ATZEKOZ AURRERA. Txema Uriarte eta Aline Soberon. Historialariak

«Historia liburuek azaltzen ez dutena azaltzen dute binetek»

Uriartek eta Soberonek liburu batean kontatu dute 36ko gerra garaian gertatutakoa, orduko irudigileek egindako bineten bidez. Prentsan argitaratutako binetak erabiliz historia osoa konta daitekeela diote.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Gernika-Lumo
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
36ko gerrak iraun zuen bitartean prentsan azaldu ziren binetak bildu eta Viñetas para el recuerdo (Oroimenerako binetak) liburua ondu dute Txema Uriarte (Bilbo, 1960) eta Aline Soberon (Bilbo, 1980) historialariek. Garai hartan, egunkariak asko kontsumitzen ziren, «batez ere ezkerreko prentsa», eta irudigileek arrakasta zuten. Guztira, ideologia desberdinetako 70 irudigileren mila bineta baino gehiago batu dituzte. Soberon arduratu da binetak berregiteaz. Gainera, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Bakearen Museoan hainbat binetarekin erakusketa jarri dute, uztailera arte.

Memoria ariketa bat da?

ALINE SOBERON: Binetak dokumentu historikoak dira; irudigileek lehen pertsonan bizi izan zuten guda. Guk irudiak erreproduzitu ditugu, irudigileek dute protagonismo guztia. Ahaztuak izan dira, eta omenaldi bat egin nahi izan diegu.

TXEMA URIARTE: Gerrako lehen eskuko dokumentu hau memoria lan bat da, haien ikuspuntua ematen digulako. Balio handia du. Ezinbesteko da irudigile ezezagun horiek nolako ekarpen garrantzitsua egin zuten azpimarratzea.

Zein zen zuen helburua?

T.U.: Hasieran, historia kontatu nahi genuen, historia bere osotasunean. Baina konturatu ginen hala kontatuz gero gure historia kontatuko genukeela, eta hau ez da gure historia. Haiek bizi izandako gertakizunekin egindako lan bat da. Horretarako, binetetatik testua kentzen hasi ginen, testuak nolabait gure ikuspuntu hori bideratzen zuelako.

Zer kontatzen dute binetek?

A.S.: Historia liburuek azaltzen ez dutena azaltzen dute binetek. Guda garaiko eguneroko bizitza, baita txutxumutxuak ere. Ez da dena borrokan oinarritzen, fronteetako bizitza ere azaltzen da, aspertu ere egiten ziren, eta bestelako ekintza batzuk zituzten. Txisteak egunerokotik sortzen dira, baita trintxeretako eta kaleko bizitzatik ere.

T.U.: Irudigileek eguneroko bizitza nola bizi izan zuten eta zer pentsatzen zuten adierazten zuten. Ideologia ezberdin asko eta aniztasun politiko handia zegoen. Nazioarteko egoera zein penagarria zen eta bakea lortzeko zer ezintasun zuten ere ageri zen binetetan. Nolabait, nazioarte mailako hipokrisia erakusten zuten. Ordu hartan agintean zeudenak ere sarritan azaltzen ziren binetetan: Franco, Hitler eta Mussolini.

Zer funtzio zuten binetek?

T.U.: Bineta editorialak dira. Funtzionagusia, gai bat editorializatzea zen, baina keinu batekin, ironia pixka batekin. Guda aurrera joan ahala, ordea, irudigileen ironia eta grazia hori zapuztuz joan zen.

A.S.: Kazetariek gudari buruzko berriak idazten zituzten, eta irudigileek bineta batean sintetizatzen zuten informazioa. Lehen orrietan azaltzen ziren gehienetan. Barre egiteaz gain, hausnarketarako tokia uzten zuten.

Oro har, zer ezaugarri artistiko zituzten guda garaiko binetek?

A.S.: Egileak, zaleak baino gehiago, irudigile profesionalak zirela konturatu gara. Asko harritu gaitu zermaila zegoen ikusteak. Horrek balio handiagoa ematen die binetei. Binetak egiteko, hausnarketa bat egin behar da. Txiste bat egin daiteke irudi txar batekin ere, baina hemen dena dago lotua: umorea eta artea. Elkarrekin doaz. Garai hartako teknika klasikoak erabiltzen zituzten.

Aipagarria da ia ez dela emakumerik ageri binetetan.

A.S.: Emakumeak errazionamenduen ilara egiten edota garbitzen azaltzen dira. Garai hartako irudia zen, baina ez zen errealitatea. Errealitatean emakumearen rola oso garrantzitsua zen, eta, zoritxarrez,ez da asko ageri. Bestalde, metafora moduan ere azaltzen da. Europa, Frantzia, bakea eta Espainiako demokrazia adierazten dute emakumeek.

T.U.: Azaltzen direnean, XIX. mendeko estereotipoen gainean eraikiak daude. Baina egunkarietan errealitatea ezberdina zen. Adibidez, lehenbiziko guda kronista emakumea izan zen, eta frontean egon zen. Guda ulertezina da emakumeen zeregina kontuan hartu gabe. Emakumeek parte hartu ezean, erori egingo litzateke.

Euskarak zer presentzia du?

T.U.: Aintzat hartu behar da guda hartan bakarrik zegoela Eguna, eta, gainera, sei hilabetez soilik iraun zuen. Hamabost bineta inguru bildu ditugu euskaraz.

Zer ikasi duzue?

T.U.: Hasi ginenean, guk ere ez genekien oso ondo noraino iritsiko ginen, zenbat bineta topatuko genituen. Ez genuen espero halako irudi multzorik aurkitzea. Harritu gaitu nolako kultura maila handia zegoen Bilbon. Irudigile hauek ez dira garrantzitsuak orduan zer gertatu zen jakiteko, baina ezinbestekoak dira historia interpretatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.