ATZEKOZ AURRERA. Edurne Martinez de Trebiño. Lilatoiaren antolatzailea

«Inportantea da Lilatoian emakumeena izatea eremu publikoa»

Igandean egingo da Lilatoia, 'Norantza bakarra du bideak' lelopean, Donostian. Lasterketa antolatzen aritu da Edurne Martinez de Trebiño kidea. Haren iritziz, kirolean murgiltzeko «tranpolin» bat izan liteke.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Berdintasunaren aldeko aldarriak ozenki entzuten diren hilabetea da martxoa: Emakumeen Nazioarteko Eguna, Lilatoia... Hain justu, igande honetan izango da, Donostian, «berdintasunaren aldeko aldarria» izatea helburu duen lasterketa. Egitasmo hori antolatzen jardun da, besteak beste, Edurne Martinez de Trebiño (Tolosa, Gipuzkoa, 1985) Donostiako Atletico San Sebastian elkarteko kidea: sei urte daramatza lasterketa antolatzen. Urtez urte lasterketa hazten ari dela dio: 6.564 emakumek hartuko dute parte.

Nola definituko zenuke Lilatoia?

Emakumeei zuzenduta antolatzen den herri lasterketa bat da. Mezu argia du berdintasunaren alde, eta horixe aldarrikatzen du.

Zer beste aldarri biltzen ditu?

Lasterkari bakoitzak bere aldarriakegiten ditu, baina mezu bakar bat jarri beharko bagenu, mezu hori berdintasuna da. Egia da, azkenean, lasterketa bat dela, eta jende askok erronka gisa edo gainditze moduan hartzen du. Aurtengo leloa hau da: Norantza bakarra du bideak. Guztiok barnean gaudela esan nahi du, guztiok berdinak garela.

Emakumea eta espazio publikoa. Bi kontzeptu horiek biltzen dituen egitasmo bat da Lilatoia. Zein da bien arteko lotura?

Oso garrantzitsua da emakumeak hor egotea eta presentzia irabaztea. Askok esaten digute berdintasuna aldarrikatzen badugu zergatik ez diren gizonezkoak ateratzen... Guk zera esaten diegu: inportantea da egun horretan eremu publikoa emakumeena izatea, presentzia horrek nabarmena izan behar duelako. Horrek ez du esan nahi gizonak baztertzen ditugunik; beti egiten dugu deialdia gizonezkoak kalera irteteko eta laguntzeko.

Emakumea eta kirola, beste bi kontzeptu. Zer harreman sortzen da bien artean egun horretan?

Oso harreman polita sortzen da. Jende askorentzat, festa moduan hasten dena gerora kirol praktika bihurtzen da, egunerokoan barneratuz. Kirol elkarte moduan, oso garrantzitsua da hori guretzat.

Lilatoia amu bat da bide horretan?

Salto egiteko tranpolin moduko bat izan daiteke. Bost kilometroko lasterketa bat egiteak aukera eman diezazuke Donostian edo inguruan beste lasterketetan parte hartzeko. Emakumeen presentzia hori handia da kirol lasterketetan, eta zifra hori gero eta handiagoa izatearen eragileetako bat Lilatoia da.

Emakume batentzat, berezia al da Lilatoian parte hartzea?

Profil asko daude. Horietako batzuek urte asko daramatzate parte hartzen, eta ikusi dute emakumeen egoera nola aldatu den. Lehen, borroka puntu batekin irteten ziren, eta, orain, ospakizun bat ere bada. Gazte asko ere ateratzen da: ikastetxeetatik etortzen dira.

Zer giro sortzen da korrikalarien, antolatzaileen... guztien artean?

Argazkilariek, txarangako kideek, batukadakoek... ikaragarria dela esaten dute: gertutasuna nabari da, zerbait berezia da. Esaten dute erreakzio horiek bestelako lasterketetan ez direla gertatzen.

Ibilbide luzeko lasterketa bat da. Hasierako pausoak gogoratuz, nola sortu zen?

1990ean sortu zen. Emakumezko elkarte batek sortu zuen: Europara bidaiatu zuten, eta emakumezkoen lasterketa bat ikusi zuten, eta ideia hori hona ekarri nahi izan zuten. Hasieran ez ziren ehun ere, eta bilakaera ikaragarria izan da: parte hartzea handituz joan da, publikoarena ere bai. Gaur egun, sendotasun bat lortu duela uste dut, hein batean, Atletico San Sebastianen elkartearen bidez.

Harremana duzue sortzaileekin?

Haiekin jarraitzen dugu lanean, Emakumeen Etxean. Historikoak deitzen diegu, eta prestaketarekin laguntzen digute. Haiek oraindik parte izaten jarraitu nahi dute, eta gustura daude gure lanarekin. Haien beldurra Lilatoiaren mezua distortsionatzea zen. Gu saiatu gara haiekin biltzen; guretzat ikasketa moduko bat izan da. Azken finean, berdintasunaren alde aldarrikatu arren, gauza bat da aldarrikatzea eta beste gauza bat lasterketaren mezua ondo zabaltzea.

Ordutik, zer aldatu da?

Irakurketa positiboa dela uste dut. Azken sei urteetan bizi izan dudana asko aldatu da. Hasieran, justifikatu egin behar zenuen lasterketa egitea;egun, ez duzu justifikatzen: jendeak parte hartu nahi du, ulertu egin du.

Nola joan da aurtengo aldia?

Iaz baino askoz ere azkarrago joan da izen ematea; jende asko gelditu da kanpoan. Guztira. 6.564 parte hartzaile izango dira; boluntarioak, berriz, 300 baino gehiago dira.

Zuk nola biziko duzu eguna?

Oso urduri. Izugarria da minutuak pasatu eta emakumeak oraindik ateratzen ikustea. Emozio handiz biziko dut; beti erortzen zait malkoren bat edo beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.