ATZEKOZ AURRERA. Ugaitz Peralta Ela. Erraldoia

«Komeni da dantzan jakitea erraldoi izateko»

Aste Nagusiko gautarrek ez dute ezagutzen, baina erraldoien kalejirek goizeko ekitaldien zati handi bat betetzen dute. Peralta Elak erraldoien gonapean emango duen hirugarren urtea izango da aurtengoa.

Javi West Larrañaga.
Bilbo
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Ugaitz Peralta Elak (Bilbo, 1998) hiru urte daramatza Bilboko erraldoien eta buruhandien konpartsan. Batasuna Arraizbide dantza taldean hasi, eta urte berean animatu zen erraldoi izatera. Zenbait ohitura aldatu behar izan ditu jaietan erraldoiekin atera ahal izateko.

Zelan animatu zinen erraldoi izatera?

Berez, txikia nintzenean, aitak ere erraldoiak dantzatzen zituen. Argazki bat daukagu non ni negarrez nagoen, eta aita erraldoi barruan ni hartzen. Bigarren belaunaldi gisa har daiteke.

Eta dantzaria izatera?

Txikitan dantza egiten nuen nire gurasoak dantzariak zirelako, eta gerora berriro hasi nintzen.

Elkartruke halako bat dago dantzarien eta erraldoien artean?

Bai, hala da. Berez konpartsan gauden erraldoi eta buruhandiak Bilboko dantza taldeetakoak gara.

Praktika asko behar da erraldoi moduan ateratzeko?

Komeni da dantzan jakitea erraldoi izateko. Pare bat aldiz ordu batzuk praktikatuz gero, egin dezakezu dantzan jada. Udan entsegu batzuk izaten ditugu. Kontua da dantzan jakinda ere beti hobetu dezakezula. Izatez ez da zaila, pauso batzuk bals baten moduan, buelta batzuk... Gero haurrengana ere hurbiltzen gara, erdi korrika...

Zenbat bider ateratzen dituzue erraldoiak Aste Nagusian?

Aste Nagusian, domekatik domekara, eta inauterietan ere ateratzen ditugu. Beste alde batetik, deitzen diguten lekuetara ere joaten gara, gehienbat Bizkai aldean. Aste Nagusian goizean ateratzen ditugu, 11:00etan hasi eta 13:30 inguru arte. Kalejira bat egiten dugu —atsedenak hartuta— eta bals pare bat ere bai.

Orduan, jaia baldintzatzen dizu?

Bai, baina jaiak beste modu batean bizi daitezke. Erraldoiekin dantzatzen hasi baino lehen, goiza zenean heltzen nintzen etxera. Orain, behar edo ardura hori daukadanez, goizaldeko bostetan edo seietan etxera joaten naiz, lo apur bat eginda joateko.

Berdin gozatzen duzu jaiez?

Bai, eta gainera uste dut gehiago gozatzen dudala. Iaz esperimentu bat egin nuen: Aste Nagusian behin bakarrik edatea alkohola, eta beste modu batean bizi izan nuen.

Inoiz ezustekorik izan duzue?

Bai, iaz. Bals batean, bi erraldoik talka egin zuten, eta bat aurrerantz jausi zen. Guztiz apurtuta geratu zen, eta aldatu egin behar izan genuen.

Zure ingurukoek zelan erantzun zuten jakin zutenean erraldoi moduan aritu behar zenuela?

Ba, askok esan zidaten zuk esan didazuna: «Eta jaietan, zer?». Ba, jaietan lasai, ez dago besterik. Askok ikustera etorriko direla esaten didate, baina esaten diet egiteko lo lasai, ez etortzeko. Erotuta nagoela esan zidaten batzuek.

Jarraitzeko asmorik bai?

Bai, berez lanean nago jada. Ez dut beti izango aukera Aste Nagusian oporrak hartzeko erraldoiak atera ahal izateko, baina behintzat hurrengo bost urteetan —edo gehiago— bai.

Zelan ikusten duzu etorkizuna? Baduzue harrobirik?

Bai, aurten ere etorri zaigu kataluniar bat, han ere erraldoiak ateratzen zituena. Urtero pertsona bat edo bi etortzen dira, baina kopuru berak uzten du taldea azkenean... Hamabi erraldoi ditugu, eta Aste Nagusian ere ez gara gai zortzi baino gehiago ateratzeko. Orduan ez gaude denak ateratzeko beste, baina zortzirekin ere zeozer egin daiteke.

Emakumerik baduzue taldean?

Erraldoietan ez. Askotan ez da pisu edo indar kontua, altuera kontua baizik. Ni ez naiz oso altua, eta erraldoia hamar bat zentimetro bakarrik altxatzen dut lurretik. Badaukagu neska bat taldean, baina buruhandia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.