ATZEKOZ AURRERA. Erik Urbieta. Karramarro Uhartea irratiko esataria

«Ideia berriak behar dira, gauza batzuk mantendu arren»

Karramarro Uhartea irratia da aurtengo Aste Nagusi Piratako berrikuntza nabarmenetako bat. Eguerdian grabatzen dute irratsaioa, eta editatu ondoren jartzen dute sareetan.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Donostiako Piraten Karramarro Uhartea irratsaioan buru-belarri dabil Erik Urbieta (Donostia, 1993). Lagun artean bildu ziren irratiarekin lotutako zerbait egiteko asmoz, eta Aste Nagusia plaza polita izan zitekeela pentsatuta hasi ziren lanean. Sei bat lagunek osatzen dute lantaldea. Eguerdian, 13:30 aldera grabatzen dute irratsaioa, Donostiako Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, eta arratsaldean jartzen dute sareetan, editatu ondoren. Piraten egitarauaren inguruko informazioa zabaltzeaz arduratzen dira, umore ukitua emanez.

Nondik dator Karramarro Uhartea irratsaioaren izena?

Eztabaida txiki bat izan genuen, izenari lotuta. Bagenekien Pirates of the Caribbean pelikulan agertzen den dortoka kontzeptuari erreferentzia egin nahi geniola, baina ez genekien nola. Izan ere, piraten gotorlekua esan nahi du dortoka hitzak. Orduan atera zen Karramarro Uhartea-ren ideia: guk txikitan ikusitako pelikula bat da Karramarro Uhartea, marrazki bizidunetakoa. Hori ere piraten gotorleku moduko bat zen, hor biltzen ziren babesteko, parranda pixka bat egiteko... eta filmari omenaldi polit bat egiteko modua iruditu zitzaigun.

Zer ekarpen egiten dio irratsaioak Aste Nagusi Piratari?

Gehienbat, ikusgaitasuna lortu nahi dugu. Sare sozialetan zabaltzeko ahalegina egiten ari gara. Garrantzitsuena da jendeari iristea ekintzak daudela, eta jaiak direla, baina hau borroka bat ere badela. Gainera, jendea etorri zaigu esanez irratsaioa ondo dagoela esnatzen zarenean zerbait entzuteko, bitxikeriez informatu ahal izateko, egitarauaren berri izateko edo barre pixka bat egiteko. Horrek poza ematen digu.

Zer egitura du irratsaioak?

Bezperako kontuak kontatzen hasten gara. Asteartean, adibidez, abordatzeari buruz hitz egin genuen. Han izan ginelako gu muntaketan, komentatzen. Gero, hainbat eduki lantzen ditugu: hurrengo eguneko egitarauaren errepasoa, elkarrizketa musikatuak, kofradietako kideak... beti umorez, baina seriotasuna galdu gabe.

Nortzuk izaten dira gonbidatuak?

Aniztasuna lortu nahi izaten dugu. Hasteko, 11 kofradietako kide bana pasatu da irratitik, Kofradien Arteko Tribiala dela eta. Hiru egunetan egin dugu, eta bihar izango da finala. Bestalde, gonbidatu bereziak ere izaten ditugu. Abordatzean, adibidez, Iker Beñaran reggae abeslari donostiarra izan genuen, eta elkarrizketa musikatu bat egin genion. Bi anaia ere etorri dira: bat Barrexerkan ibiltzen da [gazteen umorezko antzerki taldea]; besteari Eskandalosa kofradiako bandera lapurtu genion, eta hori kontatzera etorri zen.

Komunikazio ikuspegitik, uste duzu garrantzitsua dela irratsaioa egitea?

Bai. Guretzat, bozgorailu bat da irratsaioa. Gainera, komunikazio lanetan jende gutxi dabil, eta, egia esan, lan pixka bat ematen ari gara irratiaren kontuarekin. Modu batean edo bestean jendearengana iristea da kontua, eta uste dut lortzen ari garela. Gurea ez da ohiko irratsaioa: ez gara zuzenean aritzen, Youtuben ikus daiteke... Piraten ahotsa da irratikoa, eta nahi duenak badaki libre dela etortzeko.

Saio ugari egin dituzue dagoeneko. Zein balorazio egiten duzue orain artekoaz?

Gustura gaude orain arteko emaitzarekin, gidoi finkorik ez dugun arren, badaukagulako egitura bat. Balorazio positiboa egiten dugu, pixkanaka-pixkanaka aurrera goazelako. Halere, esan beharra daukat kezkatuta hasi ginela. Izan ere, duela hilabete asko hasi ginen honekin, baina azkenera arte ez ditugu gauzak lotu eta probak egin. Bagenekien gauza asko egin behar genituela, baina, honelakoetan gertatzen den bezala, kontua atzeratzen joaten da nahi gabe, eta ohartzerako, data iritsi da.

Irratsaioa aurtengo berrikuntza nagusietako bat da. Piratek beharrezkoak al dituzte berrikuntzak?

Bai, berrikuntzak ondo etortzen dira, aldatzeko. Abordatzeak, adibidez, urte asko daramatza egitarauan, eta egiteko edo ez egiteko eztabaida egon zen. Nire ustez, ideia berriak behar dira, gauza batzuk mantendu arren; nahiz eta, agian, denak ez diren ondo aterako.

Etorkizunera begira, jarraitzea al da asmoa?

Oraintxe, helburu nagusia, oro har, Aste Nagusian lan txukun bat egitea da. Ondo ari gara moldatzen, baina festak amaitu arte ez gara elkartuko balorazioak egiteko; beraz, goiz da esateko. Irratiari lotuta, ez dakit zer gertatuko den. Baliteke Aste Nagusiko kontu soil baten moduan geratzea, edo urte osoan ere egiten hastea erabakitzea. Ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.