ATZEKOZ AURRERA. Amaia Otxoa eta Oitia Ortiz de Lazkano. Artistak

«Erakusketaren bidez, feminismoaren gainean hausnartu nahi dugu»

Feminismoa ulertzeko era ezberdinak dituzte Otxoak eta Ortiz de Lazkanok. Ikuspegi horiek azaldu eta hausnarketarako bidea eskaini asmoz, erakusketa bat sortu dute. Ikusgai dago ARTgian, Gasteizen.
JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2019ko irailak 5
Emakumeen egoeraz gogoeta egin eta norbanako bakoitzaren ikuspegi feminista jaso asmoz, La lágrima azul. Reflexiones de tía y sobrina (Malko urdina. Izeba eta ilobaren hausnarketak) erakusketa ondu dute Amaia Otxoa (Gasteiz, 1965) eta Oitia Ortiz de Lazkano (Gasteiz, 2002) artistek. Hala, hasi dute Gasteizko ARTgia guneko ikasturte berria. Lana ikusgai egongo da irailaren 21era arte.

Erakusketa lau ataletan banatuta dago. Zer adierazten du horietako bakoitzak?

AMAIA OTXOA: Hasieran, emakumeenganako indarkeriaren inguruan hausnartzeko atala dago. Artearen historian izandako zenbait emakumeren begitarteak hartu nituen, eta malko urdin bat jarri nion haietako bakoitzari. Ostean, duela urte batzuk eginiko bi margolan berreskuratu ditut, erakusketa osatzeko. Eta, azkenik, lau entziklopedia aztertu ditut. Horietan ageri ziren emakumeen irudiak hartu, moztu, eta mihiseetan itsatsi ditut. Esaterako, liburuetako batean, gizonezkoen 3.950 irudi zeuden, eta emakumezkoen 225.

OITIA ORTIZ DE LAZKANO: Laugarren atala nik eginikoa da. Erakusketan islatu nahi izan dugu historikoki nolakoa izan den emakumeon egoera; beraz, etorkizuna islatuko zuen zerbait egin nahi nuen. Horretarako, lau ispilu hartu, apurtu, eta malko batzuk jarri nizkion; norberak hausnartu dezala.

Feminismoaren gaineko hausnarketaz ari al zarete?

A. O.: Bai. Gutako bakoitzak bere bidea egin du, eta, ostean, hitz egin, eta lanak batu ditugu. Biok ados egon gaitezke zenbait puntutan, baina bera ni baino borrokatzaileago dago. Emakume langileen aldeko borroka babesten du berak; nik, ordea, orain uste dut emakume guztiok norabide berean joan gaitezkeela, guztiok batera.

O.O.: Egun, feminismoa hartzen ari den norabidea liberala dela uste dut, baina ezin dugu iraultza bat egin halako mugimendu baten alboan. Finean, norbanako bakoitzak feminismoarekiko duen harremanaz hausnartu nahi genuen erakusketan, bakoitzak zer garrantzi ematen dion feminismoari eta zer modutan.

Beraz, erakusketa parte hartzailea ere ba al da?

O.O.: Pertsonek parte hartu ahal izateko, eta egindako lana kasu bakartu bat izan ez dadin, irudi batzuetan malkoak jartzeko aukera eskaini dugu. Argazkietako bakoitzak aukera emango dio norbanako bakoitzari transmititzen dionaz gogoeta egiteko. Pertsonen ekarpenekin, erakusketa handituz joango da.

Bertaratutakoez gain, izan al duzue beste inor bidelagun?

A.O.: Boliviako Mujeres Creando [Emakumeak sortzen] taldeak hartu du parte. Emakumez osatutako talde feminista bat da, oso aktiboa. Haietako batzuei lan hau «arinegia» iruditzen zitzaien, borroka molde aktiboagoak dituztelako. Hala ere, nik uste dut emakumeon borrokan egin dezakeela ekarpena, egoeraz jabetu ahal izateko.

Beraz, kontzientzia piztea ere helburuetako bat da?

A.O: Hori da. Gainera, nik beti diot emakumeok hausnartu beharko genukeela nola hezten dugun, nola zaintzen dugun, zein den gutako bakoitzaren erantzukizuna egun dugun egoeraren aurrean. Ezin diogu errua norbere buruari bota, baina hausnartu behar dugu zein den gure rola.

Emakumeek gogoeta egin beharra aipatu duzue. Eta gizonezkoek?

O.O.: Gizonezkoak deseraikitzeko ez da bitartekorik ematen, baina beharrezkoak dira kolektiboki zein indibidualki aurrera egiteko. Esaterako, guk ere beharrezkoak ditugu alboko lagunak ahaldundu ahal izateko. Haiek ere sistema heteropatriarkalean sartuta daude; ez gara gu biktima bakarrak. Gizonezkoak hezteko moduak ere apurtu behar dira.

A.O.: Gizonezkoek eurek ikusi beharko lukete egoeraz nola hausnartu. Nik uste dut abaniko zabala dagoela, eta badaudela feministak diren gizonezkoak ere, errespetuz jokatzeaz gain, gogoeta egiten dutenak.

Erakusketa irailaren 21era arte egongo da ikusgai. Etorkizuneko asmorik?

A.O.: Ez dakigu zer gertatuko den erakusketarekin. Nik uste dut hemendik eztabaidarako abagune bat sor daitekeela. Polita litzateke proiektu berri bat jaiotzea, politikoa ez den zerbait. Gustatuko litzaidake emakumez osatutako talde bat biltzea eta hitz egitea, eztabaidatzea.

O.O.: Eztabaidatu beharra dago, hitz egin, definitu nor garen eta zer nahi dugun. Niretzat, orain egiten ari garena politikoa da. Azken finean, egiten ari garen guztia kontzientzia piztea da, eta hori politikoa da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna