TXAPELA BURUAN. Elisa Santiago. Dantzaria

«New York bakarrak hainbertze mundu du»

Euskal Herria utzi zuenetik, eszena anitzetatik iragan da. Haietan bera izan da protagonista dantzari gisa, baina baita oihalaren gibelaldean ere: aktoreen jantzi arduradun gisa. Bere bizitzaren gidoiaren jabe da.

INSEKTA.
Ainize Madariaga
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Norat nahirat joanik ere, Elisa Santiagok (Subitza, Nafarroa, 1977) badu ahalmena tokiari eta bertakoari emanarazteko daukanetik hoberena. Mundua bere egiten du, bere barne unibertso zinez hegalariari esker.

Zerk eraman zintuen New Yorkerat?

Alex Waterman txelo joleaz maitemintzeak. Amsterdamen dantza ikasle nintzela elkar ezagutu genuen. Iparramerikarra da bera, eta ez zioten egoteko baimenik ematen. Hala, gradua bukatu-eta, ahal izan bagenu, Bartzelona hautatu izanen genukeen. Dena den, enetzat, dena hutsetik abiatzea zen berdin-berdin, zeren eta Iruñetik 17 urtetan alde egin bainuen.

2004ko abenduan, New Yorkek hartu gintuen, egun eguzkitsu, dirdiratsu eta elurtu batez.

Megalopoliseko melting-pot-ean kolore franko.

Xoraturik ezartzen ninduen New York bakarrak hainbertze mundu biltzen dituen. Lagun artistek harrera beroa eman zidaten, zeintzuek amets kreatiboak egia bilakatzen baitzituzten. Horrek urteetan energia handia eman zidan.

Halako hiri erraldoi eta sozialki konplikatuan bizitzeak ekartzen du mikro-komunitateak sortzea. Brooklynen bizi nintzen, eta ene auzoanegunetan desager nintekeen.

Bizimodua zertan aldatu zenuen?

Amsterdamekoarekin segitu nuen: nazioarteko komunitateak inguraturik bizitzea. Egia da klixea aplikatzen dela: hemen dena azeleratzen dela, eta bizirik iraun ahal izateko gehiago lan egin behar dela.

Prozesu burokratikoetako papereria kapitalismoak irensten du. Eriak gurutzaturik bizi izan nintzen mediku estaldurarik gabe, Obama iritsi zen arte. Bestalde, bada ere boluntario mugimendu azkarrik komunitateetan, sistemaren sendabelarrak dira. Badira elkarteak, irudika daitekeen ororendako.

Zerk asaldatu zintuen?

Zaborra sortzeko abileziak. Europan jada hedatu den kontsumismo horrek. Dena erabili eta bota. Afruskeria. Eta, New York hiria burbuila izatearen sentsazioa ere bai, zeren eta herri erraldoi honen gainerakoak atxikitzen baitzituen muturreko inkontzientzia, pobrezia, sektarismoa eta manipulazio politikorako zaurgarritasun penagarria.

Hango zer hartuko edota utziko zenuke etxerat ekartzeko?

Hartu: naturaren zati bat; basoberrituak izan ez diren oihanak eta animalia basatien aniztasun sinesgaitzak. Maitatu dudan jende asko ere, zeinak mundua baitakusa ikuspegi arras sortzaile eta eskuzabaletik.

Utzi: telebista kanaletan ikusten den guzia, zeinak islatzen baitute distopia amerikarra.

Zure sorkuntza ez zen dantzara bakarrik mugatu.

Dantza eta performance lanbideak ez zidan bizitzekorik aski ematen. Horregatik hasi nintzen filmetako jantzi arduradun gisa eta antzerki arropak diseinatzen.

Lanbideak liluratzen nauen transformatze ideiari bide ematen dio. Biziki maite nuen pertsonaiak ikertzea eta ikustea nola eraikitzen diren jantzien detaileei esker.

Erridau gibeleko kaos horretatik zinez hurbil sentitzen nuen ene burua: oihala altxatu baino lehenagoko adrenalina hori; kasurako, kamerak martxan ematea.

Aktore eta talde kreatiboekin lan egiteak ninduen gehien hurbiltzen mugitu gabe bidaiatzetik.

Zein aktorerekin egin duzu topo?

Boardwalk Empire filmean dut lan egin azkenik. Loriatu naiz, 20ko hamarkada hori zinez maite baitut. Aste guziz ehunka estra janzten genituen. The Messenger eta halako filma independenteetako lanaldiak loriagarrienak izan zaizkit, zeintzuetan estimatzen ditudan aktoreak ezagutu baititut: Woody Harrelson, Samantha Morton eta Ben Foster bezalakoak.

Bertan nuen lehentze batu Steve Buscemi ikaragarria, zeinak eszena inprobisatu baitzuen eta hunkitu egin baininduen. Rosemund Pike beztitu nuen aurrekontu izugarri apala zuen thriller independente batean, hain ezaguna bilakatu aitzin. Beti miretsiko dut.

Nola bizi duzu koronabirusa?

Oraintxe Beaconen bizi gara, Hudson ibaiaren ondoan, hiritik oren bat eta erdira. Ez dakit nola biziko nukeen hirian biziko banintz; aglomerazioan eta paniko handiz. Hemen, ordea, lasaiki bizi dugu, zuhaitz artean promena gaitezke, bada boluntario sare sinestezina oinarrizko gauzak lortzeko: janaria, erremedioak, euskarri emozionala...

Berriak hartzen ditugu konfiantza handiena dugun sareetatik; gakoa da histerismorik gabe bizitzeko. Ziurgabetasuna da makurrena.

Eta orain, zer?

Pandemiak planak aldatu dizkigu. 2021ean itzultzekoak ginen gure semeek kontzientzia sozialistagoan bizi zitezen, baina, Berniek irabaziko balu, hemengoa luzatuko genuke, beharbada, erlegintzan eta onddo hazkuntzan aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.