ATZEKOZ AURRERA. Cristina Alis Raurich. Organo jolea

«Hau bezalako beste organorik ez dago»

Berez piano jolea da Alis, baina XIII. mendeko musika jotzeko tresnen gabeziak eraman du ikertzera eta orduko lehen organo eramangarria berreraikitzera. Ospitalepean joko du bihar.

Ainize Madariaga
Ospitalepea
2019ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Cristina Alis Raurich (Mataro, Herrialde Katalanak, 1984) pasioak eraman du ikertzera, eta ikerketak ekarri dio XIII. mendea: garai hartako lehen organo eramangarria berreraiki du. Dakiena partekatzea maite du; horregatik ematen ditu klaseak Erdi Aroko musikaz. Bihar, Ospitalepeko (Zuberoa) eliza erromanikoan eskainiko du kontzertua, Hebendik kolektiboak antolaturik, 21:00etan, Sacha Standen, Mixel Etxekopar eta Alberto Palaciosekin batera.

Zure ninia aurkeztuko duzu?

Organo eramangarri hau lagun bakar batek jo dezake. Izan ere, organo arrunt batek gutxienez bi jokalari behar baititu: batek teklak jotzeko, bigarrenak hauspotzeko. Hodien neurriek manatzen dute zenbat lagun behar den hauspotzeko. XIII. mendeko tresna da, bakarra. Izan ere, pentsatzen dut orain arte ez dela egon errepertorioa, tresna gutxi egon direlako.

Pythagoras izena eman diozu. Zergatik?

Erdi Aroko musika jotzeko Pitagorasen akordeak baitarabilzkigu; bertzalde, garai horretako musika irakasteko organo hau frankotan erabiltzen baitut ikasleak laguntzeko.

Zure obra da.

XIV. eta XV. mendekoak badaude, baina hau bezalako bertzerik ez. Hala, 2013an ikertzen hasi nintzen, eta 2014an berreraikitzen. Ez zen erraza izan, ez baitzen erreferentziarik.

Nondik hartu dituzu planoak?

Ikonografiatik eta idatzizko dokumentuetatik. Baina interpretatu egin behar dira, ez baitira argazkiak, sinbolismoz beteriko ezaugarriak dituzten irudiak baizik. Elizetan giltzaduna badakigu Done Petri dela, baina ez du erran nahi Erdi Aroko giltzak hain handiak zirenik. Sinbologia ongi ezagutu behar da; horregatik ikertzen ditugu organologia, ikonografia eta orduko mentalitatea.

Bazterreko ziria zertarako da?

A! Organo hau teknika bereziaz egina da: arkeologia musikala. Hots, ez da teknologia modernorik erabili; torlojuriketa oraingo kolarik gabe egin da. Funtsean, XIII. mendeko tresnez, materialez eta teknikaz egina dago.

Kreaturak bere aita ere badu?

Walter Chinaglia lutierrarengana jo nuen Italiarat, organo historikoen espezialista handia baita. Arriskua zen hau egitea, mekanismoa bera oso konplikatua baitu, hodiak arras finak eta zehatzak baititu. Hala nik ikertutakoa berak eraiki du, urte oso batez.

Ordukoa gaurko begietatik?

Ezin da jakin nolakoa izan zen Erdi Aroko musika, baina dakiguna da ordukoak zer erran nahi duen XXI. mendean.

Eta zer erran nahi du?

Norberaren araberakoa da, baina ikerketari esker aitzinatzen gara. Organo honek, adibidez, XIII. mendeko errepertorioaz nuen ideia aldarazi dit, soinuarena, estetikarena... Errepertorioa jotzean birplanteatzen baituzu nola jo. Demagun, Elvis Presleyren musika interpretatzen dugula oraingo gitarra batekin: ez genuke musika berdina lortuko; modeloak aldatu baitira. Organoaren kasuan ere, gauza bera da.

Eskuizkribuak aipatu dituzu.

Bi deskubritu ditut, baina, latinez direnez, itzulpena eskatu beharra dut. Bitxia da, uste baitugu Erdi Aroaz dena dakigula; alta, doktoretza bukatu gabe jada hiru aurkikuntza egin ditut: organoarena, tablatura batena, eta Akitanian deskubritua izan den ikertu gabeko eskuizkribu bat analizatzen ari naiz, zeinean melodiak ez baitira hor baizik atzematen.

Bihar zer joko duzue?

Erdi Aroko musika eta euskal musika folklorikoaren arteko fusio bat izanen da. Mixelekin [Etxekopar] aritzea zinez preziatzen dut, izugarri musikari ona baita. Ez du axola zein den musika estiloa: beti plazera da musikaren lengoaia partekatzea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.