ATZEKOZ AURRERA. Garazi Barriuso. Unicefeko komunikazio arduraduna

«Jaioberrien heriotza asko saihestu daitezke oinarrizko higieneaz»

Haurrek Pakistanen dituzten bizi baldintzekin kezkatuta dago Barriuso. Umeei hezkuntza eta osasun publikorako sarbidea bermatu behar zaizkiela iritzita, bertan izan da egoera zuzenean ezagutzen.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak argitaratu duen Cada vida cuenta (Bizitza guztiek axola dute) txostenaren arabera, Pakistanek du munduko jaioberrien heriotza tasarik handiena. Datua oinarri hartuta, Unicef Euskadiko komunikazio arduradun Garazi Barriusok (Bilbo, 1987) herrialdera bidaiatu zuen joan den urteko azaroan, herrialdeko haurren egoera zuzenean ezagutzeko. Aldaketarako esperantza nabari du belaunaldi gazteengan, baina uste du denbora beharko dela erroko aldaketak emateko.

Pakistanera egindako bidaiaren atzean datu lazgarri bat dago. 23 umetik bat hiltzen da erditzean edo jaio eta hilabete igaro aurretik.

Bai, hori da. Pakistanera joatearen abiapuntua Unicefek aurkeztu zuen Cada vida cuenta txostena izan zen. Bertan azaldu genuenez, mundu osoan Pakistan da ume bat jaiotzeko herrialderik txarrena. Izan ere, bertan dago munduko jaioberrien heriotza tasarik handiena. Datu horrek eraman ninduen Pakistanera, bertako osasun sistema eta Unicefek datu latz hori aldatzeko bertan dituen programak lehenengo eskutik ezagutzeko.

Hara heldu eta zerekin egin zenuen topo?

Herrialdeko ipar-ekialdean egon nintzen, Lahore hirian. Punjag eskualdeko hiriburua da, eta ekonomikoki, herrialdeko ezaugarriak kontuan izanda, nahiko ondo dabil. Egun batzuk eman nituen osasun arloko programak ikusten, hango mediku eta erizainekin berbetan. Hezkuntza sistema ikustera ere joan nintzen, baina bidaiaren erroa osasun sistema ezagutzea izan zen.

Lahoreko ospitaletara egin zenuen bisita. Nolakoak dira?

Kontuan hartu behar da Lahoren 10 milioi pertsonarentzat lau ospitale publiko bakarrik daudela. Hau da,2,5 milioi biztanleko ospitale bat dagokie. Pakistanen dagoen gainpopulazioak osasun sisteman ere isla du, eta pertsona larregi artatu behar dituzte ospitale publikoetan.

Han ikusi nuen Pakistanen badagoela gaur egun ahalegin bat edo esperantzazko bide bat hasita, baina oraindik gauza asko falta direla. Alde batetik, mediku eta erizain oso-oso gutxi daude han, duten populazioa kontuan hartuta. Eta, beste alde batetik, duten kalitatea ere eskasa da. Oraindik asko dago egiteko haien profesionaltasunaren aldetik. Baina, era berean, ohartu nintzen oso erraza dela jaioberrien heriotza gehienak saihestea.

Oso erraza?

Bai, keinu txikiekin egin daiteke. Erditze ondorengo aldian amaren bularra hartzea, eskuak ondo garbitzea, xaboia erabiltzea, amaren eta jaioberriaren tenperatura mantentzea... horrelako keinu oso erraz eta merkeekin. Jaioberrien heriotza asko saihestu daitezke oinarrizko higieneaz. Guk, Unicefek, beti esaten dugu haur baten lehengo 30 egunak direla bere bizitzako garrantzitsuenak.

Halere, beste arazo bat gehitzen zaio jaioberrien heriotza tasa handiari: gainpopulazioa. Pakistan da mundu mailan biztanle gehien duen bosgarren herrialdea. 208 milioi pertsona bizi dira, eta haien erdiak 18 urtetik beherakoak dira. Beraz, jende asko dago, eta gehienak umeak dira. Hori ere kontuan hartu behar da osasun sistema eraldatzeko orduan.

Jaioberrien heriotza tasa handia eta herrialde gaztea. Ez al da kontraesanezkoa?

Hor badaude txanpon baten bi aldeak. Horrek esan gura du kasu askotan 25 urteko emakume oso gazte batek 5-6 seme-alaba dituela; eta oro har, hori da eurentzat normalena. Nire kasuan, adibidez, 31 urte ditut, eta seme bakarra. Euskal Herrian akaso gazteegia naiz, eta eurentzat harrigarria zen, baina kontrara. «Zelan da posible seme bakarra edukitzea, zure senarrak ez dizkizu gehiago eskatzen?», galdetzen zidaten. Izan ere, emakumeek ez dute erabakitzen zenbat seme- alaba edukiko dituzten.

Gizonarena da azken hitza.

Bai. Emakume askok uste dute euren bizitzako egitekoa haurrak izatea dela, eta gizonek erabakitzen dute zenbat izango diren. Are, jaioberrien izena aitak erabakitzen du,ama eta umea etxera iristen direnean. Izan ere, ospitalera emakumeak bakarrik doaz erditzera. Gizonak etxean geratzen dira. Beraz, aldaketarako bidea hasita badago ere, oraindik kulturalki erroko gauzak aldatzea falta da.

Eraldaketa martxan da?

Gobernuak badu prestasuna, eta programak martxan jarri dira higiene neurri minimoak ezartzeko, esaterako. Bestalde, neska gazteek aldaketarako esperantza dute, eta horretarako prest agertu dira, baina epe luzera etorriko dira aldaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.