TXAPELA BURUAN. Rodrigo Artiles. Pragan bizi den domaikiarra

«Ez dut egoera hau erromantizatu nahi; salbuespen egoera da»

Artilesek gustuko ditu hotza eta hizkuntza eslaviarrak, eta Pragan topatu ditu bi horiek. Pragako biztanleak eta, oro har, herrialdea bera oso lasaiak direla iruditu zaio Arabako gazteari.

BERRIA.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun

Rodrigo Artilesek (Domaikia, Araba, 1996), maleta egin, eta Txekiako Errepublikako hiriburuan aurkitu zuen bizileku berria. Itzultzaile autonomoa da, eta, hizkuntza eslaviarren zalea izanik, txekiera ikastera animatu da. Momentuz, han geratzeko asmoa du.

Zerk eraman zintuen Pragara?

Egia esan, kasualitate kontua izan zen dena. Ikasketak bukatzerakoan, Gasteiztik alde egiteko asmoa nuen: edo gurasoen herrira edo atzerrira. Domaikian eta inguruko herrietan pisu bat alokatzea garestiegia zen, eta aukera moduan nituen atzerriko herrialdeak ere ez ziren batere merkeak: Finlandia, Norvegia, Danimarka... Tira, Txekiako Errepublikan ezagunak nituenez, baloratzen hasi nintzen. Nik errusiera ikasi nuen karreran, eta beste hizkuntza eslaviar bat ikasteko gogoz nengoen. Beraz, Pragara etortzea erabaki nuen. Gainera, itzultzaile autonomo nabil, eta ordaindu beharreko kuota baxuagoa zen hemen.

Lanean zabiltza, beraz?

Hori da. Freelance nabil, itzultzaile moduan. Euskal Herriko eta Bartzelonako enpresentzat egiten dut lan, eta gehienak hona etorri baino lehenago lotu nituen. Testuak, batez ere, teknologia eta informatikari lotutakoak dira, eta, orokorrean, ingelesetik eta gazteleratik euskarara ekartzen ditut. Noizbehinka ere errusieratik itzultzen dut, baina oso gutxitan izaten da hori. Bestalde, gaztelerako eskolak ere ematen ditut astean bitan.

Txekiera ikasteko aitzakiarekin joan zinela esan duzu. Moldatzen ari al zara?

Oraindik ikasten nabil. Lanak tarte gutxi ematen dit, hala ere, eta ez diot nahi nukeen denbora eskaintzen. Dena dela, lortu dudan maila lortu badut, sortu zaizkidan beharretatik ikasi dudalako izan da. Hau da, hemen ingelesez komunikatzea oso zaila da, eta halabeharrez ikasi behar izan ditut gauza jakin batzuk, burokrazian moldatzeko, esaterako. Nik errusiera banekien lehenagotik, eta, beraz, errazago ulertzen ditut gauzak. Baina hizkuntza eslaviarrik hitz egiten ez duenarentzat zaila izan daiteke txekiera. Oraingoz, gauza naiz dakidanarekin supermerkatuan edo jatetxe batean moldatzeko.

Oso bestelakoa da bizimodua?

Uste nuenaren kontra, ez. Gazte gehienok bizimodu antzekoa dugu: goizez lan egiten dugu, eta arratsaldez, nork bere aisialdia dauka. Uste dut Euskal Herriaren eta Txekiako Errepublikaren artean ez dagoela alde handirik alde horretatik. Ni eskalatzen ibiltzen naiz, adibidez. Bizimodua oso lasaia dela esango nuke. Alde nagusia jai giroan sumatu dut: hemen ez dago poteoan ibiltzeko ohiturarik. Hala ere, badute tabernetan egoteko ohitura hori ere.

Eta txekiarrak?

Ezaugarri orokor gisa, esango nuke oso lasaiak direla, herrialdea bera bezala. Hasieran, eman dezake hotzak direla, baina gero ohartu naiz umore beltza asko gustatzen zaiela.

Zer moduz daramazu hango eguraldi hotza?

Niri, egia esan, betidanik gustatu izan zait hotza. Horregatik, ahal dudan aldiro, oporretan edo, zirkulu polar artikoko herrialdeetara jotzen dut. Neguan, zero azpitik hamar gradu egin ditzake lasai asko hemen, baina gustatzen zait. Eguzkitsu egoten da ia egunero, egunak apur bat motzagoak diren arren. Eguzkia asko eskertzen dut. Izan ere, Gasteizen bizi nintzenean eguraldiak ez zuen laguntzen.

Nola bizi duzue pandemia Pragan?

Ez dut egoera hau erromantizatu nahi; salbuespen egoera bat da. Euskal Herriarekin alderatuta, oso lasai dago hemen; gobernuaren informazio eguneratua dugu une oro. Neurri zorrotzak hartu zituzten hasiera-hasieratik, eta, jendeak arauak errespetatu dituenez, birusa ez da horrenbeste zabaldu. Arauak betetzen ez dituztenentzat kartzela zigorrak ezarri dituzte, adibidez. Gainera, gobernua langileak laguntzen ari da. Nik autonomoen kuota hemen pagatzen dut, eta hurrengo sei hilabeteetan ez dut ordaindu beharko.

Bueltatzeko asmorik ba al duzu?

Bai. Baina, noiz? Auskalo. Urtebete gehiago behintzat geratuko naiz. Baina ez dakit garai egokia den luzera begirako planak egiten hasteko. Euskal Herrira bueltatu nahiko nuke, eta, ahal izatekotan, herrian etxe edo pisu bat hartuko nuke, baina ametsetik gehiago dauka horrek planetik baino.

Herriminik ba al duzu? Zer egiten duzu baretzeko?

Zorionez, itzulpenak egiten ditudanez euskaratik eta euskarara, ez dut urruntasun sentsaziorik. Hala ere, herrimina izaten dudanean, babarrun platerkada bat prestatzen dut, eta Oliba Gorriak taldea entzutearekin pasatu egiten zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.