ATZEKOZ AURRERA. Zigor Aldama. Kazetaria

«Mongoliak txiki egiten zaitu, ezdeusa sentiarazten zaitu»

Nomadismoa azken txanpan dagoela ohartarazi eta 'Adios a Mongolia' liburua idatzi du Aldamak. Gertutik erreparatu izan dio herrialdearen eraldaketari, eta duen baino aitorpen handiagoa beharko lukeela dio.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Hainbat urte daramatza Zigor Aldama (Bilbo, 1980) kazetariak Asiako herrialdeetatik berriemaile lanak egiten. Otsailean bere bigarren liburua argitaratuko du: Adios a Mongolia (Mongoliari agur). Hamabi urtean sei bidaia egin zituen Mongolian barrena, eta han bizitakoa bildu du. Hain zuzen, liburuaren helburua nomadek landatik hirira egiten duten azken bidaia kontatzea da. Horretarako, etnia eta ekosistema guztietako nomaden bizimoduan murgildu da, eta ibilbide osoa egin du, hiru etapak kontatzeko: familien landako bizimodua, ibilbidea eta hirira iristea.

«Ezerezak bere zentzu absolutua lortzen duen lekua». Hala deskribatzen duzu Mongolia zure azken liburuan.

Herrialdeari justizia egiten dion deskribapena da. Batik bat herrialdeko biztanleen erdiak hiriburuan bizi direla kontuan hartzen bada. Beste guztia husten ari da. Mongolia gizakiak ukitu gabeko naturaz beteriko zelaigune handi bat da. Mota guztietako ekosistemak batzen dira han, errepide eta goi tentsioko dorrerik gabe. Askatasun sentsazioa transmititzen du, ezerezarena. Beldurra ematen duen edertasuna da.

Natura hiriari gailentzen zaio?

Ulan Bator hiriburuan hirigunea mendiz inguratuta dago. Mendietan auzo pobreak daude, eta bertan, jurtak. Siberiaren antza duela esan daiteke, baina Mongolian landare gutxiago dago. Mongoliak txiki egiten zaitu, ezdeusa sentiarazten zaitu. Nik sentsazio hori atsegin dut.

Zein da bertako egoera politikoa?

Txikia izanik ere, herrialde handi baten moduko eraldaketa bizitzen ari da Mongolia. Demokrazia egonkortua dago, eta ustelkeria desagertuz doa. Arazo nagusia desberdintasun sozialak dira. Horrez gain, oharkabean igarotzen den herrialdea bada ere, baliabide natural asko ditu: mineralez betea dago, eta, ondorioz, presio politiko asko dituzte.

Mongoliako nomadak desagertzeko arriskuan daudela aipatzen duzu liburuan.

Mundu globalizatuan gizakiak jan, lo eta ugaldu baino zerbait gehiago egin behar du, eta hori nahi duenak nomadetan ez du aukerarik, artzaintza bakarrik duelako. Landa eremuan ez dago ikasi edo lan egiteko aukerarik. Gobernuak nomadak beraien artean komunikatzeko sateliteak jarri baditu ere, asko gelditzen da lantzeke. Kanpotik ikusita, nomaden bizimodua idealizatzen dugu, baina bertako errealitatea beste bat da.

Nolakoa da?

Oso gogorra. Landan bizi diren familiek ez dute komunik, eta neguak irauten duen lau hilabeteetan ez dira ezta dutxatzen ere. Denak elkarrekin bizi dira, eta ez dute inolako pribatutasunik familian. Horregatik, kilometro batzuk harago erosotasun batzuk daudela ohartzen direnean, oso zaila egiten zaie bertan jarraitzea. Horrez gain, haur eta gazteek sozializatzea behar dute, eta nomaden bizitzan ezinezkoa da. Hala ere, aipatu beharra dago familiek duten abegi ona.

Ondo egokitzen dira hirigunera?

Kostatzen zaie. Horregatik, askok jurtak jartzen dituzte auzo txiroetan landako bizimoduari izkin egin gabe hiriko erosotasunak eta aukerak edukitzeko. Halaber, hezkuntza eta osasuna dira nomadak hirietan bizitzeko arrazoi nagusiak. Mongoliako arazo handiena aukera falta da. Mongolia da munduko herrialde bakarra zeinak jatorrizko herritar gehiago dituen kanpoan bizitzen herrialdean bertan baino. Urtero 20.000 mongoliarrek uzten dute landa eremua hirira joateko.

Eta han espero dutena aurkitzen dute?

Ulan Batorreko biztanleria etengabe ari da hazten azken urteotan, eta, ondorioz, ez dago denentzako lan aukerarik. Jendeak desilusio handia hartzen du uste zuena aurkitzen ez duelako. Hori ez gertatzeko, askok ganadua saltzen dute, hirian nolabait bizi ahal izateko.

Zein ondorio izango ditu nomaden desagerpenak herrialdean?

Ez dakit. Ondorio argiena da biztanle gabeko eremu asko egongo dela, jendea herrietan kontzentratuko delako. Ez dakigu ganaduarekin zer gertatuko den. Mongolian pertsonak halako hogei abelburu daude. Barazkiak inportatu egin beharko dira. Nekazaritza garatzea litzake aukera bat, baina zero azpitik 40 gradutan zaila da.

Herrialdean gertatzen ari den eraldaketa nola bizi dute hiritarrek?

Hiritarrak landatarren aurka daude; lana eta baliabideak kentzen dizkietela diote. Are gehiago, hiria kutsatzen dutela aurpegiratzen diete, jurtetan berotzeko ikatza erabiltzen dutelako. Egia da munduko hiriburu kutsatuenetan neguan Ulan Bator bigarrena dela. Hori saihesteko, gobernuek formulak sortu beharko dituzte landatarrak hirietara egokitzeko. Badago hiri berri bat eraikitzeko planen bat martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.