T. P.: Egia esan, denbora guztian geunden lanean taldearekin: oso ezagunak ginen gazteen artean, eta horrek errespetua ematen du; zaindu egin behar dira moduak, jendeak errespetua dizulako, eta horrek distantziak ere sortzen ditu.

U. L.: Zaila da imajinatzea nolakoa litzatekeen bizitza arrunt bat izango bagenu: burbuila batean bezala bizi izan gara, musikariekin edo bestelako artistekin. Guk ez dugu esfortzurik egin: halaxe egokitu zaigu. Ez ginen kontzienteki hasi, eta bukatu ere, ez dugu bukatu. Ez daukagu managerrik, eta deitzen badigute joaten gara abestera, baina ez dugu publizitaterik egiten. Rock talde batek bira bat egitea proposatu digu orain gutxi.

Zer leku du joikak gaur egun zuen egunerokoan?

U. L.: Edozein momentutan etor dakizuke joika abesteko premia: autoan bakarrik zoazenean, edo basoan, elurretako motorrean...

Zer moduz dago samiera? Bizi zaitezkete samieraz?

T. P.: Gure ama hizkuntza da, ikasi genuen lehenengoa.

U. L.: Komunikatzeko erosoen eta erabilgarrien zaiguna da. Tuuni sami eremutik kanpo bizi da, eta ez da bere egunerokoaren parte; ni, ordea, sami eremuan bizi naiz, eta han samieraz bizi gaitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.